31
Goizean, ur irakinetan egindako arrautza ogi xigortu eta busti batean jaten ari nintzela, kirurgialari egoiliarra sartu zen.
—Zer moduz zaude?
—Primeran —gezurra esan nion—. Baina inoiz ez naiz suspertuko honelako jakien bidez. Noiz irtengo naiz hemendik?
—Ez izan presarik. Atseden hartzeko esan behar dizut, astebetez, gutxienez.
—Ez daukat hemen astebetez egoterik.
—Ez dizut esan hemen egon behar duzunik. Baina zeure burua zaindu beharko duzu. Ordutegia zaindu ariketa bigunak egin eta atsedena hartu, lan gogorrik egin gabe.
—Jakina —esan nion.
Goiz osoan atseden hartzen egon nintzen kontu handiz. Truttwellek ez zidan atzera deitu, itxaronaldia atsedenaldiaren ordez sartu zen, eta azkenean guztiz ezabatu zuen.
Eguerdia baino lehentxeago, berriro deitu nuen Truttwellen bulegora. Telefonoguneko neskak esan zidan Truttwell ez zegoela bulegoan.
—Benetan ez dago?
—Benetan. Ez dakit non dagoen.
Aldi batez atseden hartzen eta itxaroten egon nintzen. Pasadenako polizia motordun batek autoko giltzak ekarri zizkidan eta esan zidan ospitaleko aparkalekuko zein lekutan aurkituko nuen ibilgailua. Auguriotzat hartu nuen hura.
Goiz bazkaldu eta gero, ohetik jaiki, eta arropak jantzi nituen, nolabait esateko. Azpiko jantziak, prakak eta oinetakoak jantzi orduko, izerditan nengoen, eta dardaraz. Alkandora odoleztatua bular eta sorbalda gainean nola edo hala eskegi eta jakaz estali nuen.
Korridorean erizainak eta erizain-laguntzaileak lanpetuta zebiltzan bazkaria zerbitzatzen. Korridorea zeharkatu eta metalezko ate gris bat ireki ondoren, larrialdiko eskaileretan behera jaitsi nintzen hirugarren pisutik behealderaino.
Aparkalekura egin nuen alboko irteeratik. Autoa aurkitu, eta aldi batez barruan egon nintzen. Ariketa bigunak eta atsedena.
Autobidea autoz beteta zegoen, eta astiro gindoazen. Buru-belarri eta hartara jarrita banengoen ere, nekez gidatzen ari nintzen. Trafikoaz bestaldera lerratzen zitzaidan gogoa. Aurrera ari nintzen. Behin balaztari seko eragin behar izan nion beste auto baten atzealdea ez jotzearren.
Hasieran Pacific Pointera joateko asmoa neukan. Ozta-ozta iritsi nintzen Los Angelesko mendebaldera. Bidaiaren azken tartean, nire kalean, atzerako ispiluan gizon bizardun bat ikusi nuen lepoan bilgua zekarrena. Baina burua itzuli eta zuzenean begiratu nuenean, ez zegoen han.
Autoa kalean aparkatu, eta apartamentura ematen zuten eskailerak igo nituen. Atea irekitzerakoan telefonoa joka hasi zen, hotsaz aktibatzen den lehergailua balitz bezala. Telefonoa jaso, eta besaulkira eraman nuen.
—Archer jauna? Hona hemen Helen, erantzun zerbitzukoa. Bi deialdi premiazko izan dituzu, Truttwell jaunak eta Truttwell andereñoak eginak. Bulegora dei egin dizut.
Erloju elektrikoari begiratu nion. Ordu biak zuzen ziren. Helenek Truttwellen bulegoko zenbakia eman zidan, bai eta Truttwellen alabak utzitako zenbaki ezagunagoa ere.
—Besterik ez?
—Bai, baina okerren bat egon behar du dei horrekin, jauna. Ehun eta hirurogeita hamar dolar zor dizkiezula esan didate Pasadenako ospitale batetik. Operazio gelaren gastuak barne, diotenez.
—Ez dago okerrik. Berriz deitzen badute, esan txekea postaz bidaliko diedala.
—Bai, jauna.
Txeke-taloitegia atera, eta balantzeari begiratuta, lehenago Truttwelli dei egitea erabaki nuen. Hori egin baino lehen, ordea, sukaldera joan, eta okela xerra izoztua sartu nuen labean. Hozkailuko esnea dastatu, eta konturatu nintzen ez zela galdu, eta gelditzen zenaren erdia edan nuen. Gero, whiski trago bat nahi nuen, baina horixe zen behar ez nuena, hain zuzen ere.
Truttwellen bulegora deitu nuenean, lankide gazte batek erantzun zidan, Eddie Sutherland izeneko abokatuak. Truttwell ez zegoela bulegoan, baina hitzordua hartuta zeukala lau eta erdietan ni ikusteko. Oso garrantzizkoa izango zen ni han izatea, nahiz eta Sutherlandek ez zekien zergatik.
Bettyk utzitako zenbakia markatzen ari nintzela, ohartu nintzen Nicken apartamentukoa zela.
Bettyk erantzun zuen.
—Kaixo?
—Archer nauzu.
Arnasari eutsi zion.
—Egun osoan ibili naiz zure bila.
—Nick zurekin dago?
—Ez. Nahiago nuke hemen balego. Oso kezkatuta nago Nickengatik. Atzo arratsaldean San Diegora joan nintzen Nick ikustera. Ez zidaten gelan sartzen utzi.
—Nork?
—Ateko zaintzaileek, Smitheram doktoreak lagunduta. Aitaren alde espiatzen ari nintzela uste zuten, nonbait. Apurtxo batez Nick ikusi nuen, eta berak ere ikusi ninduen. Esan zidan bere aurka atxikitzen zutela ospitalean.
—Nork?
—Uste dut Smitheram doktoreaz ari zela. Dena den, Smitheram doktoreak agindu zuen atzo gauean Nick ospitaletik atera zezatela.
—Nora eramateko?
—Ez dakit ziur, Archer. Uste dut preso dutela Smitheram klinikan. Haraino eraman zuen anbulantziak.
—Benetan uste duzu preso daukatela?
—Ez dakit zer uste dudan. Baina beldur naiz. Lagunduko didazu?
Lehenago berak lagundu beharko zidala esan nion, zeren ez nengoen autoa gidatzeko moduan. Esan zidan ordubete barru nire bila etorriko zela.
Sukaldera joan, eta okela irauli nuen. Bero zegoen alde batean, olioa txinpartaka ari zela; izoztuta eta gogorra beste aldean, garai batean ezagutu nuen jende eskizofrenikoa bezala. Hauxe jakin nahi nuen: zenbateraino zegoen zoratuta Nick Chalmers.
Arazorik behinena arropak ziren. Ez neukan arropa asko armairuan; tartean nylonezko alkandora hedagarria, ezkerreko besoa mahuka barruan sartzeke janztea lortu nuena. Haren osagarri, cardigan jaka arina jantzi nuen.
Ordurako, nire okela eskizoidea bi aldeetatik erreta zegoen, eta erdialdean gorri. Odola jaulki zitzaion plater gainera, labana sartu nionean. Epeltzen utzi, eta hatzekin jan nuen.
Esnea amaitu nuen. Ondoren, egongelako besaulkira itzuli, eta atseden hartu nuen. Lehenengo aldiz edo bizitzan, banekien zer sentitzen den zahartzean. Gorputza pribilegio berezien eske ari zitzaidan, trukean gauza handirik eman gabe.
Bettyren tutuak jo, eta lo-kukuaren erdian iratzarri ninduen. Neskak gogor begiratu zidan, autoan baldar samar sartu nintzenean.
—Gaixorik zaude, jauna?
—Ez, hain justu ere. Bala bat sartu didate sorbaldan.
—Zergatik ez didazu esan?
—Orduan, beharbada ez zinen etorriko. Saltsan sartuta egon nahi dut, kasua amaitzen denean.
—Hiltzen bazaituzte ere?
—Ez naute hilko.
Gero eta itxura txarragoa neukan; Bettyk, ordea, gero eta hobea. Azkenean erabaki zuen lurrazpiko mundu grisean bizi den gnomoa ez izatea.
—Nor demontrek egin dizu tiro?
—Pasadenako polizia batek. Beste gizon bati apuntatzen ari zen. Tartean sartu naiz. Ez dizu aitak hau guztia kontatu?
—Ez dut aita ikusi atzodanik. —Formalki ahoskatu zituen hitzak, zerbait iragartzen ariko balitz bezala.
—Etxetik alde egingo duzu?
—Bai, bada. Aitak esan dit bere eta Nicken artean aukeratu behar nuela.
—Ziur nago ez duela benetan esan hori.
—Bai, benetan esan du.
Motorra orro batean jarri zuen. Azken momentuan gogoratu nintzen artean ere autoko maletategian nituela Chalmersek gerran idatzitako gutunak. Gutunen bila joan nintzen, eta berriz ere goian zeudenak begiratzen ibili nintzen, Betty autobiderantz abiatu zenean.
Bigarren gutunaren idazpuruak geldiarazi ninduen:
L. Chalmers tenientegaia
USS Sorrel Bay (CVE 185)
1945eko martxoak 15
Bettyrengana itzuli nintzen.
—Joan den egunean Nicken urtebetetzea aipatu zenuen. Ez zenidan esan abenduan zela?
—Abenduaren 14an —esan zuen.
—Eta zein urtetan jaio zen?
—1945ean. Hogeita hiru urte bete zituen joan den hilean. Badu garrantzirik?
—Baliteke. Nola sailkatu zituen Nickek gutunak, gutun jakin batzuk hasieran jarriz, ordena kronologikoaren arabera?
—Baliteke. Uste dut denak irakurtzen ibili zela. Zergatik?
—Chalmers jaunak itsas frontean zegoenean gutun bat idatzi zuen, 1945eko martxoaren 15eko data zuena.
—Ez naiz oso ona matematiketan, batez ere, gidatzen ari naizela. Bederatzi hilabete dira martxoaren 15etik abenduaren 14ra?
—Hain justu ere.
—Ez da harrigarria? Nickek beti susmatu zuen bere aita… Chalmers jauna ez zela bere egiazko aita. Adoptatu egin zutela uste zuen.
—Baliteke hala izatea.
Patrikan gorde nituen goiko hiru gutunak. Neskak autobidearen sarbidea hartu zuen. Azkar gidatu zuen, amorratuta, gainean kutsaduraz tindatutako zeru arrea zuela.