32
Kostaldearen hegoaldean egun argi eta haizetsua zegoen. Pacific Pointen gaineko goi-lautadan lantzean behin uhin gandorrak ikusten nituen, baita urrutira ageri ziren belaontziak ere.
Bettyk zuzenean eraman ninduen Smitheram klinikara. Idazmahaia gobernatzen zuen neska apaindu eta aukeran serioak esan zigun Smitheram doktorea paziente batekin zegoela eta ez zuela inolaz ere gu ikusterik. Pazienteekin ibiliko zen egun osoan, baita arratsean ere.
—Zer moduz datorren asteartean zortzi, gauerdian?
Neskak goitik behera begiratu zidan gaitzespenez.
—Ziur zaude ez duzula ospitaleko larrialdi-zerbitzua nahiago?
—Ziur nago. Nicholas Chalmers hemengo pazientea da?
—Ez daukat baimenik halako galderei erantzuteko.
—Smitheram andrea ikusterik badaukat?
Neskak ez zuen berehala erantzun. Plantak egiten ari zen, paperekin lanpetuta ibiliko balitz bezala. Noizbait, hauxe esan zuen:
—Ulertzen dut. Nola izena duzula esan duzu, mesedez?
Esan nion. Barruko atea ireki zuen. Honela, barrura sartu eta atea ixtear zuela, zaratatxoren bat entzun nuen eta lepoaldeko ileak laztu zitzaizkidan. Garrasi zoli bat zen; norbait negarrez ari zen isilpean, oinazez eta etsipenez, hain zuzen ere.
Betty eta biok elkarri begiratu genion.
—Hori Nick izan liteke —esan zuen Bettyk—. Zer egiten ari zaizkio?
—Ezer ez. Ez zenuke hemen egon beharko.
—Non egon beharko nuke?
—Etxean, liburuak irakurtzen.
—Dostoievski? —erantzun zuen zorrotz.
—Zerbait arinago.
—Emakumetxoak, adibidez? Uste dut ez nauzula ulertzen, Archer jauna. Berriz ere aitakeriatan zabiltza.
—Eta zu alabakeriatan.
Moira eta idazkaria klinika barruko atetik irten ziren, eta ez genuen inongo zaratarik aditu. Moirak harrituta begiratu zidan, eta Bettyri begirada konplexuagoa egin zion, inbidia eta mesprezua nahastuz. Betty gazteagoa zen, esan nahi zuen Moiraren begiradak, nonbait, baina berak luzaroago iraun zuen.
Moira niregana etorri zen.
—Zer demontre gertatu da, Archer jauna?
—Nahi gabe tiro bat eman didate, honetaz ari bazara. —Ezkerreko besoa ukitu nuen—. Nick Chalmers hemen dago?
—Bai. Hemen dago.
—Bera ari zen oihuka?
—Oihuka? Ez dut uste. —Artega zegoen—. Zenbait paziente ditugu pabiloi itxi horretan. Nick ez dago okerrenen artean.
—Orduan ez dizu axola izango mutila ikusten badut. Truttwell andereñoa mutilaren emaztegaia da…
—Badakit.
—… eta nahiko kezkatuta dago mutilaz.
—Ez dago horrela ibili beharrik. —Baina berak ere nahiko kezkatuta zirudien—. Damu dut, ezin baitizut mutila ikusten utzi. Smitheram doktoreak hartzen ditu erabaki horiek. Bistan dago iruditzen zaiola Nickek bakartuta egon behar duela.
Ahoa albo batera okertu zitzaion. Jendaurreko aurpegia eta ahotsa mantendu behar izateak eragin egiten zion Moirari.
—Pribatuan hitz egin dezakegu honetaz, andrea?
—Bai. Zatoz nire bulegora, mesedez.
Gonbidapenak kanpoan uzten zuen Betty. Moiraren atzetik joan nintzen bulegoraino: alde batetik, itxarongela zen, eta bestetik, artxibategia. Gelan ez zegoen leihorik, baina pintura abstraktuak eskegita zeuden paretetan, barruko leihoak bailiran kanpoko leihoak ordezkatzeko eginak. Moirak atea giltzaz itxi, eta haren kontra bermatu zen.
—Preso naukazu? —esan nion.
Arinkeriarik gabe erantzun zidan:
—Neu naiz presoa. Hemendik alde egin nahi nuke. —Esku eta sorbalden mugimendu arina eginez, gorantz, aditzera eman zidan zenbaterainokoa zen etxearen pisua, ia jasanezina.
—Baina ezin dut.
—Senarrak ez dizu utziko?
—Hori baino korapilatsuagoa da. Iraganean egindako oker guztiek presoa naukate (gaur esaldiak egiteko gogoa etorri zait) eta Ralph haietariko bat da. Zu berriagoa zara.
—Zertan okertu naiz?
—Ezertan ere ez. Gogoko ninduzula uste nuen, besterik ez. —Guztiz alboratuta zeuzkan jendaurreko aurpegia eta ahotsa—. Joan den gauean horrelakoan jokatu nuen.
—Baita nik ere. Benetan ari nintzen.
—Orduan, zergatik tratatzen nauzu hain gaizki?
—Ez nuen hori egin nahi. Baina azkenean badirudi alde banatan gaudela.
Ezetz egin zuen buruaz:
—Ez dut uste. Hauxe baino ez dut nahi: bizitza duina, bizi daitekeen bizitza, kasuarekin zerikusia duten guztientzat. —Eta hauxe gaineratu zuen—: Baita niretzat ere.
—Zer nahi du zure senarrak?
—Gauza berbera, bere ikuspuntutik ikusita. Ez gara ados kontu guztietan, jakina. Eta oker egin nuen Ralphen ideia handi guztiak onartzean. —Berriz ere besoen mugimenduak etxe osoa hartu zuen berekin—. Klinika sorraraztean, gure ezkontza salbatzerik izango bagenu bezala. —Ironiaz erantsi zuen—: Klinika bat alokatu beharko genukeen.
Emakume konplexua zen, anbiguitatez betea, larregi hitz egiten zuena. Harengana oldarrean hurbildu, beso batez eutsi, trakets samar eutsi ere, eta isilarazi egin nuen.
Sorbaldako zauria taupadaka zebilkidan, ordezko bihotza balitz bezala.
Moirak hauxe esan zidan, minari zuzen antzemango bailion:
—Damu dut zaurituta zaudelako.
—Damu dut zeu zaudelako zaurituta, Moira.
—Ez errukitu nitaz, alferrikakoa da. —Hitz egitean gogorarazi zidan nolabaiteko erizaina zela edo izana zela—. Bizirik irtengo naiz. Baina ez da oso dibertigarria izango, nik uste.
—Berriro galdu naiz. Zertaz ari zara?
—Hondamenaz. Bihozkada izan dut. Odol irlandarra daukat, badakizu?
—Nick Chalmersen hondamena?
—Denona. Nickek badu zerikusia horrekin, jakina.
—Zergatik ez didazu uzten Nick hemendik ateratzen?
—Ezin dut.
—Bizia arriskutan dauka?
—Hemen dagoen bitartean, ez.
—Utziko didazu ikusten?
—Ezin dut. Senarrak ez dit baimenik emango.
—Beldurra diozu?
—Ez. Baina bera sendagilea da eta ni teknikaria baino ez. Ezin naiz bera baino azkarragoa izan.
—Noiz arte gorde nahi du Nick hemen?
—Arriskua desagertu arte.
—Nork sortzen du arriskua?
—Ezin dizut esan. Mesedez, Lew, ez egin galdera gehiagorik. Galderek dena hondatzen dute.
Aldi batez elkar besarkatu genuen, ate itxiaren kontra bermatuta. Moiraren gorputz eta ahoaren epeltasunak suspertu ninduen, nahiz eta gure gogoak elkarrengandik bereizita egon eta nire buruaren alde bat denbora zenbatzen ibili.
Apal mintzatu zitzaidan.
—Oraintxe bertan alde egin nahi nuke hemendik, zuk eta biok, inoiz ez itzultzeko.
—Ezkonduta zaude.
—Ez luzaroko.
—Niregatik?
—Ez, horixe. Zerbait hitz emango didazu, baina?
—Zer den jakinez gero.
—Ez esan inori ere Sonnyrena. Badakizu, La Jollako postaritxoa. Hanka sartu nuen zuri aipatzean.
—Berriz ere azaldu da?
Baietz egin zuen buruaz. Begi goibelak zituen.
—Ez diozu inori esango, ezta?
—Ez daukat zertan esan.
Iheska nenbilen, eta Moirak erreparatu egin zion.
—Lew? Badakit gizon ahaltsua zarela, eta nahiko zintzoa. Hitz eman behar didazu ez diguzula ezer egingo. Emaiguzu aukera Ralph eta bioi arazo hau konpontzeko.
Moirarengandik aldendu nintzen.
—Ezin dizut itsu-itsuan ezer agindu. Eta ez zara garbi mintzo, ondotxo dakizu hori, arraio.
Tximino aurpegia jarri zuen larritasunagatik, eta itxura zatartu egin zitzaion.
—Ezin naiz garbi mintzatu. Arazo hau ez dugu hitz eginez konponduko. Jende asko dabil sartuta, eta bizitzako urte asko ere bai.
—Nortzuk daude sartuta?
—Ralph eta biok, Chalmerstarrak, Truttwelldarrak.
—Eta Sonny?
—Bai. Sartuta dabil. —Begiak aldatu zituen nire ezagumenaz bestaldera begiratzeko—. Horrexegatik ez diozu inori esan behar lehen esan nizuna.
—Zergatik esan zenidan?
—Iruditu zitzaidan agian aholkuak emango zenizkidala, eta azkenean izan garen baino adiskide hobeak izango ginela.
—Denbora behar dugu.
—Horixe eskatzen dizut.