ROSS MACDONALD. Izengoiti hau erabiltzen zuen idazleak Kenneth Millar zuen izena. 1915ean sortu zen Estatu Batuetan, Kalifornian, Los Gatos izeneko hirian zehazki. Hala ere, haurtzaroa Kanadan eman zuen, eta ez zen itzuli Estatu Batuetara 1938 arte.

Hogeita bost eleberritik gora idatzi zituen, eta beste lan mordoxka bat ere bai, narrazio laburrak, saiakerak, kritika-lanak eta abar.

Macdonalden izena beti Hammett eta Chandler handienekin hirukotea osatuz agertu ohi da, eta bereziki Chandlerren jarraitzaile gisa hartzen dute eleberri beltzaren azterlariek. Izan ere, hura desagertu zenean, Macdonaldek Philip Marloweren jarraitzaile bikaina utzi baitzigun Lew Archer ikertzaile pribatua sortu zuenean.

1949an lehenbizikoz plazaratu zuenetik, Archerren inguruan eraiki zituen bere eleberriak, bi izan ezik. Archer izan da Philip Marloweren mundua ia gaur egun arte luzatu duen ikertzailea.

Mystery Writers of America Grand Master Award izeneko saria bereganatu zuen Ross Macdonaldek, besteak beste. 1983an hil zen Kalifornian, ongi merezitako arrakasta eta hala irakurleen nola kritikarien onespena bereganatu ondoren.