9
Etxetik irten baino lehen, Truttwellek pipa bete, eta piztu egin zuen sukaldeko pospolo batez. Estudioan geratu nintzen gizona irten zenean, Roy Snyder Sacramentokoari hots egiteko. Bostak bost gutxi nituen erlojuan, eta ozta-ozta nenbilen Snyder harrapatzeko, laneguna amaitu baino lehen.
—Archer berriro. Baduzu argibiderik Colt horren jabeari buruz?
—Bai, badut. Pasadenan erosi zuen Rawlinson izeneko gizon batek, arma berria zela. Samuel Rawlinson. —Snyderrek izena letreatu zuen—. 1941eko irailean erosi zuen, eta aldi berean armak erabiltzeko baimena jaso Pasadenako poliziarengandik. Baimena 1945ean iraungiko zen. Horixe baino ez daukat.
—Zein arrazoi eman zuen Rawlinsonek arma erabiltzeko?
—Laneko segurtasuna. Banku bateko burua zen —gaineratu zuen Snyderrek idorki—. Pasadena Occidental bankua.
Eskerrak eman nizkion eta Pasadenako informazio zerbitzuaren zenbakia markatu nuen. Pasadena Occidental bankua ez zegoen zerrendan, baina Samuel Rawlinson bai.
Buruz buruko dei bat eskatu nuen Rawlinsonekin hitz egiteko. Emakume batek erantzun zidan. Ahots latz eta epela zeukan.
—Barkatu —azaldu zion operadoreari—. Rawlinson jaunak nekez du telefonora etortzerik. Artritisa.
—Emakumearekin hitz egingo dut —esan nuen.
—Aurrera, jauna —esan zidan operadoreak.
—Lew Archer nauzu. Norekin ari naiz?
—Shepherd andrearekin. Rawlinson jauna zaintzen dut.
—Gaixorik dago?
—Zaharra da —esan zidan—. Denok zahartzen gara.
—Zuzen-zuzen zabiltza, andrea. Rawlinson jaunak 1941ean erosi zuen arma baten arrastoa ikertzen ari naiz. 45eko Colt errebolberra. Galdetuko diozu zer egin zuen armarekin?
—Galdetuko diot.
Telefonoa utzi zuen minutu batez edo. Linea zaratatsua zen, eta urrutitik aditu nituen murmurioak eta hitz solteak, baina iraungi egin ziren ni ezer ulertzeko gauza izan baino lehen.
—Nor zaren jakin nahi du —esan zuen Shepherd andreak—. Eta zer-nolako eskubidea duzun berari inongo armaz galdetzeko.
Barkamen gisa gaineratu zuen: —Rawlinson jaunak esandakoa aipatzen ari naiz, besterik gabe. Oso puntalakurloa da.
—Neu ere bai. Esaiozu detektibea naizela. Baliteke arma hori erabili izana atzo gauean hilketa bat egiteko.
—Non?
—Pacific Pointen.
—Uda eman ohi zuen han —esan zuen emakumeak—. Berriz galdetuko diot. —Telefonotik alde egin, eta berriz itzuli zen—. Barkatu, Archer jauna, ez du hitz egin nahi. Baina esan du hona etorri eta dena azaltzen badiozu, zurekin hitz egingo duela.
—Noiz?
—Gaur gauean, hala nahi baduzu. Inoiz ez da gauez irteten. Locust Streeteko 245. zenbakia da.
Esan nion ahalik eta lasterren izango nindutela han.
Autoan nengoela, joateko prest, konturatu nintzen ez nuela behingoan joaterik. Medikuen eranskina zeukan Cadillac kabriolet beltz bat nire aurrean bertan aparkaturik zegoen. Hitz-aspertu bat egin nahi nuen Smitheram doktorearekin.
Chalmerstarren etxeko ate nagusia zabal-zabalik zegoen, etxeko segurtasuna hautsi izan balute bezala. Sarrera gelara sartu nintzen. Hantxe zegoen Truttwell, niri bizkarra emanda, psikiatra behar zuen burusoil handi batekin eztabaidaka. Lawrence eta Irene Chalmers kalapitaren ertzetan zeuden.
—Erietxea ez da komenigarria —zioen Truttwellek—. Ez gaude ziur zer esango ote duen mutilak, eta erietxeetan beti gertatzen dira filtrazioak.
—Neure klinikan ez —esan zuen gizon handiak.
—Baliteke, agian baliteke. Hala eta guztiz ere, zuri edo zure langileetariko bati galderak egiten badizkizuete epaitegian, erantzun egin beharko zenituzkete. Ez da abokatuen kasuan bezala…
Doktoreak Truttwelli eten zion:
—Nickek inolako deliturik egin du?
—Ez diot galdera horri erantzungo.
—Nola zainduko dut gaixoa informaziorik gabe?
—Informazio piloa daukazu, nik baino gehiago. —Truttwellen ahotsak burrunbaka ematen zuen aspaldiko korromioaz—. Hamabost urtez egon zara informazio hori atxikitzen.
—Behintzat, onartu egiten duzu —esan zuen Smitheramek—, ez naizela poliziarengana korrika joan hori kontatzera.
—Poliziari interesatuko litzaioke, doktorea?
—Ez diot galdera horri erantzungo.
Gizon biak aurrez aurre zeuden suminari eutsiz. Lawrence Chalmers zerbait esaten saiatu zitzaien, baina ez zioten jaramonik egin.
Chalmersen emaztea niregana hurbildu zen, eta alde batera eraman ninduen. Margul zituen begiak, inolako ustekaberik ageri gabe, aspalditik antzemanda zeukan zerbaitek jo izan balu bezala.
—Smitheram doktoreak bere klinikara eraman nahi du Nick. Zer uste duzu egin beharko genukeela?
—Truttwell jaunarekin ados nago. Zure semeak legezko segurtasuna behar du medikuen segurtasuna bezainbeste.
—Zergatik? —esan zuen zakar.
—Atzo gauean gizon bat hil zuen, berak esaten duenez, eta lasai-lasai mintzatu da horretaz.
Etenaldia egin nuen, berria beregana zezan. Hura gertatzea espero balu bezalaxe hartu zuen.
—Nor da gizona?
—Sidney Harrow du izena. Kutxatila florentziarraren lapurretan sartuta zebilen. Baita Nick ere, nonbait.
—Nick ere bai?
—Hala uste dut. Kontu horiek guztiak gogoan dituela, ez dut uste inongo klinika edo erietxetan sartu beharko zenuketenik. Erietxeetan beti gertatzen dira filtrazioak, Truttwellek dioenez. Ez daukazue etxean gordetzerik?
—Nork zainduko luke?
—Zuk eta zeure senarrak.
Senarrari begiratu zion, egoera ebaluatzeko.
—Baliteke. Ez dakit Larry prest dagoen horretarako. Ez du ematen, baina zeharo sentikorra da, batez ere, Nicki dagokionez. —Hurbilagotu egin zitzaidan, eta haren gorputzaren eraginaz jabetu nintzen—. Egingo zenuke, Archer jauna?
—Egin, zer?
—Nick zaindu, gaur gauean?
—Ez. —Gogor eta zalantzarik gabe ahoskatu nuen hitza.
—Soldatapean zauzkagu, badakizu.
—Eta soldata irabazten ibili naiz. Baina ez naiz erizain psikiatrikoa.
—Damu dut hori eskatu izanaz.
Ziztada bat eman zidan hitz haiek esatean. Besterik gabe, bizkarra eman zidan eta alde egin zuen. Erabaki nuen hobe nuela herritik irtetea emakumeak ni lanetik bota baino lehenago. John Truttwellengana joan, eta esan nion nora nindoan eta zergatik.
Truttwell eta doktorearen arteko eztabaida baretuago zegoen. Smitheram doktorea aurkeztu zidan, eta azken honek bigunki tinkatu zidan eskua, bai eta gogorki begiratu ere. Begirada kezkatua zeukan.
—Nicki buruzko galdera batzuk egin nahi nizkizuke —esan nion.
—Hau ez da ez lekua ez ordua.
—Konturatzen naiz, doktorea. Bihar ikusiko zaitut bulegoan.
—Hala nahi baduzu. Barkatu, baina gaixoak zaindu behar ditut.
Egongelako ateetaraino jarraitu nion eta barrura begiratu nuen. Betty eta Nick tapizean eserita zeuden, baina ez elkarrekin, elkarren ondoan baizik. Betty mutilarengana jiratuta zegoen, beso batean bermaturik. Nickek belaunen kontra jarrita zeukan aurpegia.
Bazirudien bietariko inor ez zela mugitzen, ezta arnasa hartzen ere. Espazioan galdutako lagunak ziruditen, betiko izoztuak banan banako jarreretan, etsiturik mutila, arduratuta emakumea.
Smitheram doktorea biengana joan, eta ondoan eseri zitzaien.