26
Betty ate nagusira etorri zen, aldez aurretik hitz hartuta bageunde bezala, eta berriz sartzeko esan zidan.
—Gutunak ditut —esan zuen lasai—, Nickek aitaren diru-kutxatik eraman zituen gutunak.
Goiko pisura eraman ninduen, bere langelara, eta gutun-azal bat atera zuen tiraderatik. Aire-postaz bidalitako gutunez josita zegoen, gehienak daten arabera sailkatuak. Berrehun bat gutun izango ziren.
—Nola dakizu Nickek hartu zituela diru-kutxatik?
—Hala esan zidan berak herenegun gauean. Smitheram doktoreak une batez bakarrik utzi gintuen. Nickek apartamentuko zein lekutan ezkutatu zituen esan zidan. Atzo joan eta ekarri nituen.
—Esan zuen zergatik hartu zituen?
—Ez.
—Badakizu zergatik?
Kuxin handi eta pintarratu baten gainera igo zen.
—Era askotako burutazioak izan ditut —esan zuen—. Zerikusia dute aita-semeen arteko kontuarekin, nik uste. Arazoak arazo, Nickek beti gorde izan dio begirune handia aitari.
—Gauza bera gertatzen zaizu aitarekin?
—Ez gara nitaz ari —esan zidan zurrun samar—. Dena dela, neskok bestelakoak gara… askoz ere anbiguoagoak. Mutikoak aitaren antzekoa izan nahi du edo ez. Uste dut Nickek hala nahi duela.
—Horrek ez du azaltzen zergatik lapurtu zituen gutunak.
—Ez dizut esan hori azaltzea neukanik. Baina agian ahaleginak egiten ari zen, badakizu, aitaren adorea lapurtzeko eta abar. Gutunak oso garrantzitsuak ziren Nickentzat.
—Zergatik?
—Chalmers jaunak garrantzia eman zien. Ozenki irakurri ohi zizkion Nicki… gutunen zatiak, behintzat.
—Orain dela gutxi?
—Ez. Nick umetxoa zela.
—Zortzi urtekoa?
—Adin hartan edo hasi zen. Uste dut Chalmers jaunak doktrinatu nahi zuela, semea gizontzeko eta hori guztia. —Mespretxuz mintzo zen, ez Nickez edo aitaz, baizik diziplinaz.
—Nickek zortzi urte zituela —esan nion—, istripu larria jasan zuen. Badakizu zer izan zen, Betty?
Baietz egin zidan buruaz, oldarrez. Ilea aurrera jausi zitzaion, aurpegiaren alderik handiena estaliz.
—Gizon bat hil zuen, atzo gauean esan zidan. Baina ez dut horretaz hitz egin nahi, konforme?
—Beste galdera bat, besterik ez. Zer pentsatzen zuen Nickek hilketaz?
Bere burua besarkatu zuen, hoztuta balego bezala. Besoak bilduta eta ileaz maskaratuta, kuxinean kuzkurtu zen, gnomoen antzera.
—Ez dut horretaz hitz egin nahi.
Belaunak jaso, eta aurpegia haien kontra ezarri zuen, etsipenezko jarreran Nick imitatuko balu bezalaxe.
Gutunak leiho nagusiaren ondoko mahaira eraman nituen. Eserita nengoen lekutik Chalmerstarren etxearen aurrealdea ikusi nuen, zuritasun distiratsuan teilatu gorriaren azpian. Historia zeukan etxea zirudien, eta lehenengo gutuna irakurri nuen historia haren beste zati batzuk ulertuko nituelakoan.
Estelle Chalmers andrea
2124 Pacific Street
Pacific Point, Kalif.
Pearl Harbor
Urriak 9, 1943
Ama maitea:
Eskutitz labur bat idazteko denbora baino ez daukat. Alabaina, berehala adierazi nahi nizun lortu dudala nahi nuena. Esan didatenez, eskutitz hau zentsuratu egingo dute xehetasun militarrak direla kausa, beraz, itsasoa eta airea aipatuko dizkizut, besterik gabe, eta horrela ulertuko duzu zer-nolako eginbeharra egokitu zaidan. Zaldun izendatu berri banindute bezala sentitzen naiz, ama. Mesedez, kontatu Rawlinson jaunari nire berri onak.
Lehorretik hona egindako bidaia aspergarria baina nahiko atsegina izan da. Pilotukide batzuk denbora ematen zebiltzan popa aldean arrain hegalariei tiroka. Azkenean esan diet denbora alferrik galtzen zebiltzala eta egunaren edertasuna hondatzen. Une batez iruditu zait aldi berean horietariko lauzpabosten aurka borrokatu beharko nuela. Baina nire ikuspuntuaren nagusitasun morala ezagutu, eta popatik alde egin dute.
Espero dut ondo eta pozik egongo zarela, ama maitea. Ni inoiz baino pozikago nago. Zure seme maitea,
Larry
Nonbait, kasuari buruzko argibide gehiago espero nituen, eta gutunak dezepzionatu egin ninduen. Gerran sartzeko irrika bizian zebilen mutiko idealista eta buruiritzi samarrak idatzia zen. Hona gutunari buruzko kontu ohargarri bakarra: harrezkero mutikoa Chalmers bezalako gizon idorra bihurtua zela.
Bigarren gutuna, multzoaren gainetik hasita, lehenengoa idatzi eta hemezortzi hilabetera idatzita zegoen. Luzeagoa zen eta interesgarriagoa, gerrak zentzatutako nortasun helduagoaren lana.
L. Chalmers tenientegaia
SS Sorel Bay (CVE 185)
Martxoak 15, 1945
Estelle Chalmers andrea
2124 Pacific Street
Pacific Point, Kal.
Ama maitea:
Berriz ere frontean nago, beraz, nire eskutitza ez zaizu aldi batez helduko. Zail egiten zait neurekin gorde behar dudan eskutitza idaztea. Egunkaria idaztea bezala da, eta hori ez dut batere gogoko, edota diktafonoarekin hitz egitea. Baina zuri idaztea, ama maitea, bestelakoa da.
Zentsoreak igarotzen utziko ez lituzkeen kontuak alde batera utzita, nire berriak betikoak dira gutxi gorabehera. Hegan egin, lo egin, irakurri, jan, etxearekin amestu. Denok egiten dugu. Munduko itsas armadarik indartsuena eta trebatuena eraiki duen herria izan arren, amerikarrok ur txikiko arrainak gara. Ama Lurrera itzuli baino ez dugu nahi.
Armadako marinel arruntak ditut gogoan, betiere kostaldeko zerbitzua eta erretiroa gogoan dutenak, baina ez ofizialak, karrera egiten ari direlako. Hori egia da Britainia Handiko itsas armadari dagokionez ere, duela gutxi bertako ofizial batzuk ezagutu ditudalako portu jakin batean. Gau hartan, Alemaniak porrot egin zuelako zurrumurrua heldu zitzaigun, eta hunkigarria izan zen britainiar horien nahikari itxaropentsua. Zurrumurrua ustela izan zen, jakingo duzunez, baina Alemaniarenak egin lezake eskutitz hau jasotzen duzunerako. Horren ondoren, eman urtebete Japoniari.
Pilotukide pare bat ezagutu dut, Tokiotik itzuli berriak, eta nola sentitzen ziren esan didate: nahiko ongi, diotenez, taldeko hegazkinetariko bat ere jo ez zutelako. (Gure eskuadroiak ez du hainbesteko zorterik izan). EEBBetara itzultzekoak ziren zegozkien misioak bete ondoren, eta pozik zeuden hargatik. Baina atezuan zeuden, aurpegiak zurrunduta, eta nahiko bortizki erantzuten zuten sentimenduei aurre egiteko. Pilotuek badute zerbait, lasterketako zaldiak gogorarazten dituena: ia gaixotzerainoko puntuan garatutako zerbait. Espero dut besteek ez nautela hala ikusiko.
Wilson komandantea, gure eskuadroiko burua, halakoa da, ordea. (Jadanik ez du berak posta zentsuratzen, beraz, hau esan dezaket). Dagoeneko, badira lau urte zerbitzuan dabilela, baina Yale Unibertsitateko zaldun berbera duzu lehenengo egunetik hona. Hala ere, gizonak badu halako itxura, atrofiatuta gelditu izan balitz bezala. Bere onenak eman dizkio gerrari, eta inoiz ez da izango lehengo gizona. (Gerra amaituta, zerbitzu kontsularrean sartzeko asmoa dauka).
Euri zaparrada pare bat alde batera utzita, eguraldia nahiko ona izan da: eguzki argia eta itsaso urdin distiratsua, hegalaldien lagungarri. Baina itsaski handia dago, eta horrek ez du laguntzen. Bainuontzi zaharra zibu-zabuka ibiltzen da, noizean behin hula-hulako dantzariak bezala kulunkatzen da, eta gauzak lurrera erortzen dira. Osinzuloen sehaska duzu, esamoldea egitekotan. Tira, ohera noa.
Maitasunez,
Larry
Oso eskutitz hunkigarria zen, eta bazuen halako tristezia grisa oharkizunen artean. Esaldi bat geratu zitzaidan gogoan: «Bere onenak eman dizkio gerrari, eta inoiz ez da izango lehengo gizona», zeren Chalmersi berari zegokiola ematen baitzuen, hala nola, eskuadroiko buruari. Hirugarren gutuna 1945eko uztailaren 4koa zen:
Ama maitea:
Ekuadorretik hurbiltxo gaude eta beroa nahiko txarra da, baina ez dut kexatu nahi. Bihar goizean atoloi honetan aingura botata segitzen badugu, ontzitik kanpora irteten saiatuko naiz bainua hartzeko, duela zenbait hilabete Pearl Harboretik irten ginenetik halakorik egin ez dudalako. Eguneroko plazer handienetako bat, ordea, gauero hartzen dudan dutxa da, oheratu aurretik. Ura ez dago hotz, itsasoko tenperatura 32 gradukoa da eta ez du ura hozten; gainera, ezin dugu ur asko erabili, zeren ontzian erabiltzen dugun ur guztia itsasoko uretatik kondentsatu behar baitute. Hala ere, gogoko dut dutxa.
Beste gauza batzuk gogoko nituzkeenak: arrautza freskoak gosaltzeko, baso bat esne hotz, Pacific Pointetik itsasora belaontzian abiatzea, zure ondoan eseri eta zurekin hitz egiteko aukera, ama, gure lorategian, mendi eta itsasoaren artean. Pena handia hartu dut entzutean gaixorik zaudela eta ikusmena urritu zaizula. Eman eskerrak, mesedez, Truttwell andreari nire partez (kaixo, Truttwell andrea!) eskutitza zuri ozenki irakurtzeagatik.
Ez duzu zertan kezkatu nitaz, ama. Borrokaldi biziaren ostean (gure eskuadroiak Wilson komandantea eta beste gizon asko galdu ditu) seguruago gaude gerra honetan. Hain seguru, ezen errudun sentitzen bainaiz, baina ez nago haatik kareletik itsasora jauzi egin eta Japoniarantz abiatzeko premian. Berri onak hango partetik, ezta? Esan nahi dut, japoniarren hirien suntsipenari dagokionez. Jadanik ezaguna da Japoniari egingo diogula berak egin diona irla jakin bati (izendatu gabe utzi beharrekoa, misio askotan hortik hegaldatu banaiz ere).
Maitasunez,
Larry
Berriz sartu nituen gutunak gutun-azalean. Nonbait, kurbaren puntuak markatzen zituzten. Gutunak idatzitako mutikoa edo gizona lehenengo gutunaren idealismotik bigarren gutunaren heldutasunera igaro zen, azkar eta harrigarriro, ordea, halako neke aldian erori zen hirugarrenean. Zer ikusiko ote zuen Chalmersek bere eskutitzetan semeari ozenki irakurtzeko gogoa izateko?
Bettyrengana itzuli nintzen; neskak kuxinaren gainean zirauen:
—Irakurri dituzu eskutitzak, Betty?
Burua jaso zuen. Begirada iluna egin zidan oso urrunetik.
—Barkatu. Zerbait nuen gogoan.
—Irakurri dituzu eskutitzak?
—Batzuk. Jakin nahi nuen zer dela-eta sortu zen hainbesteko zalaparta. Aspergarriak iruditzen zaizkit. Gorrotatu egiten nuen Okinawako bonbardaketari buruzkoa.
—Badut gordetzerik irakurri ditudan hirurak?
—Gorde itzazu denak, zergatik ez? Aitak hemen aurkitzen baditu, non eskuratu ditudan azaldu beharko diot. Eta beste iltze bat sartuko diot Nicken hilkutxari.
—Nick ez dago hilkutxan. Ez du ezertarako laguntzen horrela hitz egiteak.
—Ez ibili aitarena egiten, mesedez, Archer.
—Zergatik ez? Ez dut uste jendeak jaiotzean dena dakienik, zahartu ahala ahaztuz joateko.
Ez zuen gaizki hartu nire erantzun zorrotza.
—Ideia platonikoen dotrina da hori. Nik ere ez dut horretan sinesten. —Kuxina alde batera utzi eta letargiatik irtenda, niregana etorri zen—. Zergatik ez dizkiozu gutunak ematen Chalmers jaunari? Ez zenioke zertan esan nondik hartu dituzun.
—Etxean dago?
—Egia esan, ez dakit. Ez dut denbora osoa ematen leiho honetan eserita Chalmerstarren etxea zaintzen. —Hauxe gaineratu zuen irribarre tristea eginez—: Egunean sei edo zortzi ordu baino gehiago ez, dena dela.
—Ez duzu uste ohitura hausteko ordua dela?
Dezepzionatuta begiratu zidan.
—Zu ere Nicken aurka zaude?
—Ez, horixe. Baina ez dut ia ezagutzen. Zeu ezagutzen zaitut. Eta ez dut batere gogoko zu hemen harrapatuta ikustea, bi hautabide triste samarren artean.
—Nicken eta aitaren artean esan nahi duzu, ezta? Bada, ez nago harrapatuta.
—Dorrean itxitako dontzeila bezala zaude, ordea. Aita eta biok darabilzuen higapen-gerra txiki hau askatasuna lortzeko bataila irudituko zaizu agian, baina ez da hala. Gero eta lotuago zaude aitarekin. Nahiz eta aitarengandik alde egitea lortu, ez zara aske izango. Halako moduan antolatu dituzunez gauzak, beste gizon gupera baten menpean jarriko zara. Nickez ari naiz.
—Ez duzu eskubiderik Nicken kontra jotzeko…
—Zure kontra ari naiz —esan nion—. Edo zeure buruari sortu diozun egoeraren kontra. Zergatik ez zara erditik kentzen?
—Nora joan ninteke?
—Ez zenidake neuri galdetu beharko. Hogeita bost urte dituzu.
—Baina beldur naiz.
—Zertaz?
—Ez dakit. Beldur naiz, besterik gabe. —Isilune baten ondoren, xuxurlatuz esan zidan—: Badakizu zer gertatu zitzaion amari. Esan nizun, ezta? Leiho honetatik bertatik begira zegoen —josteko gela zeukan hemen— eta argia ikusi zuen Chalmerstarren etxean, argirik egon behar ez bazen ere. Chalmerstarren etxera joan zenean, lapurrek kanpora aterarazi, autoaz harrapatu eta hil egin zuten.
—Zergatik hil zuten?
—Ez dakit. Agian istripua izango zen, besterik gabe.
—Zeren bila zebiltzan lapurrak Chalmerstarren etxean?
—Ez dakit.
—Noiz gertatu zen hori, Betty?
—1945eko udan.
—Gazteegi zinen gogoratzeko, ezta?
—Bai, baina aitak kontatu zidan. Harrezkero, beldurtuta nabil.
—Ez dizut sinesten. Joan den gauean ez zinen beldurtuta ibili, Trask andrea eta Harrow Chalmerstarren etxera azaldu zirenean.
—Beldurtuta nengoen, baina. Ikaragarri. Eta ez nukeen bertara joan beharko. Biak hilda daude.
Ulertzen hasia nintzen nolako beldurrak hartuta zegoen neska. Nickek Harrow eta Trask andrea hil zituela iruditzen zitzaion Bettyri, edo halako susmoa hartuta zegoen, gainera, berak katalizatzailearena egin zuelakoan. Beharbada, bere gogoaren leku ilunen batean, oroimenaz harantzago eta mintzamenaren azpitik, halako kontzientzia erruduna bezain okerra zeukan, hain zuzen ere, bere haurtzaroko niak nolabait hil zuela bere ama kalean.