30

Pentotalak lokartuta amaitu nuen Pasadenako ospitale-gela batean. Kirurgialariak bala erauzi behar izan zidan, eta aldi batez mugitu gabe eduki behar izango nituen besoa eta sorbalda.

Zorionez, ezkerreko sorbalda zen. Behin baino gehiagotan aipatu zidaten hori poliziek eta Barrutiko fiskalaren gizonek, ilunabarrean bisitatzera etorri zitzaizkidanean. Poliziak barkamena eskatu zidan gertatutakoagatik, nahiz eta aldi berean aditzera eman neuk egin nuela topo balarekin, eta ez alderantziz. Ahal zutena egitea eskaini zidaten, eta baietz esan zidaten nire autoa ospitaleko aparkalekura ekartzea proposatu nienean.

Hala ere, bisitaldiak haserretu egin ninduen, baita kezkatu ere. Kasuak niregandik alde egin, eta bertan etzanda utzi izan banindu bezala sentitu nintzen. Gau-mahaian telefonoa neukan, eta Truttwellen etxera deitzeko erabili nuen. Etxezainak esan zidan abokatua ez zegoela etxean, ez eta Betty ere. Truttwellen bulegora deitu, eta izena eta zenbakia utzi nituen erantzun-zerbitzuan.

Geroago, gautzen hasia zela, ohetik jaiki, eta armairuko atea ireki nuen. Zorabiatu samarturik nenbilen, baina kezkatuta nengoen agenda beltzaz. Jaka armairuan eskegita neukan beste arropekin, eta odola eta balaren zuloa gorabehera, nik sartutako patrikan zegoen agenda. Baita Nicken argazkia ere.

Ohera itzultzen ari nintzela, zoruak albora egin, eta buruaren eskuinaldean jo ninduen. Aldi batez konortea galduta egon nintzen. Gero, bizkarra ohearen hanka baten ondoan jarrita eseri nintzen.

Gaueko erizaina sartu zen. Ederra eta maratza zen, eta Los Angeles General ospitalearen burukoa zeraman. Miss Cowan zeritzon.

—Zer demontre egiten ari zara?

—Lurrean eserita nago.

—Ezin duzu hori egin. —Zutitzen lagundu zidan, baita ohera sartzen ere—. Espero dut ez zinela hemendik alde egiten saiatuko.

—Ez, baina ideia ona da. Noiz uste duzu askatuko nautela?

—Doktoreak erabaki behar du hori. Agian goizean esango dizu. Tira, bisitaldia jasotzeko gogorik bai?

—Hori, nor den.

—Emakume adintsu bat. Shepherd andrea. Shepherd berbera da…?

Lotsa onez, galdera amaitzeke utzi zuen.

—Shepherd berbera.

Pentotalak eragindako goraldia beheraldi bihurtu zitzaidanez, motelago nenbilen, baina emakumeari sartzen uzteko esan nion erizainari.

—Ez duzu uste jukutriaren bat egingo dizula?

—Ez. Ez da horietakoa.

Cowan andereñoa gelatik irten zen. Handik gutxira, Shepherd andrea sartu zitzaidan gelan. Harrezkero, bazirudien zurbiltasun grisaxka betiko kolorea bihurtu zitzaiola. Begi ilunak handi-handiak zituen, ordura arte ikusitako gertakizunek hanpatuak bailiran.

—Damu dut zauritu zaituztelako, Archer jauna.

—Bizirik irtengo naiz. Horixe txarra Randyrena.

—Shepherd ez da inorentzako galera izan —esan zuen—. Poliziari esan berri diot hori, eta orain zuri diotsut. Senar gaiztoa eta aita gaiztoa zen, eta fin gaitz egin du.

—Gaiztakeria handiegia da hori.

—Badakit zertaz dihardudan. —Handikiro mintzatu zen—. Jean txikia hil zein ez hil, badakit zer egin zion Shepherdek bere alabari. Bizitza hondatu zion eta heriotzara eraman zuen.

—Rita hilda dago?

Izena aipatzean, emakumea geldiarazi nuen.

—Nola dakizu nire alabaren izena?

—Norbaitek aipatu dit. Swain andreak, nik uste.

—Swain andrea ez zen Ritaren adiskidea. Gertatu zen guztiaren errua leporatu zion nire alabari. Ez zen bidezkoa. Rita adin txikikoa zen Swain jaunak begiz jo zuenean. Eta Ritaren aitak berak saldu zion tratuan Swain jaunari, bai eta dirua hartu ere horren truke.

Hitzak behartuta irten zitzaizkion Shepherd andreari, senarraren heriotzak bere bizitzan sumendi antzeko arrakala sakona ireki balio bezala.

—Rita Mexikora joan zen Swainekin?

—Bai.

—Eta bertan hil?

—Bai. Bertan hil zen.

—Nola dakizu hori, andrea?

—Swain jaunak berak esan zidan. Shepherdek ni ikustera ekarri zuen, Mexikotik itzuli zenean. Swain jaunak esan zuen Rita hil egin zela, eta Guadalajaran lurperatu zutela.

—Haurrik utzi zuen?

Kolokan ibili eta gero, begi ilunak tinkotu zitzaizkion emakumeari, nire begiekin topo eginez.

—Ez. Ez dut inongo ilobarik.

—Nor da argazkiko mutikoa?

—Argazkia? —esan zuen harrituta.

—Oroimena freskatu nahi baduzu, armairuan daukadan jakaren barruan dago.

Armairuko ateari begiratu zion. Nik hauxe esan nion:

—Randy Shepherdek logelatik lapurtu zizuna, hain zuzen ere.

Benetan harrituta zirudien.

—Nola dakizu hori? Nolatan ibili zara hainbesteraino ikertzen nire famili kontuak?

—Badakizu zergatik, andrea. Ahaleginak egiten ari naiz duela hogeita bost bat urte hasitako kasua konpontzeko. 1945eko uztailaren batean hasitako kasu hura.

Begiak kliskatu zituen. Betazalen mugimendu txiki hori gorabehera, geldi-geldi zeukan aurpegia.

—Swain jaunak Rawlinson jaunaren bankua lapurtu zuen eguna da hori.

—Hala gertatu zen benetan?

—Zer entzun duzu bestela?

—Indizio txikiak aurkitu ditut, beste bide batera seinalatzen dutenak. Eta orain hauxe jakin nahi nuke: inoiz hartu zuen dirua Eldon Swainek?

—Nork har zezakeen bestela?

—Ritak, zure alabak, adibidez.

Haserre erantzun zuen, baina ez oso haserre.

—Ritak hamasei urte zituen 1945ean. Haurrek ez dute bankuko lapurretarik antolatzen. Badakizu bankuko norbaitek izan behar zuela.

—Rawlinson jauna, adibidez?

—Hori tontakeria hutsa da, eta badakizu.

—Zurekin egiaztatu nahi nuen hipotesia.

—Lan handiagoa egin beharko duzu horretarako. Ez dakit zergatik arduratzen zaren hainbeste Swain jaunaren izena zuritzen. Badakit dirua hartu zuela, eta badakit Rawlinson jaunak ez zuela egin. Kontxo, gizajoak dena galdu zuen. Harrezkeroztik, apapuan bizi izan da.

—Nola?

Lasai erantzun zidan:

—Pentsio txiki bat dauka, eta nik aurrezkiak ditut. Luzaroan ibili naiz erizain-laguntzaile lanean. Horrek laguntza ematen zidan gizonari eusteko.

Esandakoak egiazkoa zirudien. Nolanahi ere, sinetsi egin behar izan nion.

Shepherd andreak goxoago begiratu zidan, gure arteko harremanak aldatuta zeudela konturatu izan balitz bezala. Maite-maite egin zidan eta sorbalda bendatua hatzez ukitu.

—Gaixoa, atseden hartu behar duzu. Ez zenuke burua berotu beharko hainbeste galderarekin. Ez zaude nekatuta?

Nekatuta nengoela onartu nuen.

—Orduan, zergatik ez duzu lo-kuluxka egiten? —Andrearen ahotsa lo-eragingarria zen. Bekokian ezarri zidan esku ahurra.

—Gelan geratuko naiz, eta alditxo batez zainduko zaitut, axola ez badizu. Ospitaleetako usaina maite dut. Ospitale honetan bertan lan egin ohi nuen.

Armairuaren eta leihoaren artean kokatuta zegoen besaulkian eseri zen. Kuxinen larru-aizunak kurrixka egin zuen emakumearen pisua jasotzean.

Begiak itxi, eta arnasaldia moteldu nuen. Baina ez nengoen lokartzeko zorian, ezta hurrik eman ere. Ohean nentzala, Shepherd andrearen mugimenduak aditu nituen. Zirkinik egin gabe zegoen. Leihotik zaratak sartu zitzaizkigun: autoen zaratak, urretxindorraren txioa, gaueko kantua prestatzen ari zela. Txoria itxaron eta itxaron zegoen kantatzeko, eta azkenean zainak airean jarri ninduen, zerbait gertatzear zegoela iruditu baitzitzaidan.

Aulkiaren kuxinen larru-aizunak hots txiki bat atera zuen. Horra hor Shepherd andrearen oinak ahalik eta xuxurlarik txikiena eginez axuleiuzko zoruan barrena lerratzean, maratilaren karranka, atearen murmurio bikoitza ireki-ixtean.

Begiak ireki nituen. Shepherd andrea ez zen gelan ageri. Armairuan itxita zegoen nonbait. Orduan, armairuaren atea berriz ireki zen astiro. Emakumea alborikara irten zen, eta Nicken argazkiari eutsi zion argitara ikusteko. Shepherd andrearen aurpegia maitasunez eta oroiminez beteta zegoen.

Nire aldera begiratu, eta begiak irekita neuzkala ikusi zuen. Baina argazkia berokiaren azpian sartu, eta gelatik irten zen, hitzik esan gabe.

Ez nion ezer esan, ezta ezer egin ere. Dena dela, berea zuen argazkia.

Argia itzali eta urretxindorraren kanta aditzen egon nintzen. Su eta gar ari zen kantatzen, eta kantatzen segitzen zuen loak hartu ninduenean. Nick nintzela amets egin nuen, eta Shepherd andrea nire amona zela, lorategiko txorien artean bizi zena Contra Costa konderrian.