16
Eguerdia baino lehentxeago heldu nintzen San Diegora. Trasken Bayview Avenueko etxea Point Lomako basetik hurbil zegoen, North Islanden eta badiaren gainetik. Muinoan eraikitako arrantxo klaseko etxe sendoa zen, belardi eder ondo zaindua eta parterreak zituena.
Ate nagusia jo nuen itsas zaldiaren itxurako aldaba burdinazkoaz. Erantzunik ez. Berriz jo eta itxaron, eta maratilari eragin nion. Atea ez zen ireki.
Etxearen inguruan ibili nintzen, leihoetatik kirikan, alegiazko erosleak egingo lukeen moduan. Leihoak errezelez estalita zeuden, zirrikiturik utzi gabe. Urkizko arasa eta altzairu herdoilezinezko harraskan metatutako plater piloa alde batera utzita, ez nuen ezer ikusi. Etxeari atxikitako garajea barrutik itxita zegoen.
Autora itzuli nintzen, kaleaz bestaldean zeharretara aparkaturik baineukan, eta bertan eseri zain. Etxea nahiko arrunta zen, baina atentzioa hartu zidan. Badiako eta zeruko trafikoa, ferriak eta arrantza-ontziak, hegazkinak eta kaioak, nonbait, dena mugitzen zen etxearen inguruan.
Itxaronaldia luzatu egin zen. Banaketa-kamionetak igaro ziren, eta umez betetako auto gutxi batzuk, amek gidatuak. Jendeak ez zuen asko erabiltzen kalea, garraio kontuetarako ez bazen. Etxean gelditzen zen, bere jabetasuna adierazi nahian edo, bai eta isolamendua ere.
Etxeari ez zegokion auto zahar bat aldapan gora etorri zen ke oliotsua zeriola, lubrikatu beharreko haizagailu-uhalaren kalaka eta guzti. Gizonezko handi eta hezurtsu bat, larruzko jaka gris lohia eta bizar gris lohia zeuzkana, autotik irten zen kalea zeharkatzeko, isil-isilik, kirol zapatila maiztuak zerabiltzala. Saski mexikar borobila zekarren besapean. Trasken etxeko ate nagusia jo zuen, nik bezala. Maratilari eragin zion, nik bezala.
Kalearen alde bietara begiratu zuen, baita niri ere, buru mugimendu arin eta sen hutsezkoak eginez animalia zahar batek bezala. San Diegoko konderriko errepide-mapa irakurtzen ari nintzen. Berriz ere begiratu nuenean, gizonak irekita zeukan etxeko atea eta barrura sartu zen.
Autotik irten, eta gizonaren autoaren erregistro-agiria idatzi nuen: Randolph Shepherd, Conchita’s Cabins, Imperial Beach. Giltzak kontaktuan zeuden. Patrikan sartu nituen neure autoko giltzekin batera.
Los Angeles Timesen ale bat aurreko eskuinaldeko eserlekuan zegoen, hirugarren orrialdean irekia. Bi zutabeko titularraren azpian, Sidney Harrowen heriotzaren kontakizuna zegoen, eta gizon munduzale haren aurpegiaren argazkia, ordura arte ikusi gabe neukana.
Aipatu egiten ninduten, gorpua aurkitu nuela-eta, besterik gabe. Ez zuten Nick Chalmers aipatzen. Baina Lackland kapitainak esan omen zuen norbait atxilotzea espero zuela hurrengo hogeita lau orduetan.
Artean burua Shepherden autoan neukala, gizonak Trasken etxeko atea ireki zuen. Isilpean baina arin irten zen, artarik gabe, etxean gertatutako leherketa batek kanpora bota izan balu bezala. Une batez begiak guztiz biribildu zitzaizkion, puxtarri nabarrak bailiran, bai eta ahoa ere, zulo gorria bizarrean.
Brastakoan gelditu zen ni ikustean. Eguzkiak jotako kalearen alde batetik bestera begiratu zuen, horma handiz inguratutako kale-itsuan balego bezala.
—Kaixo, Randy.
Hortz marroiak erakutsi zizkidan irribarre egitean, ustekabean hartuta. Batere gogorik ez zuela, itsaso hotz eta sakonean hanka sartu behar duen gizona legez, kalea zeharkatu eta niregana etorri zen. Irribarre laxo eta zoroxka egin zidan.
—Tomateak ekarri dizkiot Jean andereñoari. Lorategia zaindu ohi nion Jean andereñoaren aitari. Erpurua berdetu zait, begira.
Erpurua jaso zuen. Handia eta espatula antzekoa zuen, zikinkeriaz konkortua, eta azazkal zikin zorrotzaz armatua.
—Beti behartzen duzu sarraila tomateak banatzean, Randy?
—Nola dakizu nire izena? Polizia zara?
—Ez, preseski.
—Nola dakizu nire izena?
—Ospetsua zara. Zain egon naiz zu ezagutzeko.
—Nor zara zu? Polizia?
—Polizia pribatua.
Erabaki arin eta txarra egin zuen. Bizitza osoan eginak zituen: aurpegi orbanduan grabatuta zeuzkan. Begietan sartu nahi izan zidan erpuruaren azkazala. Aldi berean belaunkada bat tiratu zidan.
Eskutik heldu, eta bihurritu egin nion. Une batez orekan eta geldi izan ginen. Shepherden begiak amorruak argituta zeuden. Ezin izan zion eutsi, ordea. Aldaketa anitz gertatu zitzaizkion aurpegian, nekatu eta zahartu ahala gizon bati egindako argazki saila balitz bezala. Eskua bigundu egin zitzaion, eta askatu egin nuen.
—Aizu, nagusi, joan egingo naiz, konforme? Banaketa egin behar dut beste leku askotan.
—Zer ari zara banatzen? Arazoak?
—Ez, jauna. Ni ez. —Arin begiratu zuen Trasken etxe aldera, eraikina kale hartan ikusteak ustekabean harrapatu izan balu bezala—. Erraz haserretzen naiz, baina ez nioke minik emango inori. Ez dizut minik eman. Zuk bai niri, ordea. Beti neuri ematen didate min.
—Baina ez zara bakarra.
Oinazezko imintzioa egin zuen, oharpen krudela egin banio bezala.
—Nora jo nahi duzu, lagun?
—Hilketa pare bat izan da. Hori ez da berria zuretzat. —Eskua Randyren autoan sartu, egunkaria eserlekutik jaso, eta Harrowen argazkia erakutsi nion.
—Inoiz ez dut ikusi —esan zuen.
—Egunkaria orrialde horretan irekita zeneukan.
—Nik ez. Horrela jaso dut geltokian. Beti jasotzen ditut egunkariak geltokian. —Niregana makurtu zen, izerditan eta saltoka—. Aizu, orain joan egin behar dut, konforme? Pixagura naiz, eta larri nabil.
—Hau garrantzitsuagoa da.
—Ez, neuretzat ez.
—Zeuretzat ere bai. Ezagutzen duzu Nick Chalmers izeneko gazte bat?
—Ez da…? —Bere buruari eutsi eta berriz hasi zen esaten—: Zer esan duzu?
—Entzun didazu. Nick Chalmersen bila nabil. Baliteke bera zure bila ibiltzea.
—Zertarako? Inoiz ez dut ukitu. Swainek bahiketa egiteko asmoa zuela jakin nuenean… —Berriz eutsi zion bere buruari eta ahoa eskuaz estali, hitzak barrura sarrarazteko gauza balitz bezala edo bizarrean ezkutatzeko, txoriak bezala.
—Swainek Chalmerstarren umea bahitu zuen?
—Zergatik galdetu neuri? Elurra bezain garbia naiz. —Baina zerura begiratu zuen begiak txitxilduz, gakoa edota soka zerutik jaisten ikusiko balu bezala—. Eguzkitatik alde egin behar dut. Azaleko minbizia ematen dit.
—Heriotza astirotsu eta ederra da. Swain arinago hil zen.
—Inoiz ez didazu hori leporatuko, lagun. Pacific Pointeko poliziak berak aske utzi ninduen.
—Ez zuten egingo nik dakidana jakinez gero.
Hurbilago etorri zitzaidan, belaunak makurtuz eta uzkurtuta, txikiago ematen zuela.
—Garbi nago, zin degizut. Mesedez, utzidazu joaten, jauna.
—Hasi besterik ez gara egin.
—Baina ezin gara hemen gelditu, besterik gabe.
—Zergatik ez?
Lepoa biratu egin zitzaion, mekanismo automatikoa balitz bezala, eta berriro begiratu zuen Trasken etxe aldera. Begiradaz jarraitu nion. Ohartu nintzen ate nagusia apur bat irekita zegoela.
—Ate nagusia irekita utzi duzu. Itxi egin beharko genuke.
—Zeuk itxi —esan zidan—. Hanka zeharo inurrituta daukat. Eseri egin behar dut edo lurrera jausiko naiz.
Bere autoan sartu zen, bolantearen atzean. Ez zen oso urrutira joango kontaktu-giltzarik gabe, iruditu zitzaidanez, eta kalea zeharkatu nuen. Atearen eta ateburuaren arteko zirrikitutik begiratuz, tomate gorriak ikusi nituen atalondoko lurrean sakabanatuta. Sartu egin nintzen, kontuz ibiliz tomateak ez zapaltzearren.
Erre usaina zetorren sukaldetik. Bertan aurkitu nuen kristalezko kafeontzia sutegi elektrikoaren gainean errea eta pitzatua. Jean Trask kafeontzitik hurbil zetzan binilozko zoru berdean.
Sutegi elektrikoaren entxufea kendu, eta Jeanen ondoan belaunikatu nintzen. Sastakadak zeuzkan bularrean eta arrakala handia eztarrian. Pijamaz eta nylonezko bata arrosaz jantzita, artean ere epel zegoen.
Jean hilik bazegoen ere, arnasotsa entzun nuen nonbait. Bazirudien etxea bera arnasa hartzen ari zela. Sukaldearen atzealdeko ate irekiak etxeari atxikitako garajera egiten zuen, ikuzgailuaren eta lehorgailuaren ondotik igarota.
George Trasken Ford sedana garajean zegoen. Nick Chalmers hortzez gora zetzan autoaren ondoan, porlanezko lurrean. Alkandoraren lepoa askatu nion. Ondoren, mutilaren begietara begiratu nuen: iraulita zeuzkan. Zaflada gogor bana eman nion masailetan. Erantzunik ez. Auhen egin nuen.
Mutilaren ondoan, lurrean, hutsik zeutzan hiru botika-gordailu, tamaina ezberdinekoak. Lurretik jaso eta patrikan gorde nituen. Ez zegoen astirik ikerketa gehiagorako. Nirekin eraman behar nuen mutila urdail-garbiketa egin ziezaioten.
Garajeko atea ireki, autoa hartzeko kalea zeharkatu, eta autoa bidexkara eraman nuen. Nick besoetan jaso —gizon handia zen eta ez zen erraza izan—, eta atzealdean utzi nuen. Baita garajea itxi ere. Gero, etxearen ate nagusia itxi nuen.
Orduan konturatu nintzen Randy Shepherd joana zela bere traste zaharrean. Zalantzarik gabe, ate itxiak irekitzen bezain trebea zen giltzarik gabeko autoak abian jartzen. Kontuak kontu, ez nion ezer leporatu handik alde egiteagatik.