4
Montevista itsaso ondoan zegoen Pacific Pointetik hegoaldera joanda.
Landako komunitatea zen, egoitzaz betea, dirua edonon bizitzeko zeukaten basozaleentzat egina.
Autobidetik irten, eta haritzez inguratutako aldapa batean gora igo nintzen Montevista ostaturaino heltzeko. Aparkalekutik ikusita, bazirudien beheko sabaiak berdetasunezko uholde batean flotatzen ari zirela. Trask andreaz galdetu nion bulegoko mutilari. Zazpigarren etxolaraino gidatu ninduen, igerilekuaz bestaldean.
Ur txurrusta bat zerion brontzezko gizurde bati igerileku handi eta zaharraren mutur batetik. Harantzago, lauzazko bidexka batek sigi-saga egiten zuen, haritz artean, iztuku zuriz pintatutako etxola baterantz. Okil hegagorri bat zuhaitzetik hegaldatu, eta zeru-zati bat zeharkatu zuen, hegoak itxi-zabalka, gorri biziz pintatutako abanikoa bezala.
Leku atsegina zen, etxolatik zetozen ahotsen zaratagatik izan ezik. Emakumezkoaren ahotsa trufaka zebilen. Gizonezkoarena, berriz, triste eta monotonoa zen. Hala zioen gizonak:
—Ez da barregarria, Jean. Hainbat aldiz apur dezakezu zeure bizitza. Baita nirea ere, nire bizitza ere bai. Azkenean, halako punturaino helduta, ezin dituzu berriro apurrak batu. Ikasi egin beharko zenuke zure aitari gertatutakotik.
—Utzi bakean nire aita.
—Nola utziko, ba? Bart gauean zure amari deitu nion, Pasadenara, eta berak esan zidan oraindik ere aitaren bila zabiltzala. Ameskeria duzu hori, Jean. Ziurrenik, badira hainbat urte hilda dagoela.
—Ez! Aitatxo bizirik dago. Eta oraingoan aurkitu egingo dut.
—Berriz ere bertan behera utz zaitzan?
—Inoiz ez ninduen bertan behera utzi.
—Hala entzun nion zure amari. Biak bertan behera utzi, eta aldean zeukanarekin alde egin zuen.
—Ez zuen hori egin. —Emakumearen ahotsa gero eta ozenagoa zen—. Ez duzu horrelakorik esan behar aitari buruz.
—Esan dezaket, egiazkoa bada.
—Ez zaitut entzungo! —Oihukatu zuen emakumeak—. Alde hemendik. Utzi bakean.
—Ez zaitut utziko. Nirekin etorriko zara etxera, San Diegora, eta ganoraz jokatuko duzu. Hainbeste zor didazu, behintzat, hainbat urteren buruan.
Une batez, emakumea isilik gelditu zen. Lekuaren soinuak txaplaka ari ziren olatu leunak bezala: txonta bazkan ari zen sasi artean, eta txepetxa zalapartaka. Berriz hitz egitean, emakumeak lasai eta serioago zuen ahotsa:
—Barkatu, George, benetan. Baina etsi egin behar duzu. Sarri askotan entzun dut orain diozuna, eta haizea bezala joaten da.
—Lehen beti itzultzen zinen —esan zuen gizonak itxaropen pittin bat zuela ahotsean.
—Oraingoan ez.
—Itzuli egin behar duzu, Jean.
Gizonari ahotsa argaldu zitzaion. Itxaropena okertu, eta mehatxu bihurtu zuen. Etxolaren inguruan ibiltzen hasi nintzen.
—Ez ausartu ni ukitzera —esan zion emakumeak.
—Legezko eskubidea daukat. Emaztea zaitut eta.
Gizona gauza oker guztiak esaten eta egiten ari zen. Jakin banekien, garai batean nik ere esan eta egin nituelako. Emakumeak garrasi txikia egin zuen, eta bazirudien handiago bat entseatzen ari zela.
Etxolaren izkinaren inguruan begiratu nuen, lauzazko bidexkak patiora egiten zuen lekuan. Gizonak besoz inguratuta zeukan emakumea eta musuka ari zitzaion buru horiaren alboan. Emakumeak aurpegia baztertua zuen, nire aldera, hain zuzen ere. Begiak hoztuta zeuzkan, senarraren musuak izotzezkoak bailiran.
—Utzi joaten, George. Norbait dugu gurekin.
Gizonak emakumea utzi, eta atzera egin zuen, musu-gorriturik eta begi-umeldurik. Sasoiko gizona zen, handia, eta baldarki mugitu zen, bera balitz bezala sarkina, ni izan beharrean.
—Emaztea dut —esan zuen, aitzakia gisa aurkezpen gisa baino areago.
—Zergatik ari zen oihuka?
—Ongi da —esan zuen emakumeak—. Ez dit minik eman. Baina orain hobe duzu joatea, George, ezer gertatu baino lehen.
—Gehiago hitz egin behar dut zurekin. —Esku handi eta gorria luzatu zion emakumeari. Keinua mehatxukorra bezain hunkigarria zen, Frankesteinen munstro errugabeak egindako zerbait bezala.
—Berriz asaldatuko zinateke, besterik gabe.
—Baina eskubidea daukat neure burua defenditzeko. Ezin nauzu bertan behera utzi, nire arrazoiak entzun gabe. Ni ez naiz gaizkilea, zure aita bezala. Eta, hala ere, gaur egun gaizkileek ere badute aukera epaitegian hitz egiteko. Entzun egin behar didazu.
Oso berotuta zegoen, eta halako berotasunetik indarkeriara pasa zitekeen, gainezka eginez gero.
—Hobe duzu joatea, Trask jauna.
Niregana bihurtu zuen begirada zoro eta hezea. Aldean neraman plaka zaharra erakutsi nion, sheriffaren laguntzaile bereziarena. Arretaz aztertu zuen, bitxikeria balitz bezala.
—Oso ondo, banoa. —Beste aldera itzuli, eta urrundu egin zen, eta geldialdia egin zuen etxearen izkinan atzera esateko—: Ez naiz urrutira joango.
Emakumea niregana itzuli zen, hasperen eginez. Ilea lardaskaturik zeukan, eta hatz urduriez moldatzen ari zen. Panpinenen gisako kizkurrez apainduta zeukan, bere berrogei urte inguruei oso ondo ez zegokien eran. Baina Bettyk egindako deskripzioa gorabehera, ez zen itxura txarreko emakumea. Gorputz ederra zuen brusaren azpian, eta aurpegi polita eta goibela.
Gogaitu ninduen kualitate bat ere bazuen, begi inguruan zebilkion zerbait, zalantzakor eta iluna, aspaldi luzean bidea okertu izan bailuen.
—Garaiz etorri zara —esan zidan—. Inoiz ez dago jakiterik zer egingo duen Georgek.
—Ez beste inork ere.
—Hemengo zaintzailea zara?
—Ordezkoa naiz.
Goitik behera begiratu zidan, dibortziatzeko praktikak egiten ari den emakume batek bezala.
—Kopa bat zor dizut. Whiskia gustatzen zaizu?
—Izotzarekin, mesedez.
—Izotz apur bat daukat. Jean Trask dut izena, bide batez esanda.
Nire izena eman nion. Etxolako egongelaraino eraman, eta bertan utzi ninduen, sukaldean zebilen bitartean. Gelako hormetan ehizako grabatu batzuk ageri ziren, non jaka gorriko ehiztariak eta ehiza-zakurrak mendi-bailaretan zehar zebiltzan azeria botatzeraino.
Margolanak nabarmenki ikertuz, buelta bat egin nuen gelan zehar logelako ateraino, zabalik baitzegoen, eta barrura begiratu nuen. Bi ohetatik hurbilenean emakumezko maleta urdin bat zegoen irekita, urrezko kutxatila barruan zuela. Estalki pintatuan gizonezko bat eta emakumezko bat jostaketan ari ziren antzinako jantzi apurretan.
Tentatuta egon nintzen logelara sartu eta kutxatila hartzeaz, baina John Truttwellek ez zuen gogoko izango. Beragatik ez balitz ere, ziurrenik bakean utziko nuen kutxatila. Sumatzen hasia nintzen kutxatilaren lapurreta ez zela kasuaren gertakizun fisiko baino. Nolanahiko magia zuela ere, zuria, beltza edo urrekara, eskutan erabiltzen zuen jendearengandik jasotzen zuen.
Alabaina, bi urrats egin nituen logelan sartu eta kutxatilaren estalki astuna jasotzeko. Hutsik zegoen. Trask andrea entzun nuen egongela zeharkatzen, eta harengana itzuli nintzen. Danbadaz itxi zuen logelako atea.
—Ez dugu gela hori erabiliko.
—Horixe pena.
Harrituta begiratu zidan, bere xalotasun zakarraz ohartuko ez balitz bezala. Ondoren, baso bat whiski eman zidan bulkada batez.
—Eutsi.
Sukaldera joan, eta beretzako edari marroi-beltz batekin itzuli zen. Pare bat zurrutada hartu orduko, begiak lanbrotu eta distiratsu jarri zitzaizkion, eta aurpegia gorriztatu. Edaten ohitua zegoen, edo hala iruditu zitzaidan, eta batez ere bakarrik edan nahi ez zuelako nengoen ni han.
Dzangada batez amaitu zuen edaria eta beste bat prestatu zuen; ni, berriz, kontuz edaten ari nintzen. Besaulkian eseri zen, nire aurrean, kafe-mahai bat genuela tartean. Ia-ia gustura nengoen han. Gela handi eta lasaia zen, eta etxeko ate nagusitik zehar eperrak pur-purka aditu nituen.
Giroa hondatu behar izan nuen.
—Urrezko kutxatila miresten ari nintzen, Florentziarra da?
—Hala uste dut —esan zuen, zakar.
—Ez dakizu? Nahiko baliotsua dirudi.
—Benetan? Aditua zara?
—Ez. Segurtasunezko kontuez ari nintzen. Nik ez nuke hor botata utziko.
—Eskerrik asko aholkuagatik —esan zidan ozpinduta. Une batez isilik egon zen, edariari zurrupadak emanez—. Ez nuen zakarra izan nahi; kezkak ditut buruan. —Niregana makurtu zen interesa erakutsiz—. Aspalditik zabiltza segurtasunezko kontuetan?
—Hogei urtetik gora, poliziarekin egindako denbora barne.
—Polizia izan zara?
—Bai.
—Agian lagunduko didazu. Halako egoera gogaikarrian sartuta nago. Oraintxe bertan ez daukat azaltzeko gogorik, baina Sidney Harrow izeneko gizona kontratatu nuen nirekin etortzeko. Detektibe pribatua zela ziurtatu zidan, baina autoak berreskuratzean dauka eskarmentua, batez ere. Oso arin erabiltzen du atoia. Gainera, arriskutsua da. —Edaria amaitu zuen, eta dardara egin zuen.
—Nola dakizu arriskutsua dela?
—Senargaia hil ez didanean! Oso arin erabiltzen du pistola ere.
—Senargairik ere baduzu?
—Senargaia deitzen diot —esan zidan erdi irribarretsu—. Egia esan, anai-arrebak bezalakoak gara, edota aita-alabak, hau da, ama-semeak. —Irribarre leloa egin zuen.
—Nola du izena?
—Horrek ez dauka zerikusirik kontatzen dizudanarekin. Kontua da Sidney Harrowek gutxigatik ez ziola tiro egin joan den gauean.
—Non gertatu zen hori?
—Nire senargaiaren etxe aurrean bertan. Orduan konturatu nintzen Sidney zoroa zela, eta harrezkeroztik ez dit ezertan lagundu. Portreta-eta baditu, baina ez du ezer egiten. Ez naiz ausartzen berriz emateko eskatzera.
—Eta nik eskatzea nahi duzu?
—Baliteke. Orain arte ez naiz ezertan konprometitu. —Gizonak ezagutu ez eta gizon kontuetan betiere erabaki okerrak hartuko zituen emakumearen zuhurtzia eroaz mintzo zen.
—Zer egin beharko luke Sidneyk portretarekin-eta?
—Datuak bilatu —esan zuen zuhurki—. Horretarako kontratatu nuen. Baina okertu egin nintzen: diru pixka bat eman diot, eta egiten duen guztia moteleko gelan eseri eta edatea da. Badira bi egun haren berririk ez dudala.
—Zein motel da?
—Sunset motela, hondartzakoa.
—Nola nahastu zinen Sidney Harrowekin?
—Ez nago berarekin nahastuta. Ezagun batek ekarri zuen etxera joan den astean eta oso erne eta bizia zirudien, behar nuen gizona balitz bezala, hain zuzen ere. —Gertakizunaren promesa berritzeko edo, basoa altxatu, eta azken ttanttak edan zituen, mihiaz ateraraziz denak—. Aita gogorarazi zidan, gazteagoa zela.
Une batez gustura zirudien oroitzapen bikoitz hartan. Baina oso aldakorrak zituen sentimenduak eta ezin izan zion luzaro eutsi. Ikusi nuen nola iraungi zitzaion arin gogoratutako zoriontasun hura begietan.
Jaiki, sukaldera abiatu, eta bat-batean gelditu zen, kristal ikusezin baten aurka jo izan balu bezala.
—Gehiegi edaten ari naiz —esan zidan—. Eta gehiegi hitz egiten.
Basoa sukaldean utzi, eta atzera itzuli zen nire ondoan gelditzeko, zutik. Susmoak hartuta begiratu zidan begi atsekabetuekin, atsekabearen sorburua bainintzan.
—Alde hemendik, mesedez. Ahaztu zer esan dizudan, e?
Eskerrak eman nizkion edariagatik, autoa hartuta Ocean Boulevardera joan, eta bulebarrean barrena Sunset motelera egin nuen.