24
Moira ez neukan zain beheko pisuan ezta nire autoan ere. Sendagileen autoak gordetzeko erreserbatuta zegoen aparkalekuan aurkitu nuen azkenean. Senarraren Cadillac kabrioletean zegoen, bolantearen atzean jarrita.
—Nekatuta nengoen itxaroteaz —esan zuen arinki—. Zure ikerketa gaitasuna probatzea bururatu zait.
—Oso momentu txarra da ezkutaketan jolasteko.
Menturaz, zakar hitz egin nion. Begiak itxi zituen erantzun gisa. Ondoren, kabrioletetik irten zen.
—Txantxetan ari nintzen. Baina egia esan, ez. Nire bila etorriko ote zinen jakin nahi nuen.
—Bila ibili naiz. Konforme?
Besotik heldu eta leunki eragin zidan.
—Oraindik ere haserre zaude.
—Ez nago haserre zurekin. Zure senar madarikatuagatik da.
—Zer egin du orain Ralphek?
—Bere aginteaz baliatu eta FBIkume deitu dit. Hori nitaz ari zela. Besteari dagokionez, larriagoa da. Ezetz esan dit Nickekin hitz egiteko eskatu diodanean, ez orain ez gero. Nickekin bost minutuz hitz egiteko aukera banu, kontu piloa argituko nuke.
—Ez didazu eskatuko zure alde mintzatzeko Ralphen aurrean, ezta?
—Ez.
—Ez nuke nahi zuen bion artean harrapatuta egotea.
—Hori nahi ez baduzu —esan nion—, ezkutaleku hobea aurkitu beharko zenuke.
Zeharka begiratu zidan. Bere benetako izaeraren distira bat harrapatu nion, lotsati eta aldakorra, min hartzeko beldur zela.
—Benetan esan duzu? Alde egitea nahi duzu?
Eutsi egin nion eta hitzik gabe erantzun. Une baten ondoren, askatu egin zen.
—Dagoeneko, etxera joateko prest nago. Eta zu?
Baietz esan nion, baina ez nengoen guztiz prest. Smitheramengatik sentitzen nuena, susmoak areagotutako amorrua, haren emaztearengatik sentitzen nuenaren erdian azaldu zitzaidan. Bestalde, beste burutazio garratzago batzuk ekarri zizkidan gogora: emakumeaz baliatzeko aukera doktoreaz mendekatzeko, edo doktorea harrapatzeko. Burutazioak alde batera utzi nituen, baina hantxe gelditu ziren itzalpean kuzkurtutako haur zitalak bailiran, argiak noiz piztuko zain.
Autobidea hartu, eta iparralderantz abiatu ginen. Moira kezkatuta nengoela konturatu zen.
—Nekatuta bazaude, neuk gidatuko dut.
—Ez da halako nekea. —Txapaka egin nuen buruan—. Arazo batzuk ditut konpondu beharrekoak, eta nire ordenagailua binarioak baino lehenagokoa da. Ez du baietz eta ezetz esaten. Gehienetan, agian esaten du.
—Nitaz?
—Kontu guztiez.
Isilik joan ginen San Onofretik harantzago. Erreaktore atomikoaren esfera eskerga ilunpean ageri zen ilargi hil eta eroria bezala. Benetako ilargia zeru gainean ageri zen.
—Zure ordenagailua galderak erantzuteko programatuta dago?
—Galdera batzuk. Beste batzuek geldiarazi egiten dute.
—Konforme. —Moiraren ahotsa leun eta serio bihurtu zen—. Uste dut badakidala zer duzun gogoan, Lew. Agerian utzi duzu esatean Nicken bost minutuz hitz eginez dena argituko litzatekeela.
—Dena ez. Kontu piloa.
—Hirurak hil dituela uste duzu, ezta? Harrow, Trask andrea, gaixoa, eta trenbideko kotxetegiko gizona?
—Baliteke.
—Esan benetan zer uste duzun.
—Hori da benetan uste dudana: balitekeela. Nahiko ziur nago trenbideko gizona hil zuela. Ez nago ziur besteez, eta gero eta ziurtasun gutxiago daukat horretaz. Oraintxe bertan, irudipena daukat Nick engainatu dutela errudun agertzeko, eta agian badakiela nork egin duen hori. Horrek esan nahi du bera hurrengoa izan daitekeela.
—Horrexegatik ez zenuen nirekin etorri nahi?
—Ez dut hori esan.
—Hala iruditu zait, baina. Begira, bira egin eta ospitalera itzuli behar duzula uste baduzu, ulertuko dut. —Hauxe gaineratu zuen—: Beti daukat gorputza zientziarako uztea. Edota eskakizun orria bete erantzuteko eskubideaz baliatzeko.
Barre egin nuen.
—Ez da hain barregarri —esan zuen Moirak—. Beti gertatzen dira gauzak, mundua oso arin dabil; hori dela eta, emakumeok oso lehia zaila daukagu.
—Dena dela —esan nion—, ez dago zertan itzuli. Nick ondo zainduta dago. Ezin da gelatik irten, eta inork ez du bertan sartzerik.
—Horrela konpontzen dira zure baliteke biak, ezta?
Luzaro egon ginen isilik. Galdera zehatzak egin nahi nizkion, bai Nicki bai senarrari buruz. Baina emakumeaz eta abaguneaz baliatuz gero, neure buruaren alde bat erabiliko nuen, erabili gabe gorde nahi nuen neure bizitzaren alde bat: Ordenagailua edota espioia izatetik bereizten ninduen aldea, hain zuzen ere.
Galdera erantzun gabeak sortutako asaldura aldi baten ondoren baretu eta isilik geratu zitzaidan gogoa. Astiro joan zitzaidan kasuaren barruan bizi nintzelako sentsazioa, nahiz eta batzuetan droga gisa erabilia nuen aurrera jarraitzeko.
Ondoan neukan emakumea oso sentibera zen. Ezkutu babesgarria kendu banu bezala, hurbilago jarri zitzaidan. Autoa gidatzean emakumearen epeltasuna sentitu nuen eskuinaldetik gorputz osora zabalduz.
Montevistako kostaldean bizi zen, itsas labarren gainean, altzairuz, kristalez eta diruz egindako etxe lerrozuzenean.
—Utzi autoa garajean, nahi baduzu. Sartuko zara trago bat hartzera?
—Apurtxo batez bakarrik.
Ate nagusia ireki ezinik zebilen.
—Autoko giltza erabiltzen ari zara —esan nion.
Pentsakor geratu zen.
—Zer esan nahi ote du horrek?
—Betaurrekoak behar dituzula, nonbait.
—Betaurrekoak erabiltzen ditut irakurtzeko.
Etxera sartzen utzi zidan eta sarrerako argia piztu zuen. Eskailera mailak jaitsi, eta gela oktogonal batera azaldu ginen, batez ere leihoz osatua. Ilargia kasik ukitzeko mendean ikusi nuen, eta urrutira, ilargiaren pean, olatuen lerro zuri zirriborratuak.
—Leku ederra da.
—Hala uste duzu? —Harrituta zirudien—. Jainkoak daki lekua ederra zela ezer eraiki baino lehenago, baita arkitektoarekin etxea planeatzen ari ginela ere! Baina etxeak inoiz ez zuen edertasuna harrapatu, antza. —Une baten ondoren aurrera egin zuen—: Etxea eraikitzea txoria kaiolan sartzea bezala da. Txoria norbera izatea, horixe.
—Hori esan dizute klinikan?
Niregana itzuli zen irribarre arina eginez.
—Larregi hitz egiten ari naiz?
—Izan ere, trago bat aipatu duzu.
Niregana makurtu zen, aurpegi zilarkaraz, begi ilunez, eta aho ilunez, kanpotik zetorren argi ahularen pean.
—Zer hartuko duzu?
—Whiskia. —Orduan begiak aldatu zitzaizkion, eta berriz harrapatu nuen benetako distira hura, etxearen barru-barruan ostendutako argia bezala.
—Badut iritziz aldatzerik? —esan nion.
Prest zegoen amodioa egiteko. Arropak erantzi genituen, gutxi gora behera, eta arau bereziekin olanara botatzen diren borrokalarien antzera etzan ginen lurrean, batak bestea bizkarrez gora jartzea orobat zorionekoa eta txalogarria zela.
Une batez esan zidan, erorketa artean, maitale samurra nintzela.
—Zahartzeak abantailak dakartza berekin.
—Ez da hori. Sonny gogorarazten didazu, eta berak hogei urte baino ez zituen. Berriz ere Eva paradisuan bezala sentiarazten nauzu.
—Nahiko ateraldi bitxia da hori.
—Ez dit axola. —Ukalondoan bermatu zen, eta bular zilarkara hura gainera etorri zitzaidan, astun—. Gogaitu egiten zaitut Sonny aipatzen dudanean?
—Harrigarria bada ere, ez.
—Ez zintuzke gogaitu beharko. Gizagaixo hutsa zen mutila. Baina pozik geunden elkarrekin. Aingeru leloak bezala bizi ginen, batak bestearentzako gauzak eginez. Mutila neskekin ibili gabea zen, eta ni Ralphekin baino ez nintzen izan lehenago.
Ahotsa aldatu zitzaion senarraren izena aipatzean, eta harekin batera sentimenduak ere aldatu zitzaizkidan.
—Ralph ikaragarri teknikoa zen beti, eta konfiantza handia zeukan bere buruarengan. Herri azpigaratu bat baketzen dabilen armada bezala sartzen zen ohean. Baina Sonnyrekin bestelakoa zen. Oso samur eta eroa zen. Maitasuna jolasa genuen, bizi genuen fantasia, senar-emazteenak eginez elkarrekin. Batzuetan Sonnyk Ralphena egiten zuen. Batzuetan Sonnyren amarena egiten nuen nik. Gaixo-portaera ematen du honek? —esan zidan irribarre urduria eginez.
—Galdetu Ralphi.
—Aspertu egiten zaitut, ezta?
—Alderantziz. Zenbat iraun zuten harreman horiek?
—Ia bi urte.
—Orduan Ralph etxeratu zen?
—Azkenean egin zuen. Baina ordurako hautsiak nituen Sonnyrekikoak. Fantasia eskuetatik joan zitzaigun, eta mutila ere bai niri. Gainera, ezin nuen Sonnyren ohetik jauzi egin Ralphenera sartzeko, besterik gabe. Kontuak kontu, erruak hiltzeko zorian eduki ninduen.
Gorputzari begiratu nion.
—Nire ustez, ez duzu erruak itotako emakumearen itxurarik.
Une baten ondoren erantzun zuen.
—Zuzen zabiltza. Ez zen errua. Min hutsa zen. Benetako amodioaz etsi nuen. Zeren truke? Ehun mila dolarreko etxearen eta laurehun mila dolarreko klinikaren truke. Ez nuke ez batean ez bestean hil nahi, ahal izanez gero. Nahiago nuke Magnoliara itzultzea, gela bakar batean egonda ere.
—Jadanik ez dago hor —esan nion—. Ez zara iragana handiegi bihurtzen ari?
Pentsakor erantzun zuen.
—Baliteke exajeratzen ibiltzea, batez ere, alde onak. Emakumeok istorioak asmatzeko joera dugu, eta istorioko pertsonaia nagusia geureganatzeko.
—Beharrik, gizonezkook hori egiten ez baitugu.
Barre egin zuen.
—Ziur nago Evak sagarraren istorioa asmatu zuela.
—Eta Adanek lorategiaren istorioa asmatu zuen.
Nire ondoan kokorikatu zen.
—Zoratuta zaude. Horixe da diagnostikoa. Pozten naiz hori guztia kontatu izanaz. Eta zu?
—Eraman dezaket. Zergatik egin duzu?
—Arrazoi batzuengatik. Gainera, senarra ez izatearen abantaila daukazu.
—Inongo emakumek esan didan gauzarik ederrena da hori.
—Benetan ari naiz. Kontatu dizudana Ralphi kontatuko banio, nireak egingo luke gizakia naizen aldetik. Ralphen trofeo psikiatriko ospetsu horietakoa izango nintzateke. Ziurrenik, disekatu eta bulegoan eskegiko ninduke, diplomen ondoan. —Hauxe gaineratu zuen—: Horixe egin du, nolabait.
Senarrari buruzko galderak egin nahi nizkion, baina lekua eta ordua ez ziren egokiak, eta artean ere ez nituen erabili nahi.
—Ahaztu Ralph. Zer gertatu zitzaion Sonnyri?
—Beste neska bat aurkitu, eta berarekin ezkondu zen.
—Eta jeloskor sentitzen zara?
—Ez. Bakarrik sentitzen naiz. Ez daukat inor.
Berriz elkartu genituen gure bakardadeak, maitasunera iritsi barik, baina bakartasunean baino era goxoagoan. Azkenean, ez nintzen joan Los Angelesen mendebaldeko etxera.