25
Goizean goiz irten nintzen Moira iratzarri gabe. Lanbroa sartu zen itsas aldetik, labar gaineko etxea eta Montevistako kostalde osoa bereganatuz. Astiro joan nintzen errepidean mamu antzeko zuhaitz lerroen artetik.
Bat-batean lanbroa amaitu zen. Zerua oskarbi zegoen, jetek utzitako ke lorratz nabarrengatik izan ezik. Erdialdera joan, eta komisarian gelditu nintzen.
Lackland bere bulegoan zegoen. Hormako erloju elektrikoan zortziak zuzen ziren. Une batez, asaldatu egin nintzen. Izan ere, Lacklandek berriz ere ordu jakin horretan ekarrarazi izan banindu bezala sentitu nintzen, isilpeko indarren bidez edo.
—Pozten naiz zu hona etorriaz —esan zidan—. Eseri. Jendea non ote den ari nintzen nire artean.
—San Diegora joan naiz aztarnak ikertzera.
—Eta bezeroak eraman dituzu zeurekin?
—Semeak istripua izan du. Semea zaintzera joan dira San Diegora.
—Ulertzen dut. —Aldi batez itxaron zuen, ezpainak bihurrituz eta murtxikatuz, ahoa zigortuko bailuen galderak egiteagatik—. Nolako istripua izan du, edo famili sekretua da?
—Barbiturikoak, batez ere. Baita buruko zauria ere.
—Bere buruaz beste egiten saiatu da?
—Baliteke.
Lackland aurrera makurtu zen brastakoan, aurrez aurre begiratu zidala.
—Trask andrea konorterik gabe utzita?
Ez nengoen prest galderari erantzuteko, eta ez nion zuzen erantzun.
—Trasken hilketako susmagarri nagusia Randy Shepherd da.
—Badakit —esan zuen Lacklandek, argi utziz ezer berririk esan ez niola—. Shepherd bilatzeko eta atxilotzeko agindua jaso dugu San Diegotik.
—Aipatu dizute San Diegon Shepherdek aspalditik ezagutzen zuela Eldon Swain?
Lacklandek goiko ezpaina murtxikatu zuen.
—Guztiz ziur zaude horretaz?
—Bai. Atzo hitz egin nuen Shepherdekin, susmagarritzat jo baino lehenago. Esan zidan Swainek ihes egin zuela Ritarekin —Shepherden alaba— eta milioi erdi dolarrekin. Dirudienez, Shepherdek bizitza erdia eman du diruaren parte bati heldu nahian. Nahiko argi dago, bide batez esanda, Shepherdek Trask andrea konbentzitu zuela Sidney Harrow erabiltzeko eta Pacific Pointera etortzeko. Inozoak bezala erabili zituen biak, ahal zuena jakiteko hona etortzeko arriskua hartu gabe.
—Beraz, azkenean Shepherdek bazuen motiboa Swain hiltzeko. —Lackland ahots apalez mintzo zen, hamabost urtean kasuan ibili ondoren, kemen guztia higatu izan balitzaio bezala—. Eta bazuen motiboa Swainen hatz markak ezabatzeko. Non hitz egin zenuen Shepherdekin?
—Mexikoko mugaldean, Imperial Beachetik hurbil. Harrezkero, ez da han izango.
—Ez. Egia esan, atzo gauean ikusi zuten Hemeten. Gasolina hartzeko gelditu zen, eta iparraldera abiatu auto lapurtuan, aspaldiko Merc kabriolet beltz zaharrean.
—Pasadenan begiratu beharko zenukete. Shepherd bertatik zetorren, eta Eldon Swain ere bai.
Pasadenari buruzko argibideak eman nizkion Laklandi, alegia, Swain, beraren andrea eta alaba bortxaz hila, eta Rawlinsonen bankuan Swainek egindako iruzurra.
—Behin datu horiek jakinda —ondorioztatu nuen—, ezin diozu Nick Chalmersi guztiaren errua leporatu. Jaio gabe zegoen Eldon Swainek bankuko dirua lapurtu zuenean. Hura izan zen kasuaren benetako hasiera, baina.
Aldi batez Lackland isilik egon zen. Aurpegia geldi zuela, paisaia lehortean higatua ematen zuen.
—Nik ere badakit historia apur bat. Rawlinsonek, bankuaren jabeak, berton udaldia eman ohi zuen 20. eta 30.eko hamarraldietan. Gehiago esatea ere badut.
—Esan, mesedez.
Lacklandek bere irribarre bakan haietako bat egin zuen. Ez zen oso bestelakoa ezpain murtxikatzeen aldean, baina argi herabeti batek ñir-ñir egin zion begietan.
—Ez dut batere gogoko zu zapuztea, Archer. Baina atzera eta atzera joanda ere, berdin dio, beti agertzen da Nick Chalmers. Sam Rawlinsonek amorante bat zuen gure herrian, eta emakumearen senarra hil ondoren, elkarrekin ematen zituzten udak. Jakin nahi duzu nor zen Rawlinsonen amorantea?
—Nicken amona —esan nion—. Chalmers epailearen alarguna.
Lackland zapuztuta zegoen. Orrialde mekanografiatu bat jaso zuen agiri-saskitik, kontuz irakurri, paperarekin bola bat egin, eta bulegoko txokoan zegoen paperontzira bota zuen. Huts egin zuen. Papera azkar jaso, eta paperontzira bota nuen.
—Nola jakin duzu hori? —galdetu zidan Lacklandek azkenean.
—Ikerketak egiten ibili naiz Pasadena aldean, esan dizudanez. Baina oraindik ez dut ulertzen nola sartzen den Nick honetan. Ez dauka inolako erantzukizunik amonarengatik.
Behingoz, Lacklandek ez zuen argudiorik eskaini. Baina komisariatik irten nintzenean, iruditu zitzaidan agian bestea zela egia, eta Nicken amonak erantzukizuna zuela mutilak egindakoagatik. Ezinbestean egon beharko zuen esanahiren bat Rawlinson familiaren eta Chalmers familiaren arteko lotura zaharrean.
Epaitegitik igaro nintzen hiribarnera bidean. Sarrera gaineko harrizko baxuerliebean grabatuta, Justiziaren irudi handi eta zaharra haztaka zebilen balantzekin, begiak zapiaz estalita. Itsumutila behar zuen, neurekiko esan nuen. Primeran sentitzen nintzen, ikaragarri ondo.
Xerra eta arrautzak gosaldu ondoren, bizartegira joan, eta bizarra egin zidaten. Ordurako, hamarretara zihoan, eta Truttwellek bulegoan beharko zuen.
Ez zegoen, ordea. Idazkariak esan zidanez, Truttwell irten berria zen eta ez zuen esan noiz itzuliko zen. Idazkariak ileorde beltza zeraman, eta laudoriotzat jo zuen egin nion begirada kezkatia.
—Gogoko dut nortasunez aldatzea. Nazkatuta nago betiko nortasun zaharra izateaz.
—Ni ere bai. —Imintzioa egin nion—. Truttwell jauna etxera joan da?
—Ez dakit. Hiritik kanpoko dei pare bat jaso du, eta gero alde egin du, beste barik. Horrela segitzen badu, azkenean bezeroak galduko ditu. —Neskak irribarre tinkoa egin zidan, beste aukera baten bila bailebilen—. Uste duzu ile beltza ondo doakiola nire azalaren koloreari? Egia esan, beltzarana naiz. Baina gogoko dut neure buruarekin esperimentatzen ibiltzea.
—Itxura ona daukazu.
—Hala iruditzen zait neuri —esan zuen, bere buruarengan konfiantza handia zuela.
—Nondik etorri dira kanpoko dei horiek?
—Dei bat San Diegotik jaso dugu… Chalmers andrearen partez. Ez dakit norena zen beste deia, emakumeak ez dit izenik eman nahi izan. Zaharragoa zirudien.
—Nondik ari zen?
—Ez dit esan, eta zuzenean dei egin du.
Truttwellen etxera nire partez deitzeko eskatu nion. Truttwell etxean zegoen, baina ez zuen telefonoa hartu nahi, edo ezin zuen. Haren ordez, Bettyrekin hitz egin nuen.
—Zure aita ondo dago?
—Ondo dago, antza. Hala espero dut. —Neskak serio eta goibel hitz egin zuen.
—Eta zu?
—Ondo. —Baina ez zirudien oso ziur.
—Berehala banoa, nirekin hitz egingo du?
—Ez dakit. Hobe duzu lehenbailehen etortzea. Herritik kanpora doa.
—Herritik kanpora? Nora?
—Ez dakit —berriz esan zuen, triste—. Aita etxean harrapatzen ez baduzu ere, Archer jauna, zurekin hitz egin nahi nuke.
Truttwellen Cadillaca etxearen aurrean aparkatuta zegoen heldu nintzenean. Bettyk ireki zidan ate nagusia. Margul eta soraio samar zituen begiak. Ilearen argitasuna ere histuxea zeukan.
—Nick ikusi duzu? —esan zidan.
—Ikusi dut. Medikuak txosten ona eman du Nicki buruz.
—Baina zer esan du Nickek?
—Ez zegoen hitz egiteko moduan.
—Nirekin hitz egingo zuen. Irrikan nengoen San Diegora joateko. —Ukabilak jaso, eta bularraren kontra sakatu zituen—. Aitak ez dit utzi.
—Zergatik ez?
—Jeloskor dago Nickengatik. Badakit ez dela oso legezkoa hau esatea. Baina aitak argi utzi du. Gaur goizean Chalmers andreak despeditu duenean, esan dit Nick ala bera, bietan bat, aukeratu beharko nuela.
—Zergatik despeditu du Chalmers andreak?
—Aitari galdetu beharko diozu. Aitak eta biok ez dugu elkarrekin hitz egiten.
Truttwell sarreran agertu zen neskaren atzean. Alabak esandakoa entzun behar izan bazuen ere, ez zuen ezertarako aipatu. Alabaina, begirada urduria egin zion Bettyri, eta ni hartaz konturatu nintzen, baina neska ez.
—Zer da hau, Betty? Ez ditugu bisitariak sarreran utzi behar.
Neskak hitz egin gabe alde egin zuen, beste gela batean sartu eta atea itxi zuen. Truttwell kexaka mintzatu zen, maleziazko doinu argalaz agertuz:
—Txoratuta dago kokolo horregatik. Ez zuen nire iritzia entzun nahi. Agian, orain kasu egingo dit. Baina zatoz, Archer. Berriak ditut zuretzat.
Truttwellek estudiora eraman ninduen. Ohi baino kontu handiagoz jantzita eta apainduta zegoen. Rayonezko traje arina zerabilen, alkandora botoitua eta alkandorari ondo ematen zioten sedazko gorbata eta zapia, eta gizonezko lurrina zerion.
—Bettyk dio Chalmersengandik banandu zarela. Hori ospatzen ari zarela dirudi.
—Bettyk ez zizukeen esan beharko. Diskrezio zentzua galtzen ari da.
Aurpegi eder arrosa garraztu egin zitzaion. Ile urdina sakatu eta ukitu egin zuen. Bettyk min eman zion harrotasunean, iruditu zitzaidan, eta, zirudienez, gizonak ez zeukan beste gauza handirik bere burua bermatzeko.
Gehiago kezkatu ninduen Truttwellengan izandako aldaketak, alabarengan izandakoak baino. Betty gaztea zen, eta berriz aldatuko zen nortasuna betiko finkatu baino lehen.
—Neska zintzoa da —esan nion.
Truttwellek estudioko atea itxi, eta ondoan gelditu zen.
—Ez duzu zertan saldu neuri. Badakit zer den. Burua pozoitzen utzi dio zirtzil horri, eta nire aurka egin du.
—Ez dut uste.
—Zu ez zara Bettyren aita —esan zuen, aitatasunak ikusmen zoliagoa emango balu bezala—. Mutiko horren mailara jaitsi da. Freuden jerga gordin berbera darabil, gainera. —Aurpegia gorritua zeukan, eta ahotsa itoa—: Izan ere, akusatu egin nau berarenganako interes morbosoa izateaz.
Neurekiko esan nuen: «Interes osasungarria ote da hau?».
Truttwellek aurrera egin zuen:
—Badakit nondik hartu dituen ideia horiek: Smitheram doktorearengandik, Nicken bidez. Badakit, gainera —esan zuen—, zergatik despeditu nauen Irene Chalmersek. Argi asko utzi du telefonoz Smitheram doktore handi eta zintzoa ekin eta ekin ibili zaiola hori egin dezan. Ziurrenik, andrearen ondoan zegoen zer esan behar zuen esateko.
—Zein arrazoi eman dizu?
—Uste dut zeu zinela arrazoietariko bat, Archer. Ez zaitut gaitzetsi nahi —baina hala egin zuen—. Ulertu dudanez, galdera gehiegi egiten dituzu Smitheram doktorearen gusturako. Badirudi ikuskizun osoa zuzentzea erabaki duela, eta hori oso txarra izan liteke. Ez dago abokaturik Nick defenda dezakeenik zer egin duen jakin gabe.
Truttwellek arretaz begiratu zidan. Hizpidea hobeto ezagutzen zituen alorretara lerratue ahala, abokatuaren segurtasuna bereganatu zuen.
—Nik baino askoz hobeto dakizu zer gertatu zen.
Galdera zen. Ez nion berehala erantzun. Aldatzen hasia nintzen Truttwellekiko jokaera. Ez nuen goitik behera aldatu, zeren onartu beharrekoa bainuen kasuaren hasieratik ez nituela osorik ulertu abokatuaren arrazoiak, ezta gizonaz fidatu ere.
Orain begi bistan zegoen Truttwellek erabili egin ninduela, eta ni erabiltzen segitzeko asmoa zuela. Harrowek Randy Shepherden eskumakilarena egin bazuen, ni Truttwellen eskumakilarena egiten ari nintzen. Zain neukan katua bezala, lirain, bizkor eta ondo apaindua, noiz botako ote nuen zikinkeria alabaren lagunaren gainera. Esan nion:
—Kasu honetan gertatutakoa zaila da argitzen. Ez dakit norentzat ari naizen lanean. Ezta lanean ari naizen ere.
—Jakina lanean ari zarela —esan zidan onginahiez—. Den-dena kobratuko duzu egindako lanarengatik, eta gaur arteko pagamendua bermatzen dizut, behintzat.
—Nork ordainduko dit?
—Chalmerstarrek, jakina.
—Baina jadanik ez zara haien ordezkaria.
—Ez kezkatu horregatik. Aurkeztu faktura nire bitartez, eta ordaindu egingo dizute. Ez zara langile immigratua, eta ez diet utziko halakotzat erabil zaitzaten.
Bere buruaren onerako zerabilen onginahia, iruditu zitzaidanez, eta ni erabili ostean iraungiko zitzaion. Lotsatuta nengoen hargatik, eta sortutako gatazkagatik. Honelakoetan, neu ordezkatuko ninduten.
—Ez nizkieke argibideak eman beharko Chalmerstarrei?
—Ez. Jadanik kanporatu zaituzte. Ez dute egia jakin nahi Nicki buruz.
—Nola dago mutila?
Truttwellek soinak goratu zituen.
—Nicken amak ez du esan.
—Orain nori emango dizkiot argibideak?
—Neuri. Chalmers familiaren ordezkaria izan naiz ia hogeita hamar urtean, eta orain ohartuko dira ez naizela erraz kanporatzekoa. —Irribarrez egin zuen iragarpena, baina mehatxu kutsua zeukan.
—Eta ohartzen ez badira?
—Ohartuko dira, ziurtatu egiten dizut. Baina diruaz kezkatuta bazaude, gaurtik aurrera neuk ordainduko dizudala hitz ematen dizut.
—Eskerrik asko. Gogoan izango dut.
—Hobe duzu azkar pentsatzea —esan zuen irribarrez—. Pasadenara noa, Swain andrea ikustera. Gaur goizean telefonoz hots egin dit ea dirurik inbertitu nahi nuen familiaren argazkietan… Chalmers andreak ni despeditu eta gero. Zu nirekin etortzea nahi nuke, Archer.
Gure lanbidean askotan ez dugu nahi duguna egiterik. John Truttwellekin negoziatu ezean, kasutik kanpora nintzakeen eta konderriko ate guztiak itxi gero. Esan nion:
—Neure autoa hartu eta zurekin elkartuko naiz Swainen etxean. Hara zoaz, ezta? Pasadenara?
—Bai, hortaz, etxe horretara jarraituko didazu?
Baietz esan nion, baina ez nion berehala jarraitu. Beste kontu batzuez hitz egin behar nuen Truttwellen alabarekin.