3

Gasolindegi batean gelditu nintzen unibertsitateko bidean, eta Nicken apartamentura hots egin nuen kaleko telefono batetik. Neska batek erantzun zidan:

—Nicholas Chalmersen egoitza.

—Chalmers jauna hor dago?

—Ez, ez dago. —Ahots profesionalaz mintzo zen. Chalmers jaunaren erantzun-zerbitzua da hau.

—Nola jarriko naiz harremanetan berarekin? Garrantzizkoa da.

—Ez dakit non dagoen. —Larritasunezko nabardura ez profesionala sartu zitzaion ahotsean—. Badu zerikusirik azterketak egin ez dituelako kontuarekin?

—Baliteke —esan nion ezer zehaztu gabe—. Nicken adiskidea zara?

—Bai, banaiz. Egia esan, ez naiz Nicken erantzun-zerbitzua. Emaztegaia naiz.

—Truttwell andereñoa?

—Ezagutzen zaitut?

—Oraindik ez. Nicken apartamentuan zaude?

—Bai. Aholkularia zara?

—Gutxi gora behera, bai. Archer dut izena. Geldituko zara apartamentuan ni agertu arte, andereño? Eta Nick azaltzen bada, eskatuko diozu niri itxaroteko?

Hala egingo zuela esan zidan.

—Nicki laguntzen dion edozer egingo dut. —Horren ondorioz bazirudien mutilak ahalik eta laguntzarik handiena behar zuela.

Unibertsitatea goi-ordoki batean kokatuta zegoen, hiritik zenbait miliatara, aireportuaz harantzago. Urrutitik ikusita, eraikin berriek osatutako obalo irekiak antzinako eta misteriotsu zirudien, Stonehenge-ren antzera. Urtarrilaren hirugarren astea zen eta urte erdiko azterketak egiten ari ziren, ulertu nuenez. Campusa zeharkatzean ikusi nituen ikasleek itxura kezkatia zeukaten.

Lehenago egona nintzen Unibertsitatean, baina baziren hainbat urte handik azaltzen ez nintzela. Bitartean, ikasleak hainbat aldiz biderkatuak ziren, eta campusari atxikitako auzoa apartamentuz betetako hiria bihurtua zen. Harrigarria zen, Los Angelesen ibili ondoren, gaztez betetako leku hura zeharkatzea.

Nickek bost bizitzako etxe bat zuen bizileku, bere buruari Cambridge Arms izena ematen ziona. Igogailua hartu eta bosgarren pisura igo ondoren, Nicken apartamentuaren atea aurkitu nuen: 51. zenbakia zuen.

Neskak ireki zidan, atea jo baino lehenago. Begiak kliskatu zituen bakarrik nengoela konturatu zenean. Ile horia zuen, argi eta leuna, eta doi-doi ukitzen zizkion sport jaka ilunaren sorbaldak. Hogei urte ingurukoa zirudien.

—Ez dago Nick? —esan nion.

—Ez dut uste. Archer jauna zara?

—Bai.

Begirada arina egin zidan, aztertuz bezala, eta konturatu nintzenez, nik uste baino helduagoa zen.

—Benetan aholkularia zara, Archer jauna?

—Gutxi gora behera, esan dizudanez. Aholkulari-lan ugari egin dut, baina ez lanbidez.

—Zer egiten duzu lanbidez?

Ez zuen ahots zakarra. Baina begi zintzoak zituen eta sentiberak, erraz gaitzitzeko modukoak. Ez nuen nahi hori gertatzerik. Aspaldiko partez topatzen nuen pertsonarik ederrena zen.

—Esaten badizut, andereño, ez didazu hitz egingo.

—Polizia zara, ezta?

—Izandakoa. Ikertzaile pribatua naiz.

—Orduan zuzen zabiltza. Ez dut zurekin hitz egin nahi.

Alarma zantzuak erakusten ari zen. Handituak zituen begiak eta sudurzuloak. Argi bizi bat zeukan aurpegian, argi-garren antzekoa. Esan zuen:

—Nicken gurasoek bidali zaituzte nirekin hitz egitera?

—Nola bidaliko ninduten? Zu ez zinen hemen izatekoa. Bide batez, hizketan ari garenez, barruan egin genezake.

Apur batez zalantzan ibili ondoren, atzera egin, eta sartzen utzi zidan. Egongela altzari garestiz jantzita zegoen, baina ez zeukan goxotasunik. Semearekin kontsultatu gabe, Chalmerstarrek semeari erosiko zizkioten altzariak ziruditen.

Gelari begiratuta, bazirudien Nickek bere burua leku hartatik kanpo gorde zuela. Ez zegoen margolanik hormetan. Mutilaren gauza bakarrak moduluz egindako liburutegiko liburuak ziren haietariko gehienak testuliburuak, politika zuzenbidea, psikologia eta psikiatriari buruzkoak.

Neskarengana itzuli nintzen.

—Nickek ez du bere buruaren arrasto handirik uzten inguruan.

—Ez. Oso mutiko… gizon sekretua da.

—Mutikoa ala gizona?

—Agian ahaleginak egiten ari da hori erabakitzeko.

—Zenbat urte ditu?

—Hogeita hiru urte bete zituen joan den hilean, abenduaren 14an. Urte erdi beranduago amaituko ditu ikasketak, zenbait urte lehenago seihilabeteko bat huts egin zuelako. Hau da, ikasketak amaituko ditu, baldin eta azterketak egiten uzten badiote. Dagoeneko, hiruzpalau huts egin ditu.

—Zergatik?

—Ez da unibertsitateko arazoa. Nick nahiko azkarra da —esan zuen, hori ukatu izan banu bezala—. Oso jantzia da zientzia politikoetan; horretan lizentziatuko da, eta datorren urtean zuzenbidea ikasteko asmoa dauka. —Irreal samar zeukan ahotsa, ametsak kontatzen edo itxaropenak gogoratzen ariko balitz bezala.

—Zer-nolako arazoa da?

—Arazo existentziala, esaten dutenez. —Neskak urrats bat aurrera egin, eta besoak laxatu zituen, esku-ahurrak neuri begira—. Bat-batean axolagabe bihurtu da.

—Zurekin?

—Hori dena balitz, jasango nuke. Baina kontu guztiez paso egiten du. Bizitza osoa aldatu zaio azken egunotan.

—Drogak?

—Ez, ez dut uste. Nickek badaki zein arriskutsuak diren.

—Batzuetan hori erakargarria da.

—Badakit, badakit zer esan nahi duzun.

—Zurekin hitz egin du?

Une batez nahastuta eman zuen.

—Hitz egin zertaz?

—Azken egunotan bere bizitzak izan duen aldaketaz.

—Egia esan, ez. Badakizu, beste emakume bat dabil tartean. Emakume helduago bat. —Neska zurbil zegoen jeloskortasuna zela medio.

—Burutik eginda egon behar du —esan nion neskari laudorio gisa.

Hitzez hitz ulertu zuen.

—Badakit. Bere onean balego egingo ez lituzkeen gauzak egiten ibili da.

—Kontatu zertan ibili den.

Begirada bat egin zidan, beste guztiak baino luzeagoa.

—Ezin dizut esan. Ez zaitut ezagutu ere egiten.

—Zure aitak ezagutzen nau.

—Benetan?

—Deitu, sinesten ez badidazu.

Begirada telefonora lerratu zitzaion, bazter-mahai batean baitzegoen besaulkiaren ondoan, eta gero nire aurpegira itzuli zen.

—Horrek esan nahi du Chalmerstarrentzat ari zarela lanean. Aitaren bezeroak dira.

Ez nion erantzun.

—Zertarako kontratatu zaituzte Nicken gurasoek?

—Ez dut ezer esango. Denbora galtzen ari gara. Zuk eta biok Nick bere onera etortzea nahi dugu. Elkarri lagundu beharrean gaude.

—Nola lagunduko diot?

Iruditu zitzaidan neskarekin komunikatzen ari nintzela.

—Argi dago norbaitekin hitz egin nahi duzula. Esadazu zer-nolako asmoak zituen Nickek.

Artean ere zutik nengoen, zakur gonbidatu bat bezala. Besaulkian eseri nintzen. Neska kontuz hurbildu, eta besaulkiaren beso batean ezarri zen, nire eskumenetik kanpo.

—Kontatzen badizut, ez diezu Nicken gurasoei esango?

—Ez. Zer duzu Nicken gurasoen kontra?

—Ezer ez, benetan. Atseginak dira. Bizitza osoan ezagutu ditut adiskide eta auzoko gisa. Baina Chalmers jaunak oso gogor jokatzen du Nickekin; badakizu, aita eta semea oso ezberdinak dira. Nickek kritika zorrotzak egiten dizkio gerrari, eta Chalmers jaunaren ustez hori aberriaren kontra doa. Kondekorazioak eman zizkioten azken gerran, eta horrexegatik dauka pentsaera zurrun samarra.

—Zer egin zuen gerran?

—Armadako pilotua zen, Nickek orain dituen urteak ez zituela. Nick sekulako errebeldea dela uste du. —Eten egin zen—. Egia esan, ez da halakoa. Aitortu behar dut garai batean nahiko zoroxka zela. Aspaldian izan zen, ikasten jarri baino lehenago. Oso ondo zebilen joan den astera arte. Orduan dena lardaskatu zitzaion.

Itxaroten nengoen. Txoria bezain izuti, besaulkiaren besotik labaindu eta neure ondoan eseri zen. Aurpegi garratza ipini, eta tinko itxi zituen begiak, malkoei eutsiz. Une baten ondoren aurrera egin zuen:

—Uste dut emakume hori dabilela horren atzetik. Badakit nola eragiten didan horrek. Baina jeloskor sentitzen naiz ezinbestean. Nickek alde batera baztertu nau, bere ama bezain zaharra den emakume batekin ibiltzeko. Gainera, emakumea ezkonduta dago.

—Nola dakizu hori?

—Trask andrea zela esan zidan emakumea aurkeztean. Ziur nago kanpokoa dela: ez dago Trask izeneko inor telefono-aurkibidean.

—Emakumea aurkeztu zizun?

—Aurkeztera behartu nuen. Elkarrekin ikusi nituen Lido jatetxean. Bien mahaira joan, eta bertan gelditu nintzen, Nickek emakumea eta beste gizona aurkeztu zizkidan arte. Sidney Harrow zuen izena gizonak. San Diegon faktura-kobratzaile dabil.

—Hori esan zizun?

—Esan esan, ez. Neuk aurkitu nuen.

—Oso aurkitzaile fina zara.

—Bai —esan zuen—, hala da. Normalean, ez dut ontzat ematen kuxkuxean ibiltzea. —Irriñoa egin zidan—. Baina batzuetan kuxkuxean ibili behar da. Beraz, Harrow jauna begira ez zebilela, aparkaleku txartela hartu nion, mahai gainean baitzeukan plateraren ondoan. Lidoren aparkalekura joan nintzen txartelarekin eta arduradunari esan nion autoa erakusteko. Kabriolet zahar eta mailatu bat zen, atzeko leihatila apurtua zeukana. Gainontzekoa erraza izan zen. Autoaren erregistro-orritik atera nituen gizonaren izen-helbideak, San Diegora dei egin nuen, gizonaren bizilekura, eta kobratzaileen agentzia bat gertatu zitzaidan. Esan zidatenez, Harrow jauna oporretan zegoen. Baita zera ere!

—Nola dakizu ez dagoela oporretan?

—Ez dut amaitu. —Lehenengo aldiz artega zebilen, istorioak bultzaturik—. Ostegun eguerdian aurkitu nituen jatetxean. Berriz ikusi nuen kabriolet zaharra ostiral gauean. Chalmerstarren etxe aurrean aparkaturik zegoen. Kaleaz bestaldean bizi dira, zeharretara, eta leihotik ikusten dut etxea. Harrow jaunaren autoa zela ziurtatzeko, autora joan nintzen erregistro-orria begiratzera. Ostiral gauean izan zen, bederatziak aldera.

—Harrowen autoa zen, hain zuzen ere. Gizonak autoaren atea ixten entzungo ninduen. Hala, korrika irten zen Chalmerstarren etxetik zertan ari nintzen galdetzera. Zertan ari zen bera galdetu nion nik. Zaplastada eman, eta besoa bihurritzen hasi zitzaidan. Zarataren bat egingo nuen; izan ere, Nickek etxetik irten eta Harrow jo zuen. Gizonak errebolberra hartu zuen autotik eta une batez iruditu zitzaidan tiro egingo ziola Nicki. Oso begirada bitxia zeukaten biek aurpegian, biak hiltzera joango balira bezala. Benetan elkar hil nahi, eta hilak izateko gogoa balute bezala.

Ezagutzen nuen hil-aurreko begirada hura. Gerran ikusita neukan, eta sarri askotan gerraz geroztik ere.

—Baina andreak —esan zuen neskak—, etxetik irten, eta geldiarazi egin zituen. Autoan sartzeko esan zion Harrow jaunari. Gero bera ere autoan sartu, eta alde egin zuten. Nickek esan zuen sentitzen zuela, baina ez zegoen nirekin hitz egiteko moduan. Etxera joan, eta atea giltzatu zuen.

—Nola dakizu giltzatu zuela?

—Sartzen saiatu nintzen. Gurasoak kanpoan ziren, Palm Springsen, eta Nick oso asaldatuta zegoen. Ez galdetu zergatik. Ez dut batere ulertzen, emakumea Nicken atzetik dabilela baizik.

—Badakizu hori?

—Halakoxe emakumea da. Gezurrezko ile horia du, aho gorri handi eta hezea, eta begi pozoitsuak. Ez dut ulertzen nolatan liluratuko zen Nick emakume horregatik.

—Zergatik uste duzu liluratuta dagoela?

—Emakumeak nola hitz egiten zion entzunda, Nicken jabea balitz bezala. —Bettyk aurpegia eta gorputzaren aurrealdea alboratu zituen hitz egitean.

—Aitarekin hitz egin duzu emakumeaz?

Buruari eragin zion ezetz egiteko.

—Badaki arazoak ditudala Nickekin. Baina ezin diot esan zer den. Nick oso txarto geldituko litzateke.

—Eta zuk Nickekin ezkondu nahi duzu.

—Aspalditik itxaroten egon naiz. —Itzuli egin zen niri begiratzeko. Neskak etengabe eragindako presio hotza sentitu nuen, urtegian pilatutako uraren antzera—. Nickekin ezkontzeko asmoa dut, aitak hori gogoko izan zein ez izan. Jakina, nahiago nuke aitaren baimena izango banu.

—Baina aita Nicken aurka dago?

Aurpegia argaldu egin zitzaion.

—Ezkontzeko aukeratzen dudan edozein gizonen aurka egongo litzateke. Ama 1945ean hil ziguten, nik orain ditudan urteak ez zituela —gaineratu zuen ustekabe antzean—. Aita ez da berriz ezkondu, nire onerako. Nahiago nuke ezkondu izan balitz, nire onerako.

Sufritu izan duen emakume gaztearen doinu neurtuaz mintzo zen.

—Zenbat urte dituzu, Betty?

—Hogeita bost.

—Noiz ikusi duzu Nick azkeneko aldiz?

—Ostiral gauean, haren etxean.

—Eta harrezkeroztik hemen egon zara Nicki itxaroten?

—Denbora osoan ez. Aita gaixotu egingo litzateke gauez etxeratuko ez banintz. Bide batez, Nickek ez du lo egin bere ohean hemen itxaroten egon naizenetik.

—Noiztik?

—Larunbat arratsaldeaz geroztik. —Hauxe gaineratu zuen begirada zorabiatua zuela—: Emakume horrekin lo egin nahi badu, aurrera.

Une hartan telefonoak hots egin zuen. Neska arin jaiki, eta deiari erantzun zion. Une batez entzun ondoren, gozagaitz samar hitz egin zuen:

—Chalmers jaunaren erantzun zerbitzuarekin ari zara… Ez, ez dakit non dagoen… Chalmers jaunak ez dit halako informaziorik ematen.

Berriz entzuten ari zen. Eserita nengoen lekutik bere onetik irtendako emakumezko ahots bat aditu nuen telefonoz, baina ez nituen hitzak ulertu. Bettyk errepikatu zituen: «Chalmers jaunak ez du Montevista ostatura hurbildu behar». Ulertzen dut. Zure senarrak haraino jarraitu dizu. Hori esan behar diot…? Konforme.

Telefonoa eskegi zuen, kontu handiz, lehergailuz kargatuta balego bezala. Odola lepotik igo zitzaion, aurpegia emozio hutsez gorritzeraino.

—Trask andrea izan da.

—Banengoen. Montevista ostatuan dago, nonbait.

—Bai. Baita senarra ere.

—Agian bisitaldi bat egingo diot.

Brastakoan jaiki zen.

—Etxera noa. Ez dut gehiago itxarongo. Umiliagarria da.

Elkarrekin jaitsi ginen igogailuan. Intimitate automatiko hartan hala esan zidan:

—Sekretu guztiak kontatu dizkizut. Nola eragiten diozu jendeari hori egiteko?

—Ez diot eragiten. Jendeak min ematen dionaz hitz egiteko gogoa du. Batzuetan horrek mina leuntzen du-eta.

—Bai, hala uste dut.

—Badaukat egiterik beste galdera mingarri bat?

—Dirudienez, egun egokia da horretarako.

—Nola hil zizuten ama?

—Autoz, gure etxe aurrean bertan, Pacific Streeten.

—Nor zen gidaria?

—Inork ez daki, eta nik inork baino gutxiago. Umetxo txikia baino ez nintzen.

—Jo eta ihes?

Baietz egin zuen buruaz. Ateak ireki ziren beheko pisura helduta eta hor hautsi zen gure arteko intimitatea. Elkarrekin irten ginen aparkalekura. Kabriolet gorri batean joaten ikusi nuen, pneumatikoak errez kalera irten zenean.