8

Nire autoan joan ginen, Betty gidari eta ni aldamenean, Nick gure artean eserita. Ez zuen hitz egin ezta zirkinik egin ere harik eta gurasoen etxearen aurrean gelditu ginen arte.

Orduan erreguka hasi zitzaidan etxera eraman ez nezan.

Ia indarrez atera behar izan nuen autotik. Besotik heldu nion, Betty mutilaren bestaldean zihoala, eta horrela zeharkatu genuen patioa. Nick gogo txarrez zebilen, Betty eta biok horma zuriaren kontra ezarri eta exekutatzeko asmoa izango bagenu bezala.

Nicken ama azaldu zitzaigun ate nagusira heldu baino lehen.

—Nick? Ondo zaude?

—Ongi nabil —esan zuen mutilak zinta magnetofonikoaren tankerako ahotsaz.

Sarrera gelara heltzean hau esan zidan Nicken amak:

—Senarrarekin hitz egin behar duzu?

—Bai, behar dut. Senarra honetarako prestatzeko eskatu nizun.

—Ezin izan dut egin —esan zidan—. Zuk zeuk esan beharko diozu. Lorategian dago.

—Eta psikiatra, zer?

—Smitheram doktorea paziente batekin zegoen, baina laster izango dugu hemen.

—Deitu John Truttwelli ere —esan nion—. Arazo honek badu zerikusirik legearekin.

Nick egongelan utzi nuen emakume biekin. Betty serio eta isilik zegoen, Irene Chalmersen edertasun ilunak itzalpean utziko balu bezala.

Chalmers lorategi hesituan zegoen, landare artean lanean. Levis praka garbiak zeuzkan, eguzkiak histuak, eta argala zirudien, kasik hauskorra. Jo eta ke ari zen palaz aztarrikan negurako sasi ebakiak inguratuz, motzondo arantzadun iharrak ziruditenak.

Begirada zorrotza egin zidan, eta gero astiro zutitu zen, pala zut-zutik finkatuz lurrean. Inguruan estatua greko eta erromatarrak zituen, eguraldi zakarrak hainbat urtez maskaldutako nudistak bezalakoak. Gogor samar esan zuen:

—Uste nuen argi geratu zela kutxatila florentziarra ez zegoela aseguraturik.

—Ez dakit ezer horretaz, jauna. Ez dut aseguruekin lan egiten.

Zurbilduxe ageri zen, eta atezuan.

—Hala esan zenuen bada, nik uste.

—Zure emazteari bururatu zitzaion. Detektibe pribatua naiz. John Truttwellek kontratatu nau zure emaztearen izenean.

—Orduan kontratua hautsi beharko du, arraioa. —Chalmersi beste zerbait bururatu zitzaion—. Esan nahi duzu nire emaztea Truttwellengana joan dela nire isilpean?

—Ez da hain ideia txarra izan. Badakit kezkatuta zaudela semeaz, eta etxera ekarri dut, beste barik. Hortik ibili da arma batekin, lasai-lasai hitz eginez bere burua edota beste norbait hiltzeaz.

Esandakoa eta egindakoa kontatu nion Chalmersi. Lur jota gelditu zen.

—Nickek bere senetik aterata egon behar du.

—Hein batean, hala da —esan nion—. Baina ez dut uste gezurretan aritu denik.

—Inor hil du, zure ustez?

—Sidney Harrow izeneko gizon bat hilda dago. Gizon hori eta Nick liskarrean ibili dira. Eta Nickek onartu du hil egin duela.

Chalmers apur batez kulunkan ibili, eta palan bermatu zen, burua beheratuta. Soilgune bat zeukan garunean, ile apurraz estalia, ahultasuna ezkutatzeko moduan edo. Jendeak seme-alabengandik jasotzen dituen jipoi moralak, iruditu zitzaidanez, jasateko gogorrenak dira eta saihesteko gogorrenak.

Baina Chalmers ez zen bere buruaz ari.

—Nick gizagaixoa. Oso ondo zebilen. Zer gertatu zaio?

—Agian Smitheram doktoreak esango dizu. Badirudi urrezko kutxatilarekin hasi dela kontua. Dirudienez, Nickek diru-kutxatik atera, eta Jean Trask izeneko emakume bati eman zion.

—Inoiz ez dut izen hori entzun. Zertarako nahi zuen emakume horrek nire amaren urrezko kutxatila?

—Ez dakit. Badirudi garrantzizkoa dela berarentzat.

—Trask horrekin hitz egin duzu?

—Bai, egin dut.

—Zer egin du amari idatzi nizkion eskutitzekin?

—Ez dakit. Kutxatilan begiratu dut, baina hutsik zegoen.

—Zergatik ez diozu galdetu?

—Emakume hori managaitza da. Eta harrezkero gauza garrantzitsuagoak gertatu dira.

Chalmersek mustatxa murtxikatu zuen gogo txarrez:

—Adibidez?

—Jakin dudanez, emakumeak Sidney Harrow kontratatu zuen Pacific Pointera etor zedin. Dirudienez, emakumearen aitaren bila zebiltzan.

Chalmersek durduzaturik begiratu zidan: begirada lorategian zehar joan zitzaion eta hesiaren gainetik zerura igo.

—Honek guztiak badu zerikusirik gurekin?

—Ez dago argi, nik uste. Gauza bat proposatu behar dizuet, John Truttwellek ontzat ematen badu. Eta zuk ere bai, jakina. Ideia ona izan liteke errebolberra poliziari ematea balistikako probak egin ditzan.

—Borrokarik egin gabe etsitzea esan nahi duzu?

—Urratsez urrats joan behar dugu, jauna. Harrow Nicken errebolberraz hil ez badute, Nicken aitormena alegiazkoa da, noski. Harrow errebolber horrekin hil badute, orduan erabakiko dugu zer egin.

—John Truttwellekin kontsultatuko dugu. Une honetan ez dut oso argi burua.

Chalmersek bekokira eraman zituen hatzak.

—Ez litzateke azkena izango —esan nion—, Nickek gizona hil izan balu ere. Uste dut agian zirkunstantzia aringarriak izan direla.

—Nolakoak?

—Harrow harroputz samar ibili da. Mehatxu egin zion Nicki errebolber batekin, ziurrenik errebolber berberarekin. Joan den gauean gertatu zen, zuen etxe aurrean, kutxatila lapurtu zutenean.

Chalmersek zalantzan begiratu zidan.

—Ez dut ulertzen nola egon zaitezkeen ziur horretaz.

—Lekuko bat dut. —Baina ez nion Bettyren izena aipatu.

—Errebolberra aldean daukazu?

—Autoaren maletategian. Erakutsiko dizut.

Galeria estalia zeharkatu eta etxean sartu ginen, korridorean barrena joan eta sarrera gelara heltzeko. Nick, beronen ama eta Betty egongelako besaulki batean eserita zeuden talde geldoa osatuz, aspaldian bizitasuna galdu duen jai bateko jendea bezala. Nickek berriz jantzita zeuzkan betaurreko ilunak, halako benda beltza bailuen begietan.

Chalmers egongelara sartu eta semearen aurrean paratuta, gainetik begiratu zion goien-goienean balego bezala.

—Egia da gizon bat hil duzuna?

Nickek buruari eragin zion goibel:

—Barkatu. Ez nuen etxera etorri nahi. Neure burua hil nahi nuen.

—Hori koldarkeria da —esan zion Chalmersek—. Gizonak bezala jokatu behar duzu.

—Bai, aita —esan zion mutilak etsiturik.

—Ahal dugun guztia egingo dugu zuregatik. Ez etsi. Hitz eman behar didazu, Nick.

—Hitz ematen dizut, aita. Barkatu.

Chalmersek bira egin zuen militarren antzeko zorroztasuna erakutsiz eta niregana hurbildu zen. Aurpegi estoikoa zuen. Chalmers eta Nick derrigorrez konturatuko ziren ez zela gertatu benetako komunikaziorik elkarren artean.

Ate nagusira joan ginen. Espaloian ginela, Chalmersek lorategiko arropei begiratu zien lotsatuta.

—Ez dut batere gogoko honela agertzea jendaurrean —esan zuen, auzokoak begira izango balitu bezala.

Autoko maletategia ireki, eta errebolberra erakutsi nion probak gordetzeko kutxatilatik atera gabe.

—Inoiz ikusi duzu?

—Ez. Egia esan, Nickek inoiz ez du armarik izan. Beti gorrotatu ditu arma kontuak.

—Zergatik?

—Nik uste dut neuregandik jaso duela, osmosia dela medio. Aitak ehizan irakatsi zidan txikitan. Baina gerrak ehizarako zaletasuna suntsitu zidan.

—Entzun dudanez, gerra-ekintza askotan parte hartu zenuen.

—Nork esan dizu hori?

—John Truttwellek.

—Hobe luke bere iritzia beretzat gordeko balu. Baita nirea ere. Nahiago dut ez hitz egin gerran izandako esperientziaz. —Errebolberrari begiratu zion nolabaiteko mesprezu goibelaz, arma hark indarkeria mota guztiak sinbolizatuko balitu bezala—. Benetan uste duzu arma hau Johni eman beharko geniokeela?

—Zer proposatzen duzu?

—Badakit zer egin nahi nukeen. Hiru metroko zulo batean lurperatu eta kontua ahaztu.

—Berriz atera beharko genuke, orduan.

—Zuzen zabiltza, nonbait —esan zuen.

Truttwellen Cadillac-a urrutitik agertu zen, Pacific Streetetik zetorrela. Abokatuak bere etxe aurrean aparkatu, eta kalea zeharkatu zuen korrika txikian. Nicki buruzko berri ertunak xurgatu zituen gogoa prestaturik izango bailuen halako zerbait jasotzeko.

—Eta hau da errebolberra. Kargatuta dago. —Kutxatila eman nion, giltza sarrailan jarrita—. Hobe duzu gordetzea zer egin erabaki arte. Argibideak eskatu ditut telegrafoz jabea nor den jakiteko.

—Ondo. —Chalmersengana itzuli zen—. Non dago Nick?

—Etxean. Smitheram doktorearen zain gaude.

Truttwellek eskua ezarri zion Chalmersi sorbalda hezurtsuaren gainean.

—Zoritxarrez, berriz bizi beharko duzue hori zuk eta Irenek.

—Mesedez. Ez dugu horretaz hitz egingo. —Chalmers Truttwellen eskutik askatu zen. Brastakoan itzuli, eta modu estoikoan abiatu zen ate nagusirantz.

Truttwelli jarraitu nion bere etxeraino. Estudioan, giltzapean gorde zuen kutxatila su-kontrako arasa altzairuzko batean.

—Pozten naiz errebolberra eskuetatik kentzeaz. Ez nuen nahi Lacklandek ni horrekin harrapatzerik.

—Uste duzu gaur eman beharko niokeela Lacklandi?

—Ikus dezagun zer esaten duten Sacramentokoek errebolberraren jabeaz. Bide batez, zer esan nahi zenuen Chalmersek berriz bizi beharko zuela hura esatean? Inoiz sartu da Nick honelako arazoetan?

Truttwellek apur batean itxaron zuen erantzun baino lehen.

—Hori… zer-nolako arazoak dituzun gogoan. Inoiz ez du zerikusirik izan erailketa batekin, nik dakidala, behintzat. Baina bizpahiru gertakizun izan ditu historialean… ez dute horrela esaten psikiatrek? Orain dela urte batzuk etxetik ihes egin zuen, eta herri osoan zehar bilatu behar izan genuen berriz ere etxera ekartzeko.

—Hippie mugimenduan zebilen?

—Egia esan, ez. Bere bizimodua atera nahian zebilen, ibili ere. Pinkerton agentziakoek noizbait ekialdeko kostaldean arrastoa aurkitu zutenean, jatetxe batean ari zen lanean zerbitzari. Noizbait, konbentzitu egin genuen etxera etorri behar zuela ikasketak amaitzera.

—Zer pentsatzen du gurasoez?

—Oso hurbil dago amagandik —esan zuen Truttwellek idorki—, eta ez dakit hori komenigarria ote den. Nire ustez, aita miresten du, baina iruditzen zaio ezin duela beraren neurrira iritsi. Halaxe sentitzen zen Larry Chalmers bere aita epailearen aldean. Dirudienez, halako portaerak etengabe errepikatzen dira.

—Gertakizun bat baino gehiago aipatu duzu —eten egin nion.

—Hala egin dut. —Nire aurrean eseri zen—. Aspaldira jo behar dugu, duela hamalau edo hamabost urtera, eta baliteke hori Nicken arazoaren sustraia izatea. Smitheram doktoreak hala uste du. Baina hainbesteraino baino ez du hitz egiten nirekin kontu horretaz.

—Zer gertatu zen?

—Horretaz ez du hitz egiten doktoreak. Uste dut halako psikopata sexualak Nick bahitu zuela. Mutilaren familiak berehala berreskuratu zuen, baina ordurako Nicki kristoren beldurra sartu zitzaion gorputzean. Orduan zortzi urte baino ez zituen. Badakizu zergatik ez duen inork horretaz hitz egin nahi.

Beste galdera batzuk egin nahi nizkion Truttwelli, baina zerbitzariak estudioko atea jo, eta ireki egin zuen.

—Sartzen entzun zaitut, jauna. Ezer behar duzu nigandik?

—Ez, eskerrik asko, Glover andrea. Berehala kaleratuko naiz berriro. Non dabil Betty, bidenabar esanda?

—Ez dakit, jauna. —Baina emakumeak niri begiratu zidan, aukeran akusatuko baininduen.

—Chalmerstarrenean dago —esan nuen.

Truttwell zutitu egin zen, keinu haserrekorra eginez gorputz osoarekin.

—Ez dut batere gogoko hori.

—Ezinbestekoa izan da. Nirekin zegoen Nick hartu dudanean. Oso ondo portatu da. Eta ondo zertu ditu Nickekikoak.

Truttwellek ukabilez jo zuen izterra.

—Ez dut alaba hazi psikopata baten erizain izan dadin.

Zerbitzaria ikara bizian zegoen. Gelatik irten, eta atea itxi zuen zaratarik egin gabe.

—Chalmerstarrenera noa Betty ekartzera —esan zuen Truttwellek—. Gaztaro osoa alferrik hondatu du mutiko gaixobera horrekin.

—Dirudienez, Bettyri ez zaio iruditzen dena alferrikakoa izan denik.

—Beraz, mutilaren alde zaude? —Gizonak mutilaren lehiakidea ematen zuen.

—Ez. Bettyren alde nago, eta ziurrenik zure alde ere bai. Oso une txarra da Betty erabakiak hartzera behartzeko.

Truttwellek iradokizuna ulertu zuen une baten ondoren.

—Zuzen zabiltza, jakina.