35

Irene Chalmersek Emiliori joateko esan, eta Truttwell eta bion artean eseri zen abokatuaren Cadillacean bidaiatzeko. Klinikako aparkalekuan autotik irten zenean, drogatua balego bezala zebilen. Truttwellek besoa eman zion eta harrera gelara eraman zuen.

Moira Smitheram idazmahaiaren atzean eserita zegoen, ezagutu nuen egunean bezalaxe. Aspaldiko kontua zirudien. Aurpegia zahartu eta sakondu egin zitzaion, edo beharbada lehen baino sakonago ikusten nizkion barrenak. Lehenik Truttwelli eta gero niri begiratu zidan.

—Ez didazu denbora luzerik eman.

—Ez daukagu astirik.

Truttwellek hau esan zuen:

—Oso garrantzitsua dugu Nick Chalmersekin hitz egitea. Chalmersen andrea ados dago.

—Smitheram doktorearekin kontsultatu beharko duzu.

Moira jaiki egin zen senarraren bila joateko. Doktorea barruko atetik irten zen, urrats luzeak eginez haserreagatik, txabusina zuriaz jantzita.

—Ez duzu erraz etsitzen, ezta? —esan zion Truttwelli.

—Ez dut inolaz ere etsitzen, lagun. Nick ikustera etorri gara, eta uste dut ezin gaituzula geldiarazi, horratik.

Smitheramek bizkarra eman zion Truttwelli, Chalmers andrearekin hitz egiteko:

—Zer deritzozu honi?

—Utz iezaguzu sartzen, doktorea —esan zuen emakumeak begiak jaso gabe.

—Berriz kontratatu duzu Truttwell jauna abokatu lanak egiteko?

—Bai, hala egin dut.

—Eta Chalmers jauna ados dago?

—Egongo da.

Smitheram doktoreak zorrotz begiratu zion emakumeari:

—Nolatan behartu zaituzte, jakin badaiteke?

Truttwellek hitz egin zuen:

—Denbora alferrik galtzen ari zara, doktorea. Zure pazientearekin hitz egitera etorri gara, ez zurekin.

Smitheramek amorrua irentsi zuen:

—Oso ondo.

Doktoreak eta beraren emazteak barruko atetik eraman gintuzten, eta korridorean barrena sartu ondoren, bigarren ate bateraino iritsi, eta atea ireki eta berriz giltzapetu behar izan zuten. Hango pabiloian zortzi edo hamar gela zeuden, buru-hiltzaileentzako gelatik hasita, non emakume bat gela barrubigunean eserita baitzegoen, guri begira kristal lodiaren atzetik.

Nickek ohe bat zeukan logelan eta atea zabalik. Mutila sofan eserita zegoen eta testu liburua irekita zeukan esku artean. Artilezko txabusina arinaz jantzita, ikastaldia eten dioten beste edozein gazte bezalakoa zirudien. Ama ikusi orduko, sofatik jaiki zen, begi beltzak handi eta distiratsu zituela aurpegi zurbilean. Ondoko idazmahaian zituen betaurreko beltzak.

—Kaixo, ama… Truttwell jauna. —Alde batetik bestera arakatu zizkigun aurpegiak.

—Non dago aita? Non dago Betty?

—Hau ez da lagunarteko bilera —esan zuen Truttwellek—, nahiz eta pozten garen zu ikusteaz. Galderak egin behar dizkizugu.

—Egin itzazu ahalik eta lasterren —esan zuen Smitheramek—. Eser zaitez, Nick.

Moirak liburua hartu, eta orri-markatzailea sartu zion; ondoren, senarraren alboan geratu zen atean. Irene Chalmers beste aulkian eseri zen, eta Truttwell eta biok ohe txikian, Nicken aurrean.

—Ez naiz hinki-hanka ibiliko —esan zuen Truttwellek—. Duela hamabost urte, mutikoa zinela, gizon bat hil zenuen trenbideko bagoi-gordailuan.

Nickek begiak altxatu, eta Smitherami begiratu zion, ahots geldo eta etsituaz esanez:

—Esan diozu.

—Ez, ez diot esan —esan zuen Smitheramek.

Truttwellek doktoreari hitz egin zion:

—Erantzukizun handia hartu zenuen zeure gain, hilketa hura isilpean gordetzean.

—Badakit. Autismoaren mehatxupean zebilen zortzi urteko mutiko bati laguntzeko egin nuen. Legea ez da gidari bakarra giza jarduera epaitzeko. Hala balitz ere, erailketa bidezkotzat edota istriputzat jo zitekeen.

Truttwellek nekatuta hitz egin zuen:

—Ez naiz hona etorri zurekin legeaz edota etikaz eztabaidatzera, doktorea.

—Bada, ez gaitzetsi nire arrazoiak.

—Jakina, elurra bezain garbiak dira-eta.

Doktorearen gorputz luzeak mehatxuzko keinu txikia egin zuen Truttwelli begira. Moirak eskuz ukitu zion Smitherami ukalondoan eta geldiarazi egin zuen.

Truttwell Nickengana itzuli zen.

—Kontatu trenbideko hilketarena. Istripua izan zen?

—Ez dakit.

—Bada, esan nola gertatu zen, besterik gabe. Nola agertu zinen trenbideko bagoi-gordailuan, lehenik eta behin?

Nickek zalantzakor erantzun zuen, oroimena teletipo hargailua bezala balebilkio bezala, apurka-apurka.

—Eskolatik irten eta etxera nindoala, gizon batek bere autoan hartu ninduen. Badakit ez nukeela autoan sartu behar. Baina gizonak oso serioa ematen zuen. Eta niri pena eman zidan. Gaixorik eta zahartuta zegoen.

—Galdera piloa egin zidan, nor zen nire ama, nor zen nire aita, eta noiz eta non jaio nintzen. Gero, nire aita zela esan zidan. Ez nion guztiz sinetsi, baina jakin-minez nengoen eta alprojen basora lagundu nuen.

—Bagoi-gordailu zaharraren ostean zegoen leku batera eraman ninduen. Norbaitek sua piztuta utzia zuen, eta egur pixka bat surtara bota ondoren, sutondoan eseri ginen. Flasko bat whiski atera eta zurrut egindakoan, whiskia probatzen eman zidan. Ahoa erre zidan, baina berak ura bezala irentsi, eta botila amaitu zuen.

—Erokeriak egiten hasi zen. Kanta zaharrak kantatu eta gero sentibera jarri zen. Esan zuen bere mutiko maitea nintzela eta bere eskubideak berreskuratuz gero, benetan zegokion maila lortuko zuela eta nitaz arduratuko zela. Laztanka eta musuka hasi zitzaidan, eta orduan egin nion tiro. Errebolberra zeraman gerrialdean. Handik atera, eta tiro egin nion, eta hil egin zen.

Nicken aurpegi zurbila artean ere sosegaturik zegoen, baina arnasaldi arina aditu nion.

—Zer egin zenuen errebolberrarekin? —galdetu nion.

—Ez nuen ezer egin armarekin. Lurrean utzi, eta etxera joan nintzen. Geroago, gurasoei kontatu nien egindakoa. Hasieran ez zidaten sinetsi. Gero, egunkarian agertu zen hildakoaren berria, eta sinetsi egin zidaten. Smitheram doktorearengana ekarri ninduten. Eta —gaineratu zuen garraztasun ironikoaz—, harrezkeroztik, doktorearekin izan naiz. Nahiago nuke lehenik eta behin poliziarengana joan izan banintz. —Amaren aurpegi erdi baztertuari begiratu zion.

—Erabakia ez zegoen zeure esku —esan nuen—. Orain, hitz egin dezagun Sidney Harrowen hilketaz.

—Jainkoarren, hori ere hil nuela uste duzu?

—Hala iruditu zitzaizun, gogoratzen?

Barru aldera bildu zituen begiak.

—Nahiko nahasita nengoen, ezta? Arazoa da benetan izan nuela Harrow hiltzeko gogoa. Gau hartan kontu eske joan nintzen Harrowen moteleko gelara. Jeanek esan zidan non zegoen gizona. Ez zegoen motelean, baina bere autoan aurkitu nuen, hondartzan.

—Bizirik ala hilik?

—Hilda zegoen. Erabili zuten errebolberra autoaren ondoan zegoen. Lurretik jaso nuen aztertzeko, eta zerbaitek klik egin zidan buruan. Honela, lurra oin azpian lerratu zitzaidan, hitzez hitz esanda. Hasieran lurrikara zela iruditu zitzaidan. Ondoren, neure barnean zela konturatu nintzen. Nahastuta egon nintzen luzaroan, eta neure buruaz beste egiteko gogoz. —Eta hau gaineratu zuen—: Bazirudien errebolberra eske ari zitzaidala berarekin zerbait egiteko.

—Ordurako, zerbait egina zenuen errebolberrarekin —esan nion—. Trenbideko bagoi-gordailuan utzi zenuen errebolber berbera zen.

—Nola izan zitekeen?

—Ez dakit nola izan zitekeen. Baina errebolber berbera zen. Poliziak balistikako artxiboak ditu hori frogatzeko. Ziur zaude errebolberra gorpuaren ondoan utzi zenuela?

Nick berriz ere nahastuta zegoen. Aurpegietara begiratu zigun guztiz babesgabe. Eskua luzatu zuen betaurreko beltzak hartzeko, eta segituan jantzi zituen.

—Harrowen gorpuaren ondoan?

—Eldon Swainen gorpuaren ondoan. Trenbideko gizona, zure aita zela esan zuena. Errebolberra gizon haren ondoan utzi zenuen, Nick?

—Bai. Badakit ez nuela etxera eraman.

—Orduan, beste norbaitek jaso, eta hamabost urtez gorde zuen, azkenean Harrowekin erabiltzeko. Nor izango zen?

—Ez dakit. —Gazteak ezetz egin zuen burua astiro mugituz alde batetik bestera.

Smitheramek aurrera egin zuen.

—Aski izan da Nickentzat. Eta ez duzu kontu berririk atera. —Begiak antsietatez beteak zituen, baina ez nekien Nickengatik ote zen.

—Kontu piloa ateratzen ari naiz, doktorea. Baita Nick ere.

—Bai. —Gazteak gora begiratu zuen—. Trenbideko gizona benetan nire aita zen, berak esaten zuenez?

—Amari galdetu beharko diozu.

—Nire aita zen, ama?

Irene Chalmersek ingurura begiratu zuen, beste lakio batez harrapatu izan balute bezala. Gure isiltasunaren presioak hitz egitera behartu zuen:

—Ez dut zertan erantzun horri, eta ez dut egingo.

—Horrek esan nahi du nire aita zela.

Emakumeak ez zion Nicki erantzun, ez eta mutilari begiratu ere. Burumakur eserita zegoen. Truttwellek aulkitik jaiki eta eskua ezarri zion sorbaldan. Irene Chalmersek albora makurtu zuen burua, masaila hatz-koskoetan bermatzeko. Azal garbi-garbia ez bezala, eskua adinak orbanduta zeukan.

Nickek berriz ekin zion:

—Banekien Lawrence Chalmers ezin zela nire aita izan.

—Itsasaldetik idatzi zituen gutunak… Ez ditut gogoratzen datak zehazki, baina denbora ez zegokien ondo.

—Horregatik atera zenituen gutunak diru-kutxatik?

—Egia esan, ez. Ustekabean egin nuen topo kontu horrekin. Sidney Harrow eta Jean Trask istorio zoro batekin etorri zitzaizkidan, alegia, aitak, hau da, Lawrence Chalmersek lapurreta egin zuela. Oker zeudela frogatzeko hartu nituen gutunak. Itsasaldean zebilen lapurreta gertatu zenean.

—Zein lapurreta?

—Jeanek esan zuen gure aitak dirua lapurtu ziola Swain familiari —bere aitari—, dirutza ikaragarria, egia esan, milioi erdia edo. Baina gutunek frogatzen zuten Jean eta Harrow oker zebiltzala. Lapurreta gertatu omen zen egunean —1945eko uztailaren lehena izan zela uste dut— gure ait… Chalmers jauna itsasoan zebilen bere ontzian. —Begirada ironiko eta tristeaz esan zuen—: Hori frogatzean, frogatu nuen ezin zela nire aita izan, bestalde. 1945eko abenduaren 14an jaio nintzen, eta bederatzi hilabete lehenago, zertu nindutenean… —Amari begiratu zion, eta ez zuen hitza aurkitu.

—Sortu? —esan nuen.

—Itxuraz, sortu nindutenean, ontzi barruan zebilen itsas frontean. Entzun duzu, ama?

—Entzun zaitut.

—Ez duzu beste ezer esateko?

—Ez duzu zertan oldartu nire aurka —esan zuen ahots apalaz—. Ama nauzu. Zer axola dizu nor izan zen zure aita?

—Axola dit.

—Ahaztu. Zergatik ez duzu ahazten?

—Gutun batzuk ditut hemen. —Paper-zorrotik atera eta hiru gutunak erakutsi nizkion Nicki.

—Uste dut hauexek direla batez ere interesatzen zitzaizkizunak.

—Bai. Nondik atera dituzu?

—Zure apartamentutik —esan nion.

—Utziko dizkidazu apur batez?

—Hauxe da 1945eko martxoaren 15ean idatzi zuena: «Ama maitea: Berriz ere frontean nago, beraz, nire eskutitza ez zaizu aldi batez helduko». Horrek behin eta betiko frogatzen du, nonbait, nornahi izanik ere, nire aita ez zela eta ez dela L. Chalmers tenientegaia. —Berriz begiratu zion amari aieru ilunetan—: Trenbideko gizona zen, ama? Hil nuen gizona?

—Ez zaizu jakitea komeni —esan zion amak.

—Horrek esan nahi du erantzuna baiezkoa dela —esan zuen mutilak, pozik, baina goibeldurik—. Horrenbesteraino badakit, behintzat. Nola esan zenuen deitzen zela? Hau da, nire aitaren izena.

Emakumeak ez zion erantzun.

—Eldon Swain —esan nion—. Jean Trasken aita zen.

—Anai-arrebak ginela esan zuen Jeanek. Benetan egia dela diozu?

—Ez daukat erantzunik. Dirudienez, zeuk dituzu erantzun guztiak. —Etenaldia egin ondoren, aurrera egin nuen—: Oso galdera garrantzitsua egin behar dizut, Nick. Zerk eraman zintuen Jean Trasken etxera, San Diegora?

Buruari eragin zion.

—Ez naiz gogoratzen. Ez dut batere gogoratzen kontu hori. Ez naiz gogoratzen ezta San Diegora joan nintzela ere.

Smitheram doktorea berriz ere erdian sartu zen.

—Hutsartea eskatu behar dut. Ez dizut utziko gure azken bi egunetako lana hondatzen, Nicken kalterako.

—Amai dezagun kontua —esan zuen Truttwellek—. Dena dela, Nicken gaztaro osoan iraun du arazoak.

—Nik ere amaitu nahi dut —esan zuen Nickek—, ahal baldin badut.

—Baita nik ere —esan zuen Moirak, isilaldi luze baten ondoren.

Doktorea emaztearengana itzuli zen, hozki.

—Ez dut uste iritzia eskatu dizudanik.

—Eman egin dizut, hala ere. Amai dezagun kontua.

Moiraren ahotsa erruaz eta nekeaz nabartuta zegoen. Une batez senar-emazteak elkarri begira egon ziren, gela hartan biok bakarrik baleude bezala.

Nicki esan nion:

—Noiz berreskuratu zenuen oroimena, San Diegokoaz geroztik?

—Gau hartan, ospitalean esnatu nintzenean. Egun osoa ezabatuta neukan buruan.

—Eta zer gogoratu zenuen azkena, hori baino lehenago?

—Goiz hartan esnatu nintzenekoa. Gau osoan itzarrik egon nintzen, kontu bat zela edo beste bat zela, eta zeharo eroria nenbilen. Behin eta berriro etortzen zitzaidan burura trenbideko bagoi-gordailuko eszena ikaragarri hura. Suaren eta whiskiaren usaina antzeman nezakeen.

—Burua itzaltzea erabaki nuen, lo egiteko pilula bat edo bi hartuz, eta ohetik jaiki, eta bainugelara joan nintzen, han baitauzkat gordeta. Botilatxoetako kapsula gorri-horiak ikusi nituenean, gogoa aldatu zitzaidan. Pilula piloa hartzea erabaki nuen, eta burua betiko itzaltzea.

—Orduan idatzi zenuen suizidio-oharra?

Pentsakor geratu zen.

—Pilulak hartu baino lehentxeago idatzi nuen, bai.

—Zenbat pilula hartu zenituen?

—Ez nituen zenbatu. Pare bat eskukada, nik uste, hiltzeko beste. Baina ez neukan bainugelan eserita egoterik, zain. Beldur nintzen agian aurkituko nindutela eta ez zidatela hiltzen utziko. Bainugelako leihatilatik igo, eta jauzi egin nuen kalera. Erortzean buruaz zerbaiten kontra joko nuen, antza. —Gutunak belaunean erabili zituen, eta ukitu samurra eman zion buru alboari—. Hurrena, San Diegoko ospitalean nintzela gogoratzen dut. Jadanik, hau guztia kontatu diot Smitheram doktoreari.

Smitherami begiratu nion, arin. Ez zegoen entzuten. Emazteari hitz egiten zion, bizi-bizi eta isilpean.

—Doktorea?

Smitheram doktorea brastakoan itzuli zen, baina ez zidan erantzun. Eskua luzatu zuen Nickek magalean zeuzkan gutunak hartzeko.

—Ikus ditzagun gutunak, e?

Smitheramek paper argalak orrikatu zituen eta ozenki irakurtzen hasi zitzaion emazteari:

«Pilotuek badute zerbait, lasterketako zaldiak gogorarazten dituena: ia gaixotzerainoko puntuan garatutako zerbait. Espero dut besteek ez nautela hala ikusiko. Wilson komandantea, gure eskuadroiko burua, halakoa da, ordea. (Jadanik ez du berak posta zentsuratzen, beraz, hau esan dezaket). Dagoeneko, badira lau urte zerbitzuan dabilela, baina Yale Unibertsitateko jaun berbera duzu lehenengo egunetik hona. Hala ere, gizonak badu halako itxura, atrofiatuta gelditu izan balitz bezala. Bere onenak eman dizkio gerrari…».

Truttwellek idorki esan zion:

—Ederto irakurtzen duzu, doktorea, baina hau ez da tenore egokia.

Smitheramek ezer entzun ez balu bezala jokatu zuen. Emazteari esan zion:

—Nola zuen izena Sorrel Bay hartan genuen eskuadroiko buruak?

—Wilson —esan zuen Moirak, ahots meheaz.

—Gogoratzen duzu nola egin nuen iruzkin hori 1945eko martxoan idatzi nizun gutunean?

—Hala-hola. Zure oroimenaz fidatzen naiz.

Smitheram ez zen pozik geratu. Berriz ere orriak arakatu zituen, hatzez eutsi eta papera amorruz urratu beharrean.

—Entzun hau, Moira: «Ekuadorretik hurbiltxo gaude eta beroa nahiko txarra da, baina ez dut kexatu nahi. Bihar goizean atoloi honetan aingura botata segitzen badugu, ontzitik kanpora irteten saiatuko naiz bainua hartzeko, duela zenbait hilabete Pearl Harboretik irten ginenetik egin ez dudalako. Eguneroko plazer handienetakoa, baina, gauero hartzen dudan dutxa da, oheratu aurretik». Eta horrela eta horrela. Gero, gutunean aipatzen da Wilson Okinawa aldean hil zutela. Oso argi gogoratzen dut horixe idatzi nizula 1945eko udan. Nola azaldu behar duzu hori, Moira?

—Ez dut azaltzerik —esan zuen begiak beheratuz—. Ez naiz saiatuko hori azaltzen.

Truttwell jaiki eta Smitheramen sorbalda gainetik begiratu zion gutunari.

—Dirudienez, hori ez da zure idazkera. Ez, argi dago ez dela. —Eta hau esan zuen etenaldia egin ondoren—: Lawrence Chalmersen idazkera da, ezta? —Eta beste etenaldi bat egin ondoren—: Esan nahi du Chalmersek amari gerraz idatzitako gutun guztiak gezurrezkoak zirela?

—Bai, horixe. —Smitheramek ukabilean bildutako gutunak astindu zituen. Emaztearen aurpegi goibelari begiratu zion—. Oraindik ere ez dut ulertzen nola idatzi ziren gutun hauek.

—Chalmers inoiz izan zen itsas armadako pilotua? —galdetu zuen Truttwellek.

—Ez. Behin saiatu zen pilotuak trebatzeko programan sartzen. Baina ez zituen eskakizunak bete. Egia esan, armadak zerbitzutik aske utzi zuen, Chalmersek izena eman eta handik hilabete gutxira.

—Zergatik libratu zuten? —galdetu nuen.

—Buruko gaixotasuna zela-eta. Bere onetik irten zen errekluten kanpamentuan. Hainbat mutiko eskizoideri gertatu zitzaien militarrarena egiten saiatu zirenean. Batez ere, gurasoen artean amak agintzen zuenean, Larryren kasuan bezalaxe.

—Nola dakizu hainbeste kasuaz, doktorea?

—Neuri egokitu zitzaidalako, San Diegoko Itsasarmadako Ospitalean. Askatu baino lehenago, astebete batzuetan tratamenduan izan genuen. Harrezkeroztik, paziente izan dut… itsasaldeko bi urteetan izan ezik.

—Horrexegatik etorri zineten Pacific Pointera bizitzera?

—Horrexegatik eta beste arrazoi batzuengatik. Chalmers pozik gelditu zen nirekin eta lanean hasteko laguntza eskaini zidan. Ama hil berria zuen eta diru piloa utzi zion.

—Hau ez dut ulertzen —esan zuen Truttwellek—, nola sartu zigun ziria denoi gezurrezko gutunokin. Armadako posta zerbitzuko gutun-azalak eta zigiluak faltsifikatu behar izan zituen. Eta nola jasotzen zituen erantzunak, armadan ez bazegoen?

—Postetxean lan egiten zuen —esan zuen Smitheramek—. Nik neuk lortu nion lana, itsasora egin baino lehen. Ziurrenik, beretzako kutxatila berezi bat atondu zuen. —Smitheramek berriz ere emazteari begiratu zion, kanpoko indar batek burua erauziko balio bezala—: Hau ez dut ulertzen, Moira: nola kopia zitzakeen —behin eta berriro— bidaltzen nizkizun gutunak?

—Gutunak hartuko zituen —esan zuen Moirak.

—Bazenekien gutunak hartzen zituela?

Emakumeak baietz egin zuen buruaz, goibel antzean.

—Egia esan, irakurtzeko mailegatu zizkidan, edo hala esan zidan, behintzat. Baina badakit zergatik kopiatu zituen. Heroitzat jotzen zintuen. Zu bezalakoa izan nahi zuen.

—Eta zer sentitzen zuen zuregatik?

—Gogoko ninduen. Argi eta garbi utzi zuen, baita zu joan baino lehenago ere.

—Armadara joan nintzenean, askotan ikusten zenuen?

—Ezinbestean; Auzokoak ginen.

—Auzokoak zineten, Magnolia hotelean? Ondoko gelan bizi zela esan nahi duzu?

—Mutikoari begia ezartzeko eskatu zenidan —esan zuen emakumeak.

—Ez nizun esan mutikoarekin bizitzeko. Berarekin bizi izan zinen? —Bere buruari min ematen ari zen gizonaren ahots larderiatsuaz mintzo zen, eta aurrera egin zuen, nahiz eta jakin bazekien bere buruari min ematen ari zela.

—Berarekin bizi izan nintzen —esan zuen emazteak—. Ez nago lotsatuta horregatik. Norbait behar zuen; Agian, zuk beste lan egin nuen haren buru-osasuna zaintzearren.

—Hortaz, terapia zen, ezta? Horrexegatik etorri nahi zenuen hona gerra ostean. Horrexegatik da…

Emakumeak berehala eten zion:

—Guztiz galduta zabiltza, Ralph. Horrela ibiltzen zara nitaz ari zarela. Elkarrekikoak hautsi genituen zu etxeratu aurretik.

Irene Chalmersek burua jaso zuen.

—Egia da. Uztailean ezkondu ginen…

Truttwell Chalmers andrearengana makurtu, eta hatzaz ukitu zion ahoa.

—Ez eman argibiderik eskatu gabe, Irene.

Chalmers andrea isilik geratu zen, eta Moiraren ahots luto eta indartsua aditu nuen.

—Bazenekien harremanetan izan ginela —esan zion senarrari—. Ezin duzu pazientea hogeita bost urtez zaindu, horrenbesteraino jakin gabe. Baina ezjakinarena egitea nahiago duzu.

—Jakin banuen —esan zuen Smitheramek—, ez dut ezer baieztatzen, baina jakin banuen, pazientearen onerako ari nintzen, ez neure onerako.

—Benetan sinesten duzu hori, ezta, Ralph?

—Egia da.

—Zeure burua engainatzen ari zara. Baina ez duzu beste inor engainatzen. Bazenekien Larry Chalmers iruzurtia zela, nik bezalaxe. Larryren fantasiaren kideak ginen eta dirua ateratzen genion.

—Uste dut kontuak imajinatzen ari zarela, Moira.

—Badakizu ez dela horrela.

Smitheramek ingurura begiratu zuen, eta aurpegiak aztertu zizkigun bera epaitzen ari ote ginen ikusteko. Doktorearen emaztea gizonaren albotik igaro, eta gelatik irten zen. Korridorera irten eta Moiraren atzetik joan nintzen.