1
Abokatuak John Truttwell zuen izena eta bere bulegoaren ondoko gelan itxaronarazi zidan. Horrela, aukera eman zion gelari poliki-poliki zirrara egin ziezadan. Eserita nengoen besaulkia larru berde bigunaz estalita zegoen. Inguruko paretetatik eskegita eskualdeko olio-pinturak, paisaiak eta itsas bistak ageri ziren, iragarki sotilak bailiran.
Ile gorriko idazkari gazteak telefonogunea utzi, eta nire aldera itzuli zen. Begiak azpimarratzen zizkioten lerro ilun astunek burdinetatik kirikan dagoen presoaren itxura ematen zioten.
—Damu dut Truttwell jauna hain berandu ibiltzeaz. Alabagatik da —esan zuen neskak hala-hola—. Bakean utzi beharko luke, bere hanka-sartzeak egin ditzan. Nik bezala.
—Bai?
—Egia esan, modeloa naiz. Bigarren senarrak ihes egin didalako ari naiz denbora ematen lan honetan. Benetako detektibea zara?
Hala nintzela esan nion.
—Senarra argazkilaria dut. Diru ederra emango nuke jakiteko nor… non bizi den.
—Ahantz ezazu. Ez luke mereziko.
—Agian zuzen zabiltza. Argazkilari kaxkarra da. Zenbait adituk esan didate senarraren argazkiak inoiz ez direla nire mailara iritsi.
Errukia behar zuela bururatu zitzaidan. Berrogeita hamar urteak antzinatxo eginak zituen gizon luze bat agertu zen sarreran. Sorbalda handikoa zen, dotore jantzia eta itxura onekoa, eta bazirudien jakinaren gainean zegoela azkenekoaz. Ile urdin sarria ondo egokitua zuen buruan, hazpegiak bezain egokitua.
—Archer jauna? John Truttwell naiz. —Berotasunik erakutsi gabe tinkatu zidan eskua eta korridorean barrena eraman ninduen bere bulegoraino—. Eskerrak eman behar dizkizut hain arin etortzeagatik Los Angelestik, eta barkamena eskatu itxaronarazi dizudalako. Erdi erretiratuta nago, baina inoiz baino arazo gehiago ditut buruan.
Truttwell ez zen ustez bezain zabarra. Hizketaldiaren harian kontu handiz aztertu ninduen begi triste eta hotzekin. Bulegora pasarazi eta larru marroiko aulki batean eserarazi ninduen, bere idazmahaiaren aurrean.
Eguzkiaren argi poxi bat iragazi zen leihoetako errezel lodien artetik, baina gela argi artifizialaz argiturik zegoen. Zuritasun zabal hartan Truttwellek berak ere artifizial samar ematen zuen, ezkozko irudia balitz bezala, eraz egina, ahotsaren kableari konektaturik. Eskuineko sorbaldaren gainetik ikusi nion apalategian begi argiko neska ilehori baten argazkia, eta iruditu zitzaidan Truttwellen alaba izango zela.
—Lawrence Chalmers jauna eta beronen emaztea aipatu dituzu telefonoz.
—Hala egin dut.
—Zer gertatzen zaie?
—Berehala iritsiko naiz horra —esan zuen Truttwellek—. Argi utzi nahi dut hasieratik Larry eta Irene Chalmers adiskideak ditudala. Aurrez aurre bizi gara Pacific Street-en. Bizitza osoan ezagutu dut Larry, eta hala egin zuten gure gurasoek ere lehenago. Ezagutzen dudan zuzenbidearen puska handi bat Larryren aitari ikasi nion, epailea baitzen. Eta nire emaztea zena Larryren amaren adiskide mina zen.
Bazirudien Truttwell harro zegoela harreman haietaz, nahiz eta artifizial samarra iruditu. Ezkerreko eskua ile albora eraman zuen leunkiro, familiako erlikiaren bat seinalatzen ariko balitz bezala. Begiak eta ahotsa motel samar zituen iraganaren kariaz.
—Hauxe da kontua —esan zuen—, Chalmerstarrak baliotsuak direla… baliotsutzat jotzen ditudala. Jende horrekin kontu handiz ibiltzea nahi nuke.
Bulegoko eguratsa goi mailako gizartearen presioaz betetzen ari zen. Presioa apur bat arintzen saiatu nintzen.
—Antigoaleko altzariekin bezala?
—Halaxe da, baina Chalmestarrak ez dira zaharrak. Artelanak bailiran imajinatzen ditut biak, eta kontua da ez dutela zertan erabilgarri izan. —Truttwell eten egin zen, eta aurrera egin zuen beste gogoeta bat bururatu izan balitzaio bezala—. Kontua da Larryk ez duela ezer handirik burutu gerra amaitu zenetik. Jakina, diru piloa egin du, baina hori ere eskura eman zioten. Amak aurrezki ederrak utzi zizkion, eta espekulazio merkatuan milioitan biderkatu zituen.
Truttwellen ahotsa inbidiaz nabarturik zegoen, Chalmers senar-emazteek sentimendu nahasiak sortuko balizkiote bezala, eta ez denak mirespenaren antzekoak. Ni neu nabardura kritikoari lotu nintzaion:
—Horrek zirrara eman beharko lidake?
Truttwellek harrituta begiratu zidan, zarata lizunen bat egin izan banu bezala, edota halako zarata entzuteko baimena eman neure buruari.
—Ikusten dudanez, ez dut oso ondo azaldu kontua. Larry Chalmersen aitonak borroka egin zuen Gerra Zibilean. Gero Kaliforniara etorri, eta lursail handiak heredatu zituen espainiar batekin ezkondu zen. Larry bera gerrako heroia da, baina ez du hartaz hitz egiten. Gauetik goizera egindako gizarte honetan, aristokraten antzekoena dugu Larry.
Esaldiaren soinua aditzen gelditu zen, lehenago erabili izan balu bezala.
—Eta Chalmers andrea, zer?
—Inork ez luke deskribatuko Irene aristokrata gisa. Alabaina —erantsi zuen ustekabean ahotsa goratuz—, kristoren emakume ederra da. Emakumeak izan behar duen guztia, hain zuzen ere.
—Oraindik ez duzu aipatu zer arazo daukaten.
—Hori izan da… alde batetik, oso argi ez dudalako. —Truttwellek idaztorri hori bat idazmahaitik hartu, eta bekokia zimurtu zuen paperean zirriborroak egiten ari zela—. Espero dut lasaiago hitz egingo dutela arrotz batekin. Irenek azaldu didanaren arabera, lapurreta egin zieten etxean Palm Springsera joan zirenean asteburu luzea pasatzera. Aukeran lapurreta bitxia izan da. Ireneren arabera, gauza baliotsu bat baizik ez dute eraman: urrezko kutxatila zahar bat, estudioko diru-kutxan gordeta zeukatena. Ikusita daukat diru-kutxa, Chalmers epaileak bertan ezarri zuen hogeiko hamarraldian, eta nekez apurtuko zioten sarraila.
—Poliziari abisatu diote?
—Ez, eta ez dute hori egiteko asmorik.
—Badute zerbitzaririk?
—Otsein espainiar bat dute, kanpoan bizi dena. Baina hogei urtez izan dute gizon berbera. Gainera, autoan eraman zituen Palm Springsera. —Eten egin zen, eta buru urdinduari eragin zion—. Hala ere, etxe barruko lana ematen du, ezta?
—Susmagarritzat daukazu zerbitzaria?
—Nahiago nuke ez esatea nor edo zer daukadan susmagarritzat. Hobeto lan egingo duzu aurre-juzgu handirik gabe. Hara, nik dakidala, Larry eta Irene ez dira batere buruarinak, eta ez dut zertan ulertu haien bizitza.
—Badute seme-alabarik?
—Seme bat, Nicholas —esan zuen Truttwellek ahotsa aldatu gabe.
—Zenbat urte ditu?
—Hogeita hiru edo lau. Hilabete honetan unibertsitateko ikasketak amaituko ditu.
—Urtarrilean?
—Halaxe da. Nickek seihilabeteko bat galdu zuen lehendabiziko urtean. Unibertsitatetik alde egin zuen inori ezer esan gabe, eta hainbat hilabetez ostendu egin zitzaigun.
—Orain badute arazorik gurasoek mutilarekin?
—Nik ez nuke horrenbeste esango.
—Nickek bazeukan lapurreta egiterik?
Truttwellek ez zuen berehala erantzun. Begietan nabaritu zitzaizkion aldaketak kontuan hartuta, erantzun batzuk probatzen ari zen buruan, akusaziotik defentsaraino zihoazenak.
—Nickek bazeukan hori egitea —esan zuen azkenik—. Baina ez zeukan inolako arrazoirik amari urrezko kutxatila lapurtzeko.
—Arrazoi piloa bururatzen zait. Emakumeak interesatzen zaizkio?
Truttwellek zurrun samar esan zuen:
—Bai, horixe. Nire alaba Bettyren senargaia duzu.
—Barkatu.
—Ez horregatik. Nekez espero nuen halakorik jakingo zenuenik. Baina kontuz ibili zer esaten diezun Chalmerstarrei. Ohituta daude oso bizimodu lasaia egiten, eta uste dut kontu honek benetan asaldatu dituela. Etxe eder hori nola maite duten kontuan hartuta, ematen du tenplu bat bortxatu dutela.
Idaztorri horiarekin eskuetan pilota bat egin, eta paperontzira jaurti zuen. Egonezinezko keinu hura egitean, irudipena eman zidan Truttwellek pozik haizatuko lituzkeela bere gogotik Chalmers senar-emazteak eta haien arazoak, semea barne.