18
Hegoalderantz joan nintzen Imperial Beachera. Autora jana zerbitzatzen zuen jatetxe bateko kutxazainak esan zidan nola aurkitu Conchita’s Cabins.
—Ez litzaizuke komeni bertan ostatu hartzea, baina —aholkatu zidan.
Ostatura ailegatu nintzenean ulertu nuen zergatik esan zuen hori. Lekua hondakinetan zegoen, eta indusketa arkeologikoak bezain zaharra zirudien. Bulegoko idazkunak honela zioen: «Dolar bat pertsona bakoitzeko. Haurrak dohainik». Etxolak iztukuzko kubo txikiak ziren, busti-lehorretan higatuak. Etxerik handiena, aurrealdean «Garagardoa eta dantzaldia» grabatuta zeukana, oholez itxita zegoen aspaldi luzean.
Lekua salbatzen zuena Virginiako zumar berde eta atsegin bat zen, gerizpe gris atsegina ematen baitzuen. Une batez gerizpean gelditu nintzen, norbaitek aurkituko ninduelakoan.
Emakume sendo bat etxola batetik irten zen. Soineko mahukagabea zerabilen, beso luze eta beltzaranak erakutsiz, eta zapi gorria buruan.
—Conchita?
—Florence Williamsen andrea naiz. Badira hogeita hamar urte Conchita hil zela. Williamsek eta biok Conchitaren izenarekin jarraitu genuen etxolak erostean. —Ingurura begiratu zuen lekua aspalditik ikusi gabea bailuen—. Ez zaizu hala irudituko, baina etxola hauek diru iturri polita izan ziren gerra garaian.
—Konkurrentzia askoz ere handiagoa da gaur egun.
—Zer esango didazu neuri! —Gerizpera etorri zitzaidan—. Zer egin dezaket zugatik? Zerbait saltzen ari bazara, ez hartu nekerik ahoa irekitzeko. Azkenaurreko apopiloa galdu dut. —Agurtzeko keinua egin zuen etxolako ate irekiaren aldera.
—Randy Shepherd?
Niregandik aldendu eta goitik behera begiratu zidan.
—Haren atzetik zabiltza, ezta? Shepherden atzetik norbait zebilela bururatu zitzaidan, bere gauzak utzita horrela joan denerako. Arazo bakarra da ez dutela asko balio. Ez dute balio zor didan diruaren ehuneko hamarra ere.
Kalkuluak eginez begiratu zidan, eta begirada itzuli nion.
—Zenbat izango litzateke hori, andrea?
—Ehunka dolar dira, hainbat urte pasatuta. Gizona hil zitzaidanean, Shepherdek dirua inbertitzeko konbentzitu ninduen, altxor-bilaketaren proiektu handi batean parte hartzeko. 1950 aldera izan zen, kartzelatik irten zenean.
—Altxor-bilaketa?
—Diru lurperatuaren bila ibiltzea —esan zuen emakumeak—. Randyk ekipo astuna alokatu, eta aztarrika ibili zen nire lurraren alde gehienetan, baita herrialdearen erdian ere. Harrezkeroztik, leku hau ez da lehengoa izan, ezta neu ere. Urakana gainetik pasatu balitzaigu bezala izan zen.
—Altxor-bilaketa horren zati bat erosi nahi nuke.
Azkar erantzun zidan:
—Nire partea emango dizut ehun dolarretan xuxen.
—Randy Shepherd barne?
—Horretaz ez dakit. —Diruaren aipamenak begi arreak argitu zizkion—. Aipatu duzun dirua ez da odoleztatua egongo, ezta?
—Ez dut gizona hiltzeko asmorik.
—Orduan, zergatik dago hain beldurtuta? Inoiz ez dut hain beldurtuta ikusi. Nola dakit ez duzula hilko?
Nor nintzen esan, eta lizentziaren fotokopia erakutsi nion.
—Nora joan da, Williams andrea?
—Ikus ditzagun ehun dolarrak.
Berrogeita hamar dolarreko billete bi atera nituen diru-zorrotik eta bat eman nion.
—Bestea Shepherdekin hitz egin ondoren emango dizut. Non aurkituko dut?
Hegoaldera seinalatu zuen, errepide aldera.
—Mugarantz abiatu da. Oinez doa, ez daukazu galtzerik. Duela hogei minutu baino ez da irten hemendik.
—Zer gertatu da autoarekin?
—Auto zatiak saltzen dituen bati saldu dio honenbestean. Horregatik uste dut Mexikoko muga zeharkatuko duela. Badakit lehenago egin duela, lagunak ditu beste aldean, bera gordeko dutenak.
Autorantz abiatu nintzen. Andrea atzetik etorri zitzaidan, eta bai bitxia, azkar-azkar ibiliz.
—Ez esan Randyri neuk esan dizudanik, mesedez. Bestela, gau ilunen batean itzuliko zait arkakusoak astintzera.
—Ez diot esango, andrea.
Errepideko mapa ondoko eserlekuan neukala, zuzen abiatu nintzen hegoalderantz soro artean. Holstein behiak bazkan ari ziren zelaiaren ondoan igaro nintzen. Gero, tomate soroak ikusi nituen, leku guztietan zabalduta. Tomate uzta eginda zegoen, baina banaka batzuk ageri ziren landare zimelduetatik zintzilik, gorri eta zimurtuta.
Milia eta erditsua eginda, bihurgune bat hartu, eta beheko txaparralean sartu nintzen. Shepherd begiztatu nuen. Presaka zebilen lurra zanpatuz, arin-arinka, bilgua zibo-zabuka lepagainean, sonbreiru mexikarra buruan. Handik hurbil, Tijuanaren tontorra ageri zen zeruan islaturik sekulako zabor meta bezala.
Shepherdek burua itzuli, eta nire autoa ikusi zuen. Korrika hasi zen. Errepidetik baztertu, eta sasitzan sartu zen, eta berriz agertu zen ibai baten arro lehorrean. Sonbreiru mexikar arina galdua zuen, baina artean bilgua zeraman. Autoa utzi, eta Shepherden atzetik joan nintzen. Kriskitin-sugea zarrastadaka hasi zitzaidan okotillo baten azpitik, eta atentzioa eman zidan. Berriz ere Shepherden bila begiratu nuenean, ostenduta zegoen.
Ahalik eta zaratarik gutxien eginez eta burua behera eramanez, txaparrala zeharkatu, eta mugako hesiaren ondotik zihoan errepidean sartu nintzen. Errepideko maparen arabera, Monument Road zen hura. Shepherdek muga zeharkatzeko asmoa bazuen, Monument Road zeharkatu beharko zuen lehenago. Errepide ondoko erretenean kokatu nintzen, aldian-aldian bi aldeetara begira jarrita.
Ia ordubetez itxaroten egon nintzen. Sasitzako txoriak nirekin ohitu ziren, eta intsektuak ezagunak egin zitzaizkidan. Eguzkia astiro-astiro zihoan zeruan barrena. Inoiz alde batera inoiz beste aldera begiratzen nuen, tenis partidu motel bateko ikusleak bezala.
Shepherd agertu zenean, ez zen batere motel ibili. Niregandik berrehun bat metrora irten zen sasitzatik, errepidea epaixka zeharkatu, bilgua zibo-zabuka, eta muinoan gora joan zen muga markatzen zuen alanbre arantzadunez osatutako hesi handirantz.
Errepidearen eta hesiaren arteko lurra garbi zegoen. Hortik zeharkatu, eta Shepherd harrapatu nuen, gizonak hesia igo baino lehen. Niregana itzuli zen bizkarra hesi aldera zuela, eta hauxe esan zuen arnasestuka:
—Ez hurbildu nigana. Tripak aterako dizkizut.
Labanaren sorbatza atera zen haren ukabiletik. Hesiaz bestaldeko muinoan neska-mutikoz osatutako talde bat agertu zen lurretik irtenda bezala.
—Bota labana —esan nion nekatuxe—. Nabarmentzen ari gara.
Muinoko haurrak seinalatu nituen. Haietariko batzuek atzera seinalatu ninduten. Batzuek eskuaz agurtu ere bai. Shepherdek begiratzeko tentazioa izan eta burua doi bat alboratu zuen.
Labana zerabilen besotik heldu eta giltza bat egin nion besoa atzera eramanez. Labana lurrera bota behar izan zuen. Lurretik jaso, itxi, eta Mexiko aldera bota nuen labana hesiaren gainetik. Mutiko horietako bat katuka jaitsi zen muinoan behera labanaren bila.
Muinoaz harantzago, etxeak hasten ziren lekuan, musikari ikusezin bat zezenketako musika jotzen hasi zen tronpetaz. Iruditu zitzaidan Mexiko nire lepotik barre egiten ari zela. Ez zitzaidan gaizki iruditu.
Shepherd negar egiteko zorian zegoen.
—Ez naiz itzuliko hilketa-akusazio ustel bati aurre egitera. Berriz ere gartzelan sartu, eta hil egingo nauzu.
—Ez dut uste Jean Trask hil duzunik.
Harrituta begiratu zidan, baina berehala iraungi zitzaion harridura.
—Esateagatik esaten duzu.
—Ez. Goazen hemendik, Randy. Ez zaizu komeni mugako poliziak harrapatzea. Hitz egin daitekeen leku batera joango gara.
—Zertaz hitz egitera?
—Prest nago tratua egiteko zurekin.
—Ni ez. Beti tokatzen zait tratuen parterik txarrena.
Lapur kaxkarrak bezain zinikoa zen. Urduritzen hasia nintzen.
—Goazen, alproja.
Besotik heldu nion eta elkarrekin joan ginen muinoan behera errepideraino. Haur batek dei egin zigun txilibitua bezain ahots zoliaz turutaren soinuaren gainetik:
—Adios.