7
Lehenago teniseko klubean izana banintzen ere, idazkaritzako emakumea ezezaguna nuen. Baina Betty Truttwell ezagutzen zuen, eta abegi ona egin zion.
—Aspalditik ez zaitugu ikusten, andereño.
—Oso lanpetuta egon naiz. Ibili da Nick hemen gaur?
Emakumeak desgogara erantzun zuen:
—Egia esan, hemen ibili da. Orain dela ordubete edo etorri da, eta aldi batez tabernan izan da. Ez zeukan itxura onik handik irtetean.
—Mozkortuta zegoela esan nahi duzu?
—Hala uste dut, andereño, hori galdetzen badidazu. Nickekin zegoen emakume ilehoria ere total eginda zegoen. Joan direnean, txakurrarenak bota dizkiot Marcori. Baina esan dit bina whiski zerbitzatu dizkiela, besterik ez. Emakumea mozkortuta omen zegoen etorri direnerako, eta Chalmers jaunak ez daki alkohola eramaten.
—Inoiz ez du ondo eraman —baietsi zuen Bettyk—. Nor zen emakumea?
—Ahaztu dut izena… Nickek behin ekarri zuen hona. —Gonbidatuen liburua kontsultatu zuen, aurreko idazmahaian baitzeukan—. «Jean Swain».
—Ez da Jean Trask? —esan nion.
—Niri «Swain» iruditzen zait.
Niregana bultzatu zuen erregistro liburua, hatz-mutur gorriez erakutsiz non idatzi zituen Nickek emakumearen izena eta berea. Neuri ere «Swain» iruditu zitzaidan. Emakumeak San Diego eman zuen helbidetzat.
—Emakumea berrogei urteko ilehori handixe bat da, taiu onekoa?
—Horixe da. Taiu onekoa —gaineratu zuen—, potoloak maite badituzu.
Klubeko idazkaria oso argala zen.
Betty eta biok igerilekuaren gaineko galeria zeharkatuz bar alderantz joan ginen. Artean ere haurrak zalapartaka ari ziren igerilekuan. Pertsona heldu banaka batzuk luze etzanda zeuden aulki luzeetan, txokoetan, urtarrileko eguzkiaren epeltasun argala harrapatzen.
Barrean ez zegoen inor, bazkalondoa luzatzen ari zen gizonezko pare bat izan ezik. Tabernaria eta biok buruari eragin genion elkar agurtzeko. Marco txikia zen, arina eta iluna, eta jaka gorria zeraman. Etsita aitortu zuen Nick tabernan izana zela.
—Egia esan, joateko eskatu diot.
—Asko edan du?
—Hemen ez. Bourbon pare bat zerbitzatu diot, ezin duzu hori delitu federaltzat jo. Zer gertatu da, autoa hondatu du?
—Ezetz espero dut. Harrapatu egin behar dut ezer hondatu baino lehen. Badakizu nora joan den?
—Ez, baina hauxe esango dizut, haserre bizian zegoen. Hirugarren whiskia ukatu diodanean, borrokan hasi nahi izan du. Billarreko makila erakutsi behar izan diot. —Marcok eskua barra azpian sartu, eta makila erakutsi zigun: makila astun baten ipurdi ebakia, hirurogei zentimetrokoa—. Gorroto dut bazkideei erakustea, badakizu, baina pistola zekarren eta hemendik alde egitea nahi nuen, azkar. Beste inor izanda, poliziari hots egingo nion.
—Pistola zekarren? —esan zuen Bettyk ahots apal eta zoliaz.
—Bai, jakaren patrikan zekarren. Ez du erakutsi, baina ez dago ezkutatzerik hura bezalako pistola handia. —Barran makurtu eta Bettyren begietara begiratu zuen—. Zer gertatzen zaio, dena dela, andereño? Inoiz ez du horrela jokatu.
—Arazotan dabil —esan zuen neskak.
—Badu zerikusirik emakumeak arazo horrekin? Emakume ilehoriak edan ahala edaten du. Ez lioke mutilari edanarazi beharko.
—Badakizu nor den emakumea, Marco?
—Ez. Baina arazotan dabilela iruditzen zait. Zer uste du Nickek egiten ari dela emakumearekin?
Bettyk aterantz egin zuen, baina berriz ere Marcorengana itzuli zen.
—Zergatik ez diozu pistola kendu?
—Ez naiz jolasean ibiltzen pistolekin, andereño. Hori ez da nire lanbidea.
Aparkalekura joan ginen Bettyren autoa hartzera. Kluba Ozeano Bareko kala batean zegoen, eta itsasoaren usaina antzeman nuen. Gordin eta penagarria ematen zuen, eta Sidney Harrow aurkitu nuen lekua ekarri zidan gogora.
Betty eta biok isilik eta pentsakor egon ginen, neskak autoa Montevista ostaturako mendi luzean gorantz zeraman bitartean. Bulegoko gaztea nitaz gogoratu zen.
—Garaiz zatoz Trask andrea ikusi nahi izanez gero. Alde egiteko prestatzen ari da.
—Esan du zergatik?
—Berri txarrak jaso dituela uste dut. Larria behar du, izan ere, ez da eztabaidaka hasi beste egun bat kobratu behar izan diodanean. Gehienetan eztabaidaka hasten dira.
Hariztia zeharkatu, eta iztukuzko etxolako ate sareztatua jo nuen.
Barruko atea irekita zegoen, eta Jean Traskek lo gelatik erantzun zidan:
—Maletak prest ditut, kanpora atera nahi badituzu.
Egongelatik igaro eta logelan sartu nintzen. Emakumea tokadorearen aurrean eserita zegoen, ezpain lapitza dardaraz zerabilela.
Gure begiak ispiluan elkartu ziren. Hala-hola mugitu zuen eskua, pailazoenaren antzeko aho gorria marraztuz benetako ahoaren inguruan. Itzuli eta baldarki jaikitzean, aulkia lurrera bota zuen.
—Maletak hartzera bidali zaituzte?
—Ez. Baina pozik eramango dizkizut. —Emakumearen maleta urdinak jaso nituen, denak tankera berekoak. Nahiko arinak ziren.
—Utzi lurrean —esan zuen—. Nor zara zu, baina?
Prest zegoen edonorengatik eta edozergatik beldur izateko: halako beldurra zeukan ezen apur bat isuri baitzidan gainera. Ahotzar gorri hark asaldatu egin ninduen. Barre hotzak urdaila irauli zidan.
—Bulegoan galdetu dut zutaz —esan zuen—. Esan didate ez dutela zaintzailerik motelean. Beraz, zertan ari zara hemen?
—Oraingoz Nick Chalmersen bila nabil. Ez dugu zertan ibili ika-mikatan. Arazo emozional larriak dituela jakin behar duzu.
Inorekin hitz egiteko aukeraz poztuko balitz bezala erantzun zuen:
—Halaxe da, izan ere. Suizidioaz ari da. Iruditu zitzaidan whiski pare bat hartzeak on egingo ziola. Kalte egin dio, ordea.
—Orain non dago?
—Azkenean hitz eman dit etxera joan eta lo egingo duela. Hala egingo duela esan du.
—Etxera, apartamentura?
—Hala uste dut.
—Ez duzu argi hitz egiten, andrea.
—Horretan ahalegintzen naiz. Min gutxiago ematen du —gaineratu zuen ironiaz.
—Zergatik zabiltza hain interesaturik Nickengatik?
—Ez da zure kontua. Eta ez dut zertan jasan zure zaparrada.
Ahotsa goratu zuen konfiantza handiagotuko bailitzaion haserreari esker. Baina ikarazko doinu iraunkorra zebilkion ahotsean.
—Zeri diozu beldur, andrea?
—Atzo gauean Sidney Harrow garbitu zuten. —Ahots lakarra zeukan, bere buruaz kezkatua—. Jakin behar duzu.
—Nola dakizu zuk?
—Nickek esan dit. Damu dut sokatik tiratu izana.
—Nickek hil du?
—Ez dut uste Nickek dakienik… hain aztoraturik dabil. Eta ez naiz itxaroten geldituko egia jakiteko.
—Nora zoaz?
Ez zidan esan nahi izan.
Bettyrengana itzuli, eta ikasitakoa kontatu nion, edo zati bat, behintzat. Unibertsitateko auzora joatea erabaki genuen auto bana hartuta. Autoa nik uste nuen lekuan zegoen, Sunset motelaren aurrean. Aparkalekuko txartela eta guzti haizetako garbigailuaren azpian.
Bettyren deportibo gorriari jarraitzen saiatu nintzen, baina arinegi zihoan, eta berehala harrapatu zituen ehun eta berrogei kilometroak. Zain neukan, Cambridge Armseko aparkalekura heldu nintzenean.
Korrika etorri zitzaidan.
—Hemen dago. Hor du autoa, behintzat.
Deportibo urdina seinalatu zidan, bere auto gorriaren ostean zegoena. Autora hurbildu eta txapa ukitu nion. Motorra bero zegoen. Giltza, kontaktuan.
—Hemen gelditu —esan nion neskari.
—Ez. Zarataka hasten bada… hau da, ez da hasiko, ni han banago.
—Ez da ideia txarra.
Elkarrekin igo ginen igogailuan. Nicken atea jo eta mutilari dei egin zion.
—Betty naiz.
Isilune luzea izan zen itxaroten ari ginela. Bettyk berriz jo zuen atea. Berehala, atea ireki zuten. Neska nahigabe sartu zen gelan, eta aurpegia Nicken bularraren kontra zuela amaitu zuen. Mutilak esku batez heldu zion eta besteaz errebolber astun batekin urdail aldera apuntatu zidan.
Begiak estalita zeuzkan, betaurreko beltz estuen atzetik ezkutaturik. Horren aldean, oso aurpegi zurbila zuen. Ilea lardaskaturik, bekoki aurrean zeriola. Alkandora zuria zikindurik. Gogoan grabatu nituen gauza horiek munduari egingo nion azken ikustaldiari gaineratzeko-edo. Suminduta nengoen, beldurtuta barik. Ez nuen batere gogoko pentsatzea inolako arrazoirik gabe hilko nintzela, ezagutu ere egiten ez nuen mutikote urduri baten eskutik.
—Bota ezazu —esan nion, ohi bezala.
—Ni ez nabil zure agindupean.
—Tira, Nick —esan zuen Bettyk.
Estuago hurbildu zitzaion Nicki, gorputza erabili nahian mutila distraitzeko. Eskuineko besoaz inguratu zion gerria, eta izterra bultzatu zuen mutilaren hanka artera. Ezkerreko besoa jaso zuen, mutilaren lepoa inguratzera bailihoan. Hori egin beharrean, brastakoan eutsi zion errebolberraren eskuari.
Orain errebolberra lurrera apuntaturik zegoen. Armaren bila murgildu nintzen eta eskutik erauzi nion.
—Madarikatua! —esan zidan—. Madarikatuok, zuek biok!
Ahots zolia zeukan mutil bat edo ahots lutoa zeukan neska bat agertu zen sarrera ondoko apartamentutik.
—Zer gertatzen da?
—Anaiarteko iniziazioa —esan nion.
Nick Bettyren ondotik askatu zen eta ukabilkada bat tiratu zidan. Alde batera baztertu, eta ondotik pasatzen utzi nuen ukabila. Burua makurtu, eta egongelara bultzatu nuen mutila. Bettyk atea itxi, eta ondoan bermatu zen. Gorri-gorri eginda zegoen eta arnasestuka ari zen.
Nick berriz etorri zitzaidan gainera. Mutilaren ukabilkaden azpian aurrera egin, eta gogor jo nuen bularrean. Lurrera joan zen, arnasestuka.
Errebolberraren zilindroa birarazi nuen. Kartutxo bat erreta zegoen. 45eko Colta zen. Agenda beltza atera, eta errebolberraren zenbakia apuntatu nuen.
Betty gure artera sartu zen.
—Ez zenion zertan minik eman.
—Egin egin dut. Baina gaindituko du.
Mutilaren ondoan belaunikatu, eta eskuaz ukitu zion aurpegia. Mutila bestaldera irauli zen. Arnasari heltzeko egiten ari zen hotsak iraungiz joan ziren. Noizbait, lurrean eseri zen bizkarra besaulkian bermatuta.
Mutilaren aurrean kukubilkatu, eta errebolberra erakutsi nion.
—Non eskuratu duzu, Nick?
—Ez dut zertan erantzun horri. Ezin nauzu behartu neure burua akusatzera.
Doinu krudel eta bitxia zeukan ahotsean, zinta magnetofonikoan berriz entzungo balitz bezala. Ez neukan esaterik zer esan nahi zuen doinuak. Begiak guztiz estalita zeuzkan betaurrekoen atzean.
—Ez naiz polizia, Nick, hori baduzu gogoan.
—Ez dit axola zer zaren.
Berriz saiatu nintzen.
—Detektibe pribatua naiz eta zure alde ari naiz. Baina ez nago oso ziur zein den zure aldea. Hitz egin nahi duzu horretaz?
Buruari eragin zion ezetz egiteko, mutiko setati batek bezala, alde batetik bestera eragin ere, harik eta ilea zeharo lardaskatu zitzaion arte. Bettyk hauxe esan zuen ahots mingarriaz:
—Mesedez, ez egin hori, Nicholas. Lepoan min hartuko duzu.
Hatzez laztandu zion ilea. Mutila eserita zegoen zirkinik egin gabe.
—Utzi begiratzen —esan zion Bettyk.
Betaurreko beltzak kendu zizkion. Mutilak betaurrekoen bila luzatu zuen eskua, baina neskak eskumenetik kanpo eutsi zien. Mutilak beltz eta distiratsu zituen begiak, arrakalei darien asfaltoaren antzekoak. Bazirudien beren gisako bizitza zeukatela, barneko eta kanpoko begirada txandakatuz, inoiz estuasuna eta inoiz erasokortasuna erakutsiz. Ulertu nuen zergatik erabiltzen zituen betaurrekoak: begi triste eta aldakor haiek estaltzeagatik.
Nickek begiak eskuaz estali eta hatz artetik begiratu zuen.
—Mesedez, ez egin hori, Nick. —Neska belauniko zegoen mutilaren ondoan—. Zer gertatu da? Mesedez, esan zer gertatu den.
—Ez. Bestela ez nauzu maitatuko.
—Ezerk ez nau behartuko zu ez maitatzera.
—Ezta inor hil badut ere? —esan zuen mutilak eskuen artetik.
—Inor hil duzu? —galdetu nion.
Baiezkoa egin zuen, astiro, behin bakarrik, burua makurtua zuela, eta aurpegia ezkutatua.
—Errebolber honekin?
Burua beheratu zuen baietz egiteko.
Bettyk esan zuen:
—Ez dago hitz egiteko moduan. Ezin duzu behartu.
—Uste dut barrutik atera nahi duela. Zergatik uste duzu hots egin zuela klubetik?
—Agur esateko.
—Hobe da hau agur esatea baino, ezta?
Patxadaz erantzun zidan:
—Ez dakit. Ez dakit zenbateraino jasan dezakedan.
Berriz ere, Nickengana itzuli nintzen.
—Non eskuratu duzu errebolberra?
—Gizonaren autoan zegoen.
—Sidney Harrowren autoan?
Aurpegitik kendu zituen eskuak. Durduzaturik eta beldurrez beteta zeuzkan begiak.
—Bai. Gizonaren autoan zegoen.
—Autoan zegoela tiro egin diozu?
Aurpegi osoa sumindu zitzaion, negar egiteko zorian dagoen haurtxo izutuaren antzera.
—Ez dut gogoratzen.
Ukabilez jo zuen bekokia. Ondoren, ukabilkada gogorra eman zion bere ahoari.
—Torturatzen ari zara —esan zidan neskak—. Ez zara konturatzen gaixorik dagoela?
—Ez egin amarena. Badu ama.
Mutilak burua jaso zuen itsumustuan, asaldaturik.
—Ez diozu amari esan behar. Ezta aitari ere. Aitak hil egingo nau.
Ez nion ezer agindu. Gurasoei abisatu beharko zitzaien.
—Tiroketa non izan den esan behar zenidan, Nick.
—Bai. Orain gogoratzen naiz. Ocean Boulevarden atzean dagoen alprojen basora joan ginen. Norbaitek sua piztuta utzi zuen eta txingarren ondoan eseri ginen. Nik gaiztakeriaren bat egitea nahi zuen. —Ahots xaloa zeukan, ume-ahotsa—. Arma kendu, eta tiro egin nion.
Berriz ere haur-aurpegi muturtua jarri zuen, hain estua ezen begiak ezkutarazi zizkion. Zotinka hasi zen, baina ez zuen malkorik isuri. Gogorra zen mutilaren negar lehorra ikustea.
Bettyk besoz inguratu zuen. Hauxe esan nion mutilaren hots erritmikoen artetik:
—Lehen ere honelako krisialdiak izan ditu, ezta?
—Honelakorik inoiz ez.
—Etxean utzi edo erietxera eraman dute?
—Etxean utzi dute. —Nicki mintzatu zitzaion—. Etorriko zara etxera nirekin?
Mutilak zerbait esan zuen, baiezkoa ematen zuena. Chalmerstarren zenbakira dei egin, eta Emilio zerbitzaria harrapatu nuen. Irene Chalmers ekarri zuen telefonora.
—Archer nauzu. Semearekin nago apartamentuan. Ondoezik dago eta etxera eramango dut.
—Min hartu du?
—Min hartu du buruan, eta bere burua hiltzeaz ari da.
—Nicken psikiatrarekin jarriko naiz harremanetan —esan zuen—. Smitheram doktorea da.
—Hor duzu Senarra?
—Lorategian dago. Berarekin hitz egin nahi duzu?
—Ez dago beharrik. Baina honetarako prestatu behar duzu.
—Moldatuko zara Nickekin?
—Hala uste dut. Betty Truttwell dut nirekin.
Apartamentutik irten baino lehen, Sacramentoko ikerketa kriminalen sailera deitu nuen. Errebolberraren zenbakia eman nion Roy Snyder izeneko lagun bati, ezaguna bainuen. Esan zuen saiatuko zela jatorrizko jabearen izena egiaztatzen. Autora joan ginenean, errebolberra maletategian sartu nuen, probak gordetzeko kutxatila batean itxita.