2

Pacific Streetek purgatorioko aldapa ematen zuen, herriaren beheko alde txirotik goiko etxe zahar eta ederren sailera egiten baitzuen. Chalmerstarren egoitza kaliforniar-espainiarra berrogeita hamar edota hirurogei urte ingurukoa izango zen, baina horma zuriak orbangabe zituen goiz beranduko eguzkiaren pean.

Patio hesiz inguratua zeharkatu, eta etxe aurreko ate burdineztatua jo nuen. Beltzez jantzitako zerbitzari batek, Espainiako monasterio batean beharko lukeen aurpegia zuela, atea ireki eta izena hartu ondoren, sarreran utzi ninduen. Bi pisuko gela erraldoia zen: txiki sentiarazi ninduen, eta jarraian, kontrako erreakzioa zela medio, handi eta neure buruaren jabe.

Handik egongelako harpe zuria ikusi nuen. Horma distiratsuak zituen, pintura modernoz beteak. Atalasean burdina forjatuzko burdin hesi beltza ezarria zuten, nire sorbaldarainokoa, eta horrek museo-giroa ematen zion lekuari.

Emakume ile-beltz bat agurtzera lorategitik etorri zitzaidanean iraungi zen giro hura hein batean. Guraizeak eta arrosa gorrixka bat zekartzan eskuan. Atariko mahaiaren gainean ipini zituen guraizeak, baina arrosa berekin gorde zuen, ezin hobeto baitzegokion bere ahoaren koloreari.

Irribarre argi eta urduria egin zuen.

—Nolabait uste nuen helduagoa izango zinela.

—Ematen dudan baino helduagoa naiz.

—Baina agentziako burua eskuratzeko eskatu diot John Truttwelli.

—Lagun bakarreko agentzia naiz ni. Beste detektibe batzuekin ibiltzen naiz lanean, behar izanez gero.

Kopeta ilundu zitzaion.

—Eskuarte gutxiko negozioa iruditzen zait. Ez da Pinkerton agentzia bezalakoa.

—Ez dut agentzia handia, hori nahi baduzu.

—Ez da hori. Baina detektibe on bat nahi dut, oso ona. Baduzu eskarmenturik honelakoekin ibiltzen…? Hara… —Esku libreaz bere burua seinalatu zuen, eta gero ingurunea—. Ni bezalako jendearekin?

—Ez zaitut behar bezala ezagutzen horri erantzuteko.

—Baina orain zutaz ari gara.

—Antza denez, Truttwellek gomendatu dizu ni hartzea: beraz, esango zizun eskarmentua dudala.

—Eskubidea daukat nahi ditudan galderak egiteko, ezta?

Ahots sendoa erabili zuen, baina aldi berean bere buruarengan konfiantzarik ez zuela. Ezkontzean dirua eta giza maila ona eskuratuak zituen emakume eder baten doinua zen, eta inoiz ere ez zuen ahaztuko gauza horiek eskuratu bezain erraz gal zitzakeela.

—Aurrera, egin galderak, andrea.

Begiradari heldu, eta eutsi egin zidan, neure gogoa irakurtzen ahaleginduko balitz bezala. Begiak beltz, bizi eta soraio zituen.

—Hauxe baizik ez dut jakin nahi. Kutxatila florentziarra aurkitzen baduzu… uste dut John Truttwellek urrezko kutxatilaz hitz egin dizula, ezta?

—Horixe desagertu dela esan dit.

Baiezkoa egin zuen buruaz.

—Demagun aurkitzen duzula, baita nork hartu duela ere, hortxe geldituko zara? Hau da, ez zara korrika joango poliziarengana dena kontatzera?

—Ez. Dagoeneko, arazoan sartuta ez badaude…

—Ez daude, eta ez dira egongo —esan zuen—. Kontu osoa isilpean gordetzea nahi nuke. Ez nindoan kutxatilarena esatera ezta John Truttwelli ere, baina atera egin dit. Hala ere, Truttwellez fidatzen naiz… nik uste.

—Eta nitaz ez duzu uste?

Irribarre egin nuen, eta erantzutea erabaki zuen. Ukitu bat egin zidan masailean arrosa gorriaz, eta gero axuleiuzko zorura bota zuen, arrosaren lana amaituta balego bezala.

—Etorri estudiora. Pribatuan hitz egingo dugu.

Eskailera tarte labur batetik gora haritzezko ate landu bateraino gidatu ninduen. Emakumeak atea itxi baino lehenago, zerbitzaria ikusi nuen sarrerako atarian, etxeko andreak utzitako gauzak batzen, lehenik guraizeak eta gero arrosa.

Estudioa gutxi apainduta zegoen eta habe ilunak zituen sabai zuri eta zeiharrari eustearren. Gelako leiho bakar eta txikiak, kanpoaldean burdineztatuak, presondegiko ziegaren itxura ematen zion gelari. Zuzenbide-liburu zaharrak zeuden horma ondoko apalategietan, presoa handik irteteko moduaren bila ibili izan balitz bezala.

Aurreko horman margolan handi bat zegoen eskegita: Pacific Point aspaldiko garaietan erakusten zuen olio-pintura, perspektiba primitiboaz egina. Hamazazpigarren mendeko belaontzi bat badian ageri zen lurmuturraren bihurgunean; aldamenean, indiar beltzaranak zituen patxada ederrean, hondartzan eta biluzik; indiarren buruen gainetik soldadu espainiarrak desfilatzen ari ziren zeruko armada bat bezala.

Chalmers andreak txahal-larruaz jantzitako aulki biribilkari zahar bat eskaini zidan esertzeko, estalki mugikorra zeukan idazmahaiaren aurrean.

—Errediza hauek ez dagozkie oso ondo beste altzariei —esan zuen kontu hark axola izango balu bezala—. Baina hau nire aitaginarrebaren idazmahaia zen, eta eserita zauden aulkia epaitegian erabiltzen zuen. Epailea zen-eta.

—Hala esan dit Truttwell jaunak.

—Bai, John Truttwellek ezagutu zuen. Nik ez nuen ezagutu. Aspaldi hil zen, Lawrence mutiko txikia baino ez zela. Baina senarrak oraindik ere aitak zapaldutako lurra adoratzen du.

—Zure senarra ezagutu nahi nuke. Etxean dago?

—Ez dut uste. Sendagilearengana joan da. Lapurreta kontu honek guztiz asaldatu du. —Gaineratu zuen—: Ez nuke nahi zuk berarekin hitz egitea, nolanahi ere.

—Badaki hemen nagoela?

Ondotik aldendu zitzaidan eta haritzezko errefektorio-mahai beltz batean bermatu zen. Haztaka atera zuen zigarreta bat zilarrezko kutxatila batetik eta zilarrezko txiskero batez piztu zuen. Zigarretak kezko errezel urdina ezarri zuen gure artean, kealdi amorratuak egin baitzituen emakumeak.

—Lawrenceri ez zaio ideia ona iruditu detektibe pribaturik erabiltzea. Hala ere, zu hartzea erabaki dut.

—Zergatik ez zuen nahi?

—Bizitza pribatua maite du. Eta lapurtu duten kutxatila hori, tira, miresle batek senarraren amari egindako oparia izan zen. Ez nuke hori jakin beharko, baina badakit. —Irribarre bihurria egin zuen—. Gainera, nire senarraren amak haren gutunak gorde zituen barruan.

—Mireslearenak?

—Senarrarenak. Larryk gutun piloa idatzi zion gerra garaian, eta amak kutxatilan gorde zituen. Gutunak ere desagertu dira… baina ez dira oso baliotsuak, Larryrentzat ez bada.

—Kutxatila baliotsua da?

—Hala uste dut. Urrez jantzita dago, eta lan fina da. Florentzian egin zuten, Errenazimenduan. —Hitza murduskatzen hasi zen, baina ahoskatu egin zuen—. Irudi bat dauka estalkian, bi maitalerena.

—Aseguraturik ote?

Buruari eragin zion ezetz eginez, eta hankak gurutzatu zituen.

—Ez zuen ia beharrezkoa ematen. Inoiz ez dugu diru-kutxatik atera. Inoiz ez zitzaigun bururatu diru-kutxa indarrez irekiko zutenik.

Baimena eskatu nion diru-kutxa ikusteko. Chalmers andreak behean jarri zuen indiarren eta soldadu espainiarren pintura. Hura eskegita egon zen lekuan diru-kutxa handi eta zilindrikoa ageri zen horman sartu-sartua. Zenbait aldiz konbinazioaren diskoa jiratu, eta kutxa ireki zuen. Emakumearen sorbaldaren gainetik begiratuz, diru-kutxaren diametroa hamasei hazbeteko kanoi bat bezain handia zela ikusi nuen, eta kanoiaren zuloa bezain hutsik zegoela.

—Non dituzu bitxiak, andrea?

—Ez dut bitxi askorik, inoiz ez zaizkit interesatu. Dauzkadanak, gure gelako kutxan gordetzen ditut. Neurekin hartu nuen kutxa Palm Springsera joateko. Hantxe ginen urrezko kutxatila eraman zutenean.

—Noiztik desagertu da?

—Ikus dezagun, bada. Gaur asteartea da. Ostegun gauean sartu nituen diru-kutxan. Biharamunean basamortura joan ginen. Kanpora joan ondoren egingo zuten lapurreta. Beraz, lau egun dira, edo gutxiago. Atzo gauean begiratu nuen diru-kutxan etxera heltzean, eta kutxatila desagertuta zegoen.

—Zergatik begiratu zenuen diru-kutxan atzo gauean?

—Ez dakit. Benetan ez dakit —erantsi zuen, gezurretan arituko balitz bezala.

—Bururatu zitzaizun agian lapurtu zutela?

—Ez. Inolaz ere ez.

—Eta zerbitzaria zer?

—Emiliok ez zuen hartu. Uste betea daukat Emiliorengan, inondik ere.

—Besterik hartu zuten, kutxatilaz gainera?

Galdera aztertu zuen.

—Ez dut uste. Gutunak alde batera utzita, jakina, gutun dontsuak.

—Garrantzitsuak ziren?

—Garrantzitsuak ziren senarrarentzat, esan dizudanez. Eta senarraren amarentzat, jakina. Baina aspaldian hil zitzaion, gerraren amaieran. Nik ez nuen ezagutu. —Kezkatuxe ematen zuen, amaren bedeinkapena ukatuta, artean ere zapuztuta bezala.

—Zergatik hartuko zituen lapurrak, orduan?

—Ez galdetu neuri. Ziurrenik, kutxatilan zeudelako. —Imintzio bat egin zuen—. Aurkitzen badituzu, ez hartu nekerik etxera ekartzeko. Dagoeneko, entzunak ditut gehienak, behintzat.

—Entzunak?

—Senarrak ozenki irakurri ohi zizkion Nicki.

—Non duzu semea?

—Zergatik?

—Berarekin hitz egin nahi nuke.

—Ezin duzu. —Berriz ere kopeta ilundu zitzaion. Maskara eder haren ostean neska mainati bat zegoela iruditu zitzaidan, jainko baten estatuaren barruan kuzkurtutako jainkoaizuna balitz bezala—. Nahiago nuke John Truttwellek beste inor bidali izan balit. Beste edonor.

—Zertan okertu naiz?

—Galdera asko egiten dituzu. Gure familiaren kontuetan kuxkuxeatzen ari zara, eta jadanik behar baino kontu gehiago kontatu dizkizut.

—Nitaz fida zaitezke. —Berehala damutu zitzaidan hura esana.

—Benetan?

—Beste batzuek hala egiten dute. —Saldukeriazko nabardura penagarria nabaritu nion neure ahotsari. Emakumearekin eta beraren afera xume eta bitxiarekin jarraitu nahi nuen: halako edertasuna zuen, ezen bere historia esploratzeko gogoa ematen zuen—. Gainera, ziur nago Truttwell jaunak aholkatuko zizula neuri argibiderik ez ezkutatzeko. Abokatu batek kontratatzen nauenean, isiltzeko eskubide berbera dugu biok.

—Zer esan nahi du horrek zehazki?

—Esan nahi du ezin nautela behartu aurkitzen dudanaz hitz egitera. Ezta Epaimahai Nagusiak ere, errebeldian deklaratzeko ahalmena badu ere.

—Ulertzen dut. —Ustekabean harrapatu ninduen neure burua saldu nahian, eta nolabait bazeukan ni erostea; baina ez diruaz, halabeharrez—. Hitz ematen badidazu txintik aterako ez duzula, ezta John Truttwellen aurrean ere, zerbait esango dizut. Agian hau ez da lapurreta arrunta.

—Etxe barruko lana izan dela susmatzen duzu? Ez dago diru-kutxa bortxaz ireki izanaren seinalerik.

—Lawrencek horixe aipatu du. Horrexegatik ez zintuen ekarri nahi kasua ikertzera. Ez zuen nahi ezta John Truttwelli esaterik ere.

—Nork uste du lapurtu duela kutxatila?

—Ez du esan. Uste dut Nicki hartu diola susmoa, baina.

—Inoiz sartu da arazotan mutila?

—Honelako arazoetan ez. —Emakumeari ahotsa apaldu zitzaion eta ia ez nion ezer aditu. Gorputz osoa uzkurtu zitzaion, semeaz pentsatzen zuena benetako zama bailuen bere barruan.

—Zer-nolako arazoak izan ditu?

—Emozio-arazoak direlakoak. Behin Lawrence eta bion aurka jarri zen inolako arrazoirik gabe. Etxetik ihes egin zuen hemeretzi urte zituela. Pinkerton agentziako detektibeek hilabeteak eman zituzten haren bila. Milaka dolar kostatu zitzaigun.

—Non zebilen?

—Bizimodua ateratzen herrialdean zehar. Egia esan, Nicken psikiatrak esan zuen on egin ziola. Harrezkeroztik, ikasten jarri da. Neska eta guzti dauka. —Harrotasun apur batez mintzo zen, edota itxaropenez, baina ilun zituen begiak.

—Eta uste duzu ez duela lapurtu kutxatila.

—Ez, ez dut uste. —Bekokia goratu zuen—. Ez zinateke hemen izango, hala pentsatuko banu.

—Badaki diru-kutxa irekitzen?

—Ez dut uste. Ez diogu konbinazioa eman.

—Konturatu naiz buruz zenekiela. Nonbait idatzita daukazu?

—Bai.

Idazmahaiaren tiradera bat ireki zuen, behe aldeko eskuinekoa, ondoren kanpora atera eta mahaian irauli zuen, barruan zeuden bankuko ohar horiak botaz. Paper zati bat zinta eransgarriaz atxikita zegoen tiraderaren hondoari, eta zenbaki batzuk zituen makinaz idatziak. Zinta eransgarria horiztatuta eta pitzatuta zegoen denboraren poderioz, eta papera hain zegoen higatua, ezen nekez ulertzen baitziren zenbakiak.

—Nahiko erraza da aurkitzen —esan nion—. Diru beharrean dago semea?

—Ezin dut imajinatu zertarako. Seiehun edo zazpiehun dolar ematen dizkiogu hilean, edo gehiago, behar izanez gero.

—Neska aipatu duzu.

—Betty Truttwellen senargaia da, eta neska ez dabil diruaren atzetik, hain zuzen ere.

—Beste neska edo emakumerik bere bizitzan?

—Ez. —Baina astiro eta zalantzan erantzun zuen.

—Zer deritzo kutxatilari?

—Nickek? —Bekoki argi hura zimurtu egin zitzaion, galderak ustekabean harrapatu izan bailuen—. Egia esan, interesa hartu zion txikitan. Kutxatilarekin jolasten uzten nien Betty eta biei. Imajinatzen genuen… imajinatzen zuten Pandoraren kutxatila zela. Kutxatila magikoa, badakizu?

Une batez barre egin zuen. Gorputz osoa zeukan ametsetan iraganarekin. Gero, berriz ere begiak aldatu zitzaizkion. Pentsamendua begietara azaleratu zitzaion, gogor eta izutua. Ahots meheaz esan zuen:

—Agian ez niokeen hainbeste garrantzirik eman beharko. Baina ezin dut sinetsi Nickek hartu duela. Gehienetan zintzoa izan da gurekin.

—Galdetu diozu ea berak hartu duen?

—Ez. Ez dugu berriz ikusi basamortutik etorri garenetik. Apartamentua dauka unibertsitatetik hurbil, eta azterketa finalak egiten ari da.

—Nickekin hitz egin nahi nuke, baiezko edo ezezkoren bat jasotzeko, behintzat. Susmagarria denez…

—Ez esan Nicki aitak susmoa hartu diola. Azken bi urteotan nahiko ondo moldatu dira elkarrekin, eta ez nuke nahi hori hondatzerik.

Kontuz ibiliko nintzela agindu nion. Honela, ezer eskatu ez banion ere, Nicken telefono zenbakia eman zidan, eta unibertsitate auzoan zeukan helbidea. Paper txatal batean idatzi zituen ume antzeko idazkera itxuragabez. Gero, begirada arina egin zion erlojuari.

—Uste nuen baino luzeago jo du honek. Senarra bazkaltzera etxeratuko zait.

Aurpegi gorriturik zegoen, begiak ñir-ñir, amodiozko elkarraldi bat zapuzten ibiliko balitz bezala. Presaka eraman ninduen sarrerako hallera, non traje beltzeko zerbitzaria zain baikenuen begirunezko aurpegi soraioa zuela. Zerbitzariak ate nagusia ireki zuen, eta Chalmers andreak ia-ia bultzaka atera ninduen etxetik.

Sasoiko gizon bat, tweedezko traje dotoreaz jantzita, etxe aurrean aparkatu zuen Rolls Royce beltz batetik irten zen. Patioa zeharkatu zuen nolabaiteko zehaztasun militarrarekin, urrats bakoitza, besoen mugimendu bakoitza, banan bana kontrolatuko baliote bezala goialdetik igorritako aginduek. Gizonaren aurpegi argal eta beltzaranaren begiek nolabaiteko errugabetasun urdin eta argia zuten. Aurpegiaren behe aldea arruntagoa zen, lauki antzean ebakitako bibote arrea zela medio.

Ondotik igaro zitzaidan gizonaren begirada arin eta zurbila.

—Zer gertatzen da hemen, Irene?

—Ezer ez. Hau da… —Emakumeak arnasa hartu zuen—. Aseguru-konpainiako gizona da hau. Lapurretagatik etorri da.

—Zeuk esan diozu etortzeko?

—Bai. —Emakumeak lotsaz betetako begirada egin zidan. Gezurretan ari zen, argi eta garbi, eta laguntza eske ari zitzaidan.

—Horixe lelokeria egin duzuna —esan zion senarrak—. Kutxatila florentziarra ez zegoen aseguraturik, nik dakidala, behintzat. —Gizonak gizalegez begiratu zidan argibide eske.

—Ez —esan nion ahots zurrunez.

Haserre nengoen emakumearekin. Izan ere, hondatu egin zituen gure arteko harremanak, baita senarrarekin inoiz izan nitzakeenak ere.

—Beraz, ez zaitugu gehiago atxikiko —esan zidan gizonak—. Barkatu emaztearen hanka-sartzeagatik. Damu dut zuri denbora galarazi izana.

Chalmers nireganantz etorri zen irribarre lasaia zuela bibotearen azpian. Alde batera baztertu nintzen. Ondotik igaro zitzaidan ateko sarrera zabaletik sartzeko, kontuz ibiliz ni ez ukitzearren. Plebeioa nintzen, eta hori kutsakorra izan zitekeen.