23

Chalmers andrea eta biok bisitarien itxarongelara itzuli ginen. Hantxe zeuden hizketan Smitheram senar-emazteak Larry Chalmersekin.

Doktoreak irribarrez agurtu ninduen, baina ez zitzaizkion batere aldatu begi susmagarri eta zorrotz haiek.

—Moirak afaltzera eraman duzula esan dit. Eskerrik asko.

—Atsegin handiz. Badut aukerarik zure pazientearekin hitz egiteko?

—Gutxi. Batere ez, egia esan.

—Ezta unetxo batez ere?

—Ez litzateke ideia ona izango, arrazoi fisiko zein psikiatrikoengatik.

—Nola dago?

—Aje itzela dauka, jakina, eta beherakada jasan du, fisikoa zein emozionala. Erreserpinaren gaindosia da, hein batean. Garuneko kommozio arina ere badu.

—Nola gertatu zaio?

—Esango nuke objektu kamuts batez jo dutela garunean. Baina ez naiz aditua medikuntza legalean. Dena den, ustez baino hobeto dabil. Neure esker ona zor dizut garaiz ekarri duzulako ospitalera.

—Denok zor dizugu —esan zuen Chalmersek, eta eskua tinkatu zidan formalki—. Bizia salbatu diozu semeari.

—Zorte ona izan dugu, guk biok. Ona izango litzateke zorte ona ez galtzea.

—Zer esan nahi duzu zehazki?

—Uste dut Nicken gela zaindu beharko genukeela.

—Berriz ihes egin dezakeela uste duzu? —esan zuen Chalmersek.

—Ez dago gaizki pentsatuta. Ez zitzaidan bururatu. Nick babestea neukan gogoan.

—Erizainak ditu hogeita lau orduetan —esan zuen Smitheram doktoreak.

—Zaintzaile armatua behar du. Hainbat hilketa izan dira; ez dugu beste bat nahi. —Chalmersengana itzuli nintzen:

—Hiru txandako guardiak lortuko dizkizut egunero ehun dolarrean.

—Bai, horixe! —esan zuen Chalmersek.

Beheko pisura joan nintzen telefono dei pare bat egitera. Lehena Los Angelesko eskolta zerbitzu batera egin nuen, San Diegon adarra baitzuen. Esan zidaten ordu erdi barru Mclennan izeneko gizon bat bidaliko zidatela. Gero, Conchita’s Cabinsera dei egin nuen, Imperial Beach aldera. Williams andreak murmurika eta kezkatuta erantzun zidan.

—Archer nauzu. Itzuli da Randy Shepherd?

—Ez, eta ziurrenik ez da itzuliko. —Are eta isilago irten zitzaion ahotsa—. Ez zara Randyren bila dabilen bakarra. Lekua zainduta dago.

Poztu egin nintzen hura entzutean, esan nahi baitzuen ez nuela nik neuk zaindu beharko.

—Eskerrik asko, Williams andrea. Lasai ibili.

—Errazago da hori esatea, egitea baino. Zergatik ez zenidan esan Sidney Harrow hilda zegoela?

—Hori jakiteak ez zizun ezertarako balio izango.

—Ez horixe! Lekua salgai jarriko dut polizia gainetik kendu orduko.

Zorte ona opa izan nion, eta sarrera nagusira irten nintzen airea hartzera. Aldi baten ondoren Moira Smitheram agertu zen nire ondora.

Pakete bat zigarreta ireki, bat piztu, eta erre egin zuen denbora kronografoz neurtuko baliote bezala.

—Zuk ez duzu erretzen, ezta?

—Utzi egin diot.

—Neuk ere bai. Baina oraindik ere erretzen dut haserre nagoenean.

—Zergatik zaude haserre orain?

—Berriz ere Ralphengatik. Gaur gauean ospitalean egingo du lo, prest egoteko, badaezpada ere. Berdin izango litzateke Trapako monje batekin ezkonduta egotea.

Moiraren haserreak azalezkoa ematen zuen, sentimendu sakonagoak ezkutatuko balitu bezala. Itxaroten egon nintzen sentimendu hori berez azalarazi arte. Zigarreta bazterrera bota, eta hauxe esan zidan:

—Ez ditut batere gogoko motelak. Ez zara gaur gauean Pacific Pointera itzuliko, ezta?

—Los Angelesko mendebaldera noa. Bidean utziko zaitut.

—Oso atsegina zara. —Hizkera formalaren azpian zerbait kilikagarri somatu nuen, neure kilikaren oihartzuna zena—. Zergatik zoaz Los Angelesko mendebaldera?

—Bertan bizi naiz. Atsegin dut neure apartamentuan lo egitea. Bizitzan dudan jarraitasun apur bakarra da.

—Uste nuen jarraitasuna gorroto zenuela. Afarian esan duzu gogoko duzula jendearen bizitzan sartu eta irtetea.

—Egia da. Batez ere, lanean aurkitzen dudan jendearen bizitzan.

—Ni bezalako jendea?

—Ez nintzen zutaz ari.

—O! Uste nuen jokaera orokorra adierazten ari zinela —esan zuen ironia kutsuaz—, eta horretan denak sartzen zirela.

Gizonezko gazte bat, luze eta zabala, ile mutildua eta traje iluna zerabilena, aparkalekuko itzalpetik irten eta ospitaleko sarrerara abiatu zen. Dei egin nion:

—Maclennan?

—Bai, jauna.

Berehala itzuliko nintzela esan nion Moirari, eta Maclennan igogailuan sartu eta goiko pisura eraman nuen.

—Ez utzi inori sartzen —esan nion—, ospitaleko langileei izan ezik, medikuei eta erizainei, eta senide hurbilei.

—Nola dakit nortzuk diren?

—Neuk aurkeztuko dizkizut. Batez ere, gizonei erreparatu, txabusina zuriaz jantzita edo txabusinarik gabe. Ez utzi gizonezkoei sartzen, ezagutzen duzun erizain edo medikuen bermerik ez badute.

—Inor saia liteke mutila hiltzen?

—Baliteke. Baduzu armarik?

Maclennanek jaka ireki, eta besapean zeukan automatikoaren ipurdia erakutsi zidan.

—Noren bila ibili behar dut?

—Zoritxarrez, ez dakit. Beste eginbehar bat ere baduzu. Ez utzi mutilari ihes egiten. Baina ez erabili arma berarekin, ezta beste ezer ere. Kontu guztia mutilaren inguruan dabil.

—Jakina, ulertzen dut. —Gizon handiaren lasaitasuna zeukan.

Nicken gelako atera eraman nuen eta Smitheramengatik galdetu nion erizain pribatuari. Doktoreak atea alderik alde zabaldu zuen gelatik irtetean. Nick ohean geldo zetzala begiztatu nuen, begiak itxita, sudurra sabaira begira, gurasoak ohearen alde banatan eserita. Frisoko irudiak ziruditen hirurek, eta errito hartan ospitaleko oheak sakrifizioaren aldarearena egiten zuen.

Atea isilik itxi zen haien atzetik. Maclenan aurkeztu nion Smitherami, eta doktoreak aspertuta eta nekatuta begiratu zigun.

—Guztiz beharrekoak dira alarma eta joan-etorri hauek?

—Hala uste dut.

—Nik ez dut uste. Ez dizut utziko gizon hau gelan sartzen.

—Askoz ere eraginkorragoa izango litzateke gela barruan.

—Eraginkorragoa zertarako?

—Hilketa saioren bat galarazteko.

—Horixe barregarria. Mutila ondo zainduta dago ospitalean. Nork hil nahiko luke?

—Galdetu mutilari.

—Ez horixe.

—Utziko didazu mutilari galdetzen?

—Ez. Egoera honetan ez dago…

—Noiz egongo da?

—Inoiz ez, ikaratu egin nahi baduzu.

—«Ikaratu» oso hitz larria da. Zer zabiltza, ni gaizki sentiarazi nahian?

Smitheramek barre txikia egin zuen, ironiaz.

—Hala nahi banuen, lortu egin dut, antza.

—Zer ezkutatzen duzu, doktorea?

Begiak nirrotu eta oso arin hitz egin zuen:

—Eskubidea daukat… eskubidea eta eginbeharra, nire pazientea babesteko. Eta inongo FBIkumek ez du berarekin hitz egingo, ez orain ez gero, neure esku badago. Argi dago?

—Eta ni zer? —esan zuen Maclennanek—. Kontratatuta nago edo kalean?

Maclenanengana itzuli nintzen, amorrua irentsiz.

—Kontratatuta zaude. Smitheram doktoreak korridorean nahi zaitu. Inork eragozpenik jartzen badizu hor egoteko, esaiezu Nick Chalmersen gurasoek kontratatuta zaudela mutila zaintzeko. Smitheram doktoreak edo erizainetariko batek gurasoak aurkeztuko dizkizu, hala behar denean.

—Irrikaz nago —esan zuen Maclenannek isilpean.